Aurkezpena


Kutxabankek Giza Eskubideekin, Lan-eskubideekin, Ingurumenaren Babesarekin eta Ustelkeriaren aurkako borrokarekin dituen konpromisoak gauzatzen jarraitu du, Nazio Batuen Mundu Ituneko 10 Printzipioen markoan bere gain hartuak. Urteko memoria honek, Global Reporting Iniciative-en GRI STANDARDS gidaren erreferentziarekin eginak, Kutxabank Taldeko interes-taldeen informazio-beharrei erantzuteko eta jakinarazpenen araudiko baldintzak betearazteko helburua dauka, informazio ez finantzarioari dagokionez.

2020an ustekabeko ekonomia- eta gizarte-egoera aztoratu batean murgildu gara, eta pandemiak utzitako arrastoak mundu-mailako ondorioak eragin ditu.

Gizarte honen ohiko garapenerako funtsezko sektore bat izatea, osasun-munduko, elikadurako, farmazietako, garraioko eta segurtasuneko –besteak beste– langileekin batera, harro egoteko arrazoia, erantzukizuna eta konpromisoa izan da bankuarentzat.

Erronka honi aurre egiteko, bezeroen eta langileen segurtasuna bermatzera zuzendutako ahaleginak egin behar izan ditugu, eta horretarako, gure eginkizunak digitalizazioan eta urrutiko kudeaketa-ereduetan oinarrituta antolatu ditugu.

Digitalizazioak 2020. urtean izan duen hazkuntza azkarrak Kutxabanki bere pertsonalizazio-prozesuetan aurrera egiten jarraitzeko aukera eman dio, hala nola: bezeroaren eta kudeatzailearen arteko urrutiko harremana sendotu ahal izan du, zerbitzua eta bezeroaren esperientzia hobetu ahal izan ditu eta kontsumitzaileek tradizionalki erabili dituzten erosketa eta ordainketa-ohitura batzuk eraldatu ditu.

Pandemiak lan zorrotza eskatu digu gizarteari dagokionean. Krisiaren ondorio ekonomikoak arintzera bideratutako hogei bat neurri espezifiko aplikatu ditugu, jarduten dugun pertsona, familia eta enpresekiko konpromisoaren erakusgai.

Horren froga da, aldi honetan zehar, Erakundeak 4.175 milioi euro eman dituela familia eta enpresentzako finantza-laguntza gisa, adibidez, euren ohiko etxebizitzaren hipotekaren ordainketak luzatzeko aukera emanez, langabeziaren edo pentsioen prestazioak aurreratuz, edo krisiak gehien eragindako enpresei likidezia eskainiz, besteak beste.

Pandemiak enpresa-estrategia batzuk birdefinitzeko prozesua ere azkartu du eta ingurumenaren jasangarritasuna erronka handitzat ezarri du. Ingurumena gehiago errespetatzen duen eredu bat lortzea da Europako hurrengo programazio-aldiko erronka nagusietako bat, eta horren inguruan arituko dira enpresa-egituraren ahaleginak, erreskate-funtsen banaketaren oinarriak finkatuz.

Kutxabanken aspaldidanik uste dugu finantza-sektoreak paper garrantzitsu bat izan beharko lukeela energia-trantsizioari dagokionez, finantzaketa-fluxuak deskarbonizazio prozesua azkartzen lagunduko duten jardueretara zuzenduz.

2020. urtean, guztira, 1.718 milioi euro zuzendu ditugu hainbat proiektu jasangarritara, zeintzuek energia berriztagarrien ekimenak burutzen dituzten eta karbono-isuri baxuko ekonomia baterako trantsizio baten aldeko apustua egiten duten.

Hipoteka-maileguen eta kontsumo-mailegu "berdeen" lerro bat ere badaukagu, energiaren kontsumo efizienteago bat bultzatzen dutenak. Produktu horiek lortu duten onarpenaren isla da, Kutxabanken 2020an osatutako 4 hipotekatik 1 "berdea" izatea, A edo B energia-ziurtagiriak dituzten higiezinetarako finantzaketa-baldintza bereziekin.

Hori guztia eredua praktikan jarriz. 2019. urtean dagoeneko erakunde erabat neutroa baldin baginen, isuriei dagokienez, 2020an, Kuxabankek ia 12.000 tonako "karbono-aztarna negatiboa" lortu du. Hau da, Bankuak kudeatzen duen baso-masak –guztira, 971 hektarea– erraz xurgatzen ditu bere jarduera zuzenak eragindako karbono dioxidoaren isuriak.

2020ko urtarrilaren 1az geroztik, Kutxabank taldeko 900 sukurtsal baino gehiago eta lantoki guztiak instalazio fotovoltaiko batetik ateratako argindar berdeaz hornitzen dira. Horrek isuriei dagokienez egindako aurrerapenean ere lagundu du, izan ere, karbono dioxidoaren 6 mila tona baino gehiago sortzea ekiditen du.

Horrek guztiak ekonomia-eredu berri baterako trantsizio-aroan gaudela adierazten du, non Europako itun berdea jarraitu beharreko bide-orrietako bat den. Bertan, "Next Generation" erreskate-planak komunitatearen estrategiaren ardatzekin bat egiten duten proiektu publiko eta pribatuak gauzatzea ahalbidetuko du.

Kutxabanken aurrerapen-ardatz horiekin konprometituta gaude. Duela gutxi, Klima-aldaketaren Proiektuak Kudeatzeko Bulego bat sortu dugu, Jasangarritasun Zuzendaritzaren menpe dago eta ingurumenaren arloko eskakizun berriak betetzeko beharrezko garapenak indartuko dituen zeharkako talde batez osatuta dago.

Probetxua atera beharko geniokeen aukera bat da, publikoa eta pribatuaren arteko lankidetzatik. Guri dagokigunez, jarduteko prest gaude.

Gregorio Villalabeitia
Kutxabankeko zuzendaria