Gira tu dispositivo a modo "landscape"
Iragankorra ehuntzen: testurak, errepikapena, geometria, zirkulartasuna erakusketak María Cueto artistaren jardunak lau hamarralditan barrena (1989-2023) izan duen bilakaera aurkezten du, ardatz harturik ehunari eta zuntz-arteari buruz egindako ikerketatik eratorritako zenbait kontzeptu eta baliabide estetiko.
Ibilbide horretan, ehunaren materialtasuneranzko hurbilketaren berri ematen duten askotariko keinuak ikus daitezke: ehun baten egitura film fotosentibera baten gainean ateratzean azaleratutako arrastoak, zenbait landare-zuntz elkarri korapilatuz sortutako ezin konta ahala forma, eskala txiki eta ertaineko ehunetan ikertuak, bai eta horiek eskulturara aldatzea ere, espazio batean zeinetan sortzen baita hizkuntza poetiko biziki aberatsa, auzi fenomenologikoekin, politikoekin eta iruditeria berriak sortzeari buruzkoekin konprometitua.
María Cuetok zuntzekin eta ehunekin egindako lan saiatua eta haiekiko hartutako konpromisoa ehungintzak gaur egungo testuinguru artistikoan duen garrantziaren erakusgarri dira, baita ehungintzaren baliabidea beste hizkuntza artistiko garaikide batzuen eraginez ezkutuan gelditu zenean ere. Orain eta beti mezu berriez gainezka itzultzen diren formen zirkulartasuna sustatzen dute haren ahaleginak, iraunkortasunak eta aberastasun semantikoak.