Aurkezpena

2020koa gogoan dugun ekitaldirik zailenetakoa izan da. Aurretik genituen zalantzak areagotu egin dira inoiz ezagutu gabeko dimentsioa hartu duen, pertsona askoren heriotza eragin duen eta munduko ekonomia gogor astindu duen osasun-krisi baten eraginez.

Aurrekaririk gabeko BPGaren erortzea, langabeziaren hazkundea, finantza-merkatuen hegakortasun maila altua, interes-tasen kurbaren erorketa handia, gobernuen eta banku zentralen neurriek izandako eragina; faktore horiek guztiek proban jarri dute finantza-sektorearen erresistentzia.

Txertaketaren erritmoak ekonomian nolabaiteko baikortasuna hauspotuko duen esperoan, aurreikuspenen arabera, hazkundea positiboa −baina geldoa− izango da 2021ean, baina zaila izango da lanpostuetan izango den galera berreskuratzea.

Pandemian zehar, gizartearentzako funtsezko zerbitzu gisa Kutxabankek duen ardurari erantzutea izan da finantza-erakundearen egitekoa. Hala, finantza-zerbitzuen eskaintzari eusten saiatu gara, gure prozesuak eta zerbitzu-gaitasunak azkar egokituz. Alde horretatik, gogora ekarri behar da banketxeak 4.175 milioi eurotik gora bideratu dituela familia eta enpresen errekuperaziorako pizgarri ekonomikoetan.

Interes-tasa negatiboek banketxeen negozioa baldintzatu arren −kontuan izan behar da oztopo ikaragarria dela hori finantza-sektorearentzat−, Kutxabankek jarduera-maila handiari eutsi dio bezeroekin dituen negozioetan, eta, izandako bilakaera konparatiboaren arabera, banketxeak merkatu-kuota irabazi du zenbait produktu garrantzitsutan.

Kutxabanken negozio-ereduaren sendotasunaren isla da bere banku-sarreren egonkortasuna: 1.076,9 milioiko sarrerak izan ditu; 2019an lortutako emaitzen ildo beretik. Azpimarratu behar da emaitza horien % 50 inguru interes-tasekiko mendekotasunik ez duten sarrera dibertsifikatuetatik datozela.

“Zalantzagarritasunaren” igoerak arrisku-kostuaren mailan ere hazkundea eragingo duelakoan, Kutxabankek ahalik eta zuhurtziarik handiena mantentzea erabaki du estaldurak emateko orduan. Hain zuzen, 457 milioi euro bideratu ditu horretarako, 2019ko epealdi berean baino 325 milioi euro gehiago. Kopuru horretatik, 111 milioi kapitaletik kendu ditu, ikuskatzaileen gomendio berriei jarraiki.

Horniduren politikaren ondorioz, irabazi garbia 180,3 milioi eurokoa izan da; aurreko urtean baino % 48,8 gutxiago. Emaitza zentzuduna eta sendoa da; banketxeak egindako lanaren egokitasuna eta merkatuan duen posizio erlatiboaren hobekuntza adierazten duena. Horrez gainera, are gehiago indartzen du Kutxabanken egoera sendoa.

Taldea sektoreko lehena da errentagarritasun arloan; sektoreko berankortasun-indizerik baxuenetakoa du, arrisku-profil baxua eta posizio indartsua kaudimen eta likidezia aldetik. Adierazle horiek guztiek hazten jarraitu dute, eta aintzatespen berriak jaso ditu agintarien eta merkatuaren aldetik. Europako Banku Agintaritzaren Gardentasun Ariketaren ostean, kaudimenaren ikuspegitik, Espainiako finantza-sektorean lehena da Kutxabank, seigarren urtez jarraian. Horrez gainera, Espainiako merkatuan kapital-errekerimendu txikiena eta MREL errekerimendu txikiena duen erakundea da.

Hala eta guztiz ere, gure akziodunen artean ezin izan dugu banatu nahiko genukeen dibidendua. Hori izan da ekitaldiko alderdirik negatiboena. Ikusiko dugu, 2021eko irailetik aurrera, Europako Banku Zentralak murrizketak bertan behera uzten dituen eta hiru Banku Fundazioek emaitza eskura dezaketen, kontuan izanda eskubide osoa dutela horretarako, Taldeari ematen dioten egonkortasun handia kontuan hartuta.

Kutxabanken kapital-egitura hiru Banku Fundaziok osatzen dute. Epe luzeko akziodunak dira hirurak, eta banketxearen jasangarritasuna dute lehentasun nagusi. Horrek egonkortasun handia ematen dio. 2019ko ekitaldira arte, % 50eko “payout”a mantendu du Kutxabankek; Espainiako bankaren mailarik altuenetakoa. Pandemiaren ondorioz Europako Banku Zentralak Kutxabanken dibidenduen banaketari jarritako murrizketek eragina izan dute erakunde horiek egiten duten lan sozialean; izan ere, lan horretara bideratzen dute jasotako dibidenduaren zati handiena. Espero dugu egoera bere onera etortzen den neurrian, 2021eko irailetik aurrera, bertan behera geratuko direla murrizketak eta gure hiru akziodunek dibidendu nahikoa eskuratu ahal izango dutela, ohiko mailak berreskuratu ahal izateko.

Kutxabank etengabeko hobekuntza-prozesu batean dago murgilduta, errentagarritasun handiagoa emango duten negozio-nitxo berriak bilatuz eta eraginkortasunean aurrerapausoak egiteko eraldaketa-kostuak murriztuz. Digitalizazioak hazkunde azkar bezain orokorra izan du 2020an, eta arlo horretan, aukera berriak ireki dira pertsonalizazio-prozesua, zerbitzuaren kalitatea eta gure bezeroen esperientzia hobetzen joateko.

Aurrean izango dugun beste erronketako bat ingurumenaren ikuspegitik jasangarria izango den eredu bat lortzea izango da. Esan gabe doa horretan konpromiso irmoa duela Kutxabankek. Hala, paper garrantzitsua jokatu nahi dugu deskarbonizazio-prozesua azkartzen lagunduko duten jarduerak finantziatzeko orduan.

Finean, zailtasunak zailtasun, trakzio-gaitasun handia duen trantsizio ekonomiko baten erdian gaude, eta gai izan behar dugu horri etekina ateratzeko. Zalantzarik gabe, Kutxabank prest egongo da beti aurrerapauso bat eman, eta eraldaketa horretan laguntzeko.

  Gregorio Villalabeitia
Kutxabanken presidentea