K Kutxabankeko markaren simboloa

Aurkezpena


Finantza-taldeak Urteko Jasangarritasun Txosten hau jartzen du gizartearen eskura, Global Reporting Initiativeren nazioarteko estandarren arabera idatzia, G4 bertsioa. Komunikazioan zorroztasuna eta gardentasuna bultzatu dituen lehen erakunde aitzindarietako bat da hori.

G4 gida honetan dagoen aldaketa nagusia materialtasun printzipioari ematen zaion garrantzia da, izan ere, aurreko ekitaldietan argitaratutako txostenen aldean, funtsezko elementuetako bat da oraingo honetan. Materialtasunari buruzko azterketa hori egitean, interes-taldeekin elkarrizketa prozesua garatzea lortu du Kutxabankek. Haiei 31.500 galdetegi baino gehiago bidali zaizkie posta elektronikoz. Hortaz, Bankuaren ingurune sozialak berak identifikatu ditu, haien iritziz, izaera honetako txosten batek bildu beharko lituzkeen gai nagusiak.

Halaber, jakin badakigu azterketa sakon eta zabal honi esker, irizpide ezberdinak (ingurumenekoak, sozialak eta gobernantzakoak) biltzen dituena, Kutxabankek interes-taldeekin (barrukoak zein kanpokoak) duen harremana ahalbidetzea eta sendotzea lortu dela.

Izatez, 2015ean Banku-ikuskaritzarako Mekanismo Bakarra aplikatu da, finantza-erakunde nagusientzat gero eta zorrotzagoa den arauzko markoarekin, baita ikuspegi deontologiko eta etikotik ere, Europako biztanleek finantza-sisteman duten konfiantza mantentze aldera.

Testuinguru horretan, Erakunde Gobernuari dagokionez, bere antolakuntza-egitura praktika onenetara egokitu du Kutxabankek, eta ikuskatzaileak emandako gomendioa aintzat hartu du: Bankuaren barruan eskumenak ordena batekin banatzea, kontseilari delegatu bat izendatuz eta Zuzendaritza Batzorde berria eratuz.

Horrez gain, ikuskatzaileen eskakizunak ere emaitza bikainekin bete ditu Kutxabankek, eta Europako Banku Agintaritzak gure erakundearen negozio-eredu eta kokapen sendoak aintzatetsi ditu berriz ere Gardentasun Ariketaren bidez. Horren arabera, Espainian, kaudimenari dagokionez, sektoreko lehen lekuan dago gure finantza-taldea.

Ekonomia modu orokorrean hobetu eta kontsumitzaileen konfiantza ere apurka-apurka berreskuratu izanari esker, partikularrei eta familiei edota enpresa txiki eta ertainei zuzendutako finantzaketa dinamizatu egin da. Bankuaren marjina errepikaria nabarmen suspertu izanari esker, Kutxabank Taldeak 218,8 milioi euroko mozkin garbia lortu du, 2014an baino %45,5 gehiago. Emaitza abantailatsu horri esker %50ean areagotu du dibidendu soziala, guztira 109,4 milioi euro lortuz. Tamainaren arabera, sistema osoan dagoen dibidendu sozialik altuena da hori; eta termino absolutuetan ere altuenetako bat. Kutxabankek akziodun diren banku fundazioen Gizarte Ekintzarekin duen konpromisoa islatzen du.

Kutxabankek etengabeko berrikuntza mantentzeko erronkari ere heldu dio, eskaintzen dituen zerbitzuen artean aukera teknologiko berriak gehituz. Haien bidez, bezeroek erraztasun eta erosotasun osoz egin ditzakete eragiketak, erosoen iruditzen zaion kanala eta gailua erabiliz, eta berak nahi duen unean.

Berrikuntza sozialari dagokionez, Kutxabank izan da Estatuko lehen erakundea bonu sozialki arduratsuak jaulkitzen, baliabide ekonomiko gutxi dituztenei zuzenduak, etxebizitza publikoak erosteko, alokatzeko eta sustatzeko maileguei lotutakoak. Azpimarratzekoa da jaulkipenak arrakasta handia izan zuela, 1000 milioi euro jarri baitziren, oso azkar, inbertsio instituzionaletan.

Bezero ahulenekin duen konpromisoari jarraiki, batez ere hipoteka-maileguei aurre egin ezin dioten horiekin, Taldeak betidanik izan duen malgutasuna mantentzen du oraindik ere maileguen baldintzak negoziatzeko orduan. Halaber, Etxebizitzen Gizarte Fondoarekin duen lankidetza-hitzarmena berritu du, eta Mediación y Colaboración izeneko erakundearekin ere modu aktiboan aritu da lanean, bitartekaritza- eta adiskidetze-zerbitzuetan espezializatuta dagoena, higiezinen arloan egon litezkeen arazoak eta desadostasunak konpontzeko.

Hezkuntzaren arloan, Kutxabankek programa berritzailea martxan jartzeko lan egin du 2015. urtean zehar, ‘Bizitzarako Finantzak’ (Finanzas para la Vida) izenekoa. Derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasleei dago zuzenduta programa hori. Haren helburua zera da: 13 eta 15 urte arteko ikasleek zenbait ezagutza eta gaitasun lor ditzatela finantzen inguruan, helduagoak direnean ezinbestekoak izango zaizkienak. Programaren lehen edizioa aurtengo urtarrilean abiarazi zen. Harrera bikaina izan du orain arte, eta guztira ikastetxe publikoetan eta itunpeko zentroetan matrikulatuta dauden 1.700 neska-mutilek parte hartuko dutela aurreikusi da.

Kutxabanken parte-hartzea ingurumen-jarraitasunean eta erakundearen solidaritatea agerian geratu dira urtean zehar egin diren boluntariotza korporatiboko jardunaldi ugarietan. Alboan Fundazioarekin batera, Bankuko zenbait langilek telefono mugikorrak biltzeko kanpaina solidarioan parte hartu dute. Telefonoak birziklatu egiten dira eta lortutako irabaziak proiektu solidarioetara bideratzen dira. Baso autoktonoak babesteko eta basoberritzeko jardunaldiak ere antolatu dituzte, eta horietan aktiboki parte hartu dute. CO2 emisioak konpentsatu eta karbono aztarna murrizte aldera, finantza-erakundeak Basoberritzeko Planarekin aurrera egin du, bai espezie autoktonoei bai egur-espezieei dagokienez. Gaur egun, 1.001,33 hektarea baso kudeatzen ditu Kutxabankek.

2016. urtera begira, Kutxabankek negozio errepikaria areagotzeko eta emaitzen kontuaren kalitatea hobetzeko helburuari heltzen dio. Horretarako, zenbait bide jaso ditu Negozioaren Garapenari buruzko Planean (PDN). Kudeaketa plan horretan, erakundearen kokapen lehiakorra 4 urteko mugarekin hobetzen lagun dezaketen palankak identifikatzen dira.

‘Ibilbide-orri’ horrek bankuen negozioan jartzen du arreta bereziki, hau da, merkatu-kuota altua duten tokiko retail frankizien ustiapenean eta negozio-eredu zehatza mantentzean: arrisku-maila baxua, finantza sendotasuna eta kreditu-kalitate altua duena. Eta horretan egingo ditugu ahaleginak.

Gregorio Villalabeitia
Kutxabankeko presidentea