K Kutxabankeko markaren simboloa

Aurkezpena

2016koa ez-ohiko ekitaldia eta ezustekoena izan da. Ekonomia handien bilakaera, Txinakoa esaterako, merkatuaren ‘status quo’-aren aldaketak edo banku zentral nagusien politika monetarioek protagonismoa galdu dute, atentzioa bildu duten eta nolabaiteko lurrikara politikoa eta ekonomikoa eragin duten bi gertakariren aurrean: Brexit-a eta Donald Trump-en garaipena Estatu Batuetan.

Gertakari bi horiek etorkizun hurbilean izango duten benetako eraginari buruzko usteen artean, Espainiako ekonomiak haztea lortu du hirugarren urtez jarraian, BPGren % 3,2ko igoera izan baitu, barne eskaeraren berreskuratze nabarmena eta erritmo hobea enplegu sorkuntzan, nahiz eta oraindik tenporaltasun-tasa oso altua den.

Euskadiko ekonomiak ere antzeko igoera izan du, % 3,1ekoa, BPGren portaera homogeneoari esker, industriaren eta zerbitzuen igoerak bultzatuta, baita barne-eskaeraren bilakaera positiboak ere bultzatuta. Lan-merkatuak Euskadiko aurreikuspenak gainditu ditu, berriz ere, eta Estatuko langabezia-tasa baxuenetako bat duela amaitu du urtea.

2016an ere, urte oso konplexua bizi izan dugu banku-negozio arloan, batez ere, ekitaldi ia osoan burtsa-kotizazioen bilakaera txarra izan delako eta interes-tasek negatiboari eutsi diotelako.

Berez gogorrak diren zailtasun horiei, bertako nahiz nazioarteko arlo politikoko eta ekonomikoko ziurgabetasunak batu zaizkie. Hori guztia, agenda gainbegirale oso zorrotzarekin eta kalterako izan den inguru arautzaile eta ziurgabetasun juridikoarekin batera.

Testuinguru horretan emaitza oso onaz gainditu ditu Kutxabankek, berriz ere, Europako Banku Aginteak egin dituen kaudimen eta erresistentzia probak, beraz, orain ere, buruan doa kaudimenari dagokionez.

Egoera horren ondorio positibo nagusienetako bat honakoa da, Kutxabankek eutsi ahal izan diola, berriz ere, egungo dibidendu-politikari, azken bi ekitaldietan urteko mozkin garbiaren % 50ean finkatua, hau da, 230 milioi euro baino gehiago, Estatuko gizarte dibidendurik altuena, erakundearen tamainaren arabera.

Kopurua garrantzitsua da, eta horri esker akziodunak diren Banku Fundazioek, euren Gizarte Ekintzak egonkortasunez eta konfiantzaz kudeatzen jarraitu ahal izango dute.

Gizarte osoaren eskura jarriko dugun txosten ekonomiko honetan zehatz-mehatz aztertu da Kutxabankek 2016an garatutako jarduna. Laburbilduz, 244,2 milioi euroko mozkin bateratua lortu du Taldeak, aurreko ekitaldian lortutako emaitzaren % 11,6 gehiago.

Amaierako emaitzaren hobekuntza merkataritza jarduera gorakorrean eta sendoan oinarritu da, batez ere, hipoteken negozioan eta ETE-etarako finantzaketan, marjinen kudeaketa onean, aseguruen negozioaren ekarpen handiagoan eta kudeatutako fondo eta pentsio-planen bolumenaren igoeran, baita arriskuarekin lotutako aldagaien hobekuntza politikan. Bultzatzaile horiei higiezinen merkatuaren bilakaera hobea eta kredituaren eskaera kaudimendunaren igoera metatu zaizkie, inbertsio-zorroaren balioan jartzeagatiko ekarpenarekin batera, azken horiek aipatutako inguru kaltegarria partzialki konpentsatzea ahalbidetu baitute.

Urtea bereziki aktiboa izan da Bankurako teknologia berrien arloan. Zerbitzuaren kalitatea eta adiskidetasunerako joera hobetzeko apustu estrategikoarekin lerrokatuta, gure agenda digitalaren mugarriak betetzen ari gara, eta horrek digitalizazio lehiakorrerako igarobide euskorra ahalbidetzen digu, teknologian inbertituz eta talentua gehituz, baina banka egiteko gure moduaren funtsa galdu barik.

Gure iritziz, Kutxabanken ADNa estimatzen den balio bereizgarria da eta izango da, baita mundu gero eta digitalizatuagoan ere. Atentzio pertsonalizatua, familiei eta ETE-ei ematen zaien laguntza, enpresei eta erakundeei ematen zaien zerbitzua, gure jarduera ulertzeko dugun era baitira.

Jakin badakigu Kutxabank zer den gure interes-taldeetarako, beraz, bankuko taldeek lana ondo betetzen ahalegintzen jarraituko dugu, gure bezeroen eta gure inguru osoaren konfiantza sendotzeko, balioa sortu eta gure jasangarritasuna bermatzeko helburuari jarraiki, baita egoera zailenetan ere.

Gregorio Villalabeitia
Kutxabanken presidentea