K Kutxabankeko markaren simboloa

Aurkezpena

Joan den urtea, 2012ko ekitaldia, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki kutxen historian oso nabarmena izan da. Kutxabanken bateratu ostean, urtarrilaren 1ean jaio zen tokian-tokiko merkatuetan lider den banka Taldea, 1.200 bulego baino gehiagorekin, 69.400 milioi euroko balioa duten aktiboekin eta 4.978 milioi inguruko ondare garbiarekin.

Lehen urte honetan, non krisia eta finantza-alorrari eragiten dioten araudi aldaketak etengabeak izan baitziren, Kutxabankek sistema osoko kaudimen-maila onena duen erakundea izaten jarraitu ahal izan du, eta kapitalizatuenetakoa ere bada. Aipagarria da, egin dizkiguten araudi eskakizun denak gainditu ditugu, inolako laguntza publikorik gabe, kapitala biltzeko eragiketarik gabe eta tresna hibridorik erabili gabe.

Eskaria nabarmen uzkurtu den krisi-egoera honetan, benetan urte zaila izango zela aurreikusten zuten iragarpen ilunenak baieztatu egin ditu espainiar ekonomiak. 2012. urtea BPGean %1,4 jaitsierarekin amaitu da, eta gainbehera honen eragin sozial mikatzenak langabezian sumatu dira, %25era iritsi baita langabeen kopurua.

Euskal ekonomiari dagokionez, urtea %1,4ko murrizketarekin amaitu da, nahiz eta aipatzekoa den EAEn dugun langabezia maila Estatuan baino 10 puntu txikiagoa den. Hala ere, gure lehengaiak esportatzen ditugun herrietan nabari den atzeraldi ekonomikoa aintzat izanik, 2013. urtea gure industriarentzat benetan zaila izango dela pentsa liteke.  

Tentsio handiko testuinguru ekonomiko eta finantzario honetan, Kutxabank taldeak emaitza positiboa lortu du 2012. urtean, eta halako askorik ez da gertatu finantza-sisteman. Kutxabank taldearen emaitza garbi kontsolidatua 84,6 milioi eurora iritsi da, arrisku orokorrak eta aktiboen narriadurak hornitzeko ekarpenetara 585 milioi euro bideratu eta gero. Emaitzen balantzeari 4,8 milioi euroko ekarri positiboa egin dio CajaSur-ek, iazko ekitaldian baino %69 gehiago. 

Kapitalizazioaren eta horniduren esparruetan egin dizkiguten eskakizun handiek, interes tipoak inoiz baino beherago eta mugigaitz egoteak, negozio marjinen murrizketak eta jarduera ekonomikoa goitik behera jausi izanak azaltzen dute Taldearen emaitzak %65 txikitu izana. Nola nahi ere, gure tamainaren arabera gizarte-inbertsio handiena egiten duen erakundea izaten jarraitzen dugu.

Gogora ekarri nahi dut azken bi ekitaldietan bakarrik, 1.068 milioi euro bideratu ditugula maileguen estaldura eta osasuntze-eskakizunetara. Zuhurtzia irizpide goren honi esker, irailean Estatuko banku handienen artean kaudimen maila onena duen erakundea gu garela onetsi zuen Olyver Wyman etxeak, testuinguru zailena proposatzen zuten estres frogen haritik.

Zuhurtzia hau ulertzeko, nahi eta nahi ez, erakundeak ondareari dagokionez egoera sendoan jarraitzeko duen lehentasuna aintzat hartu behar da. Aldaketei aurre egiteko gaitasuna izatea da gure estrategiaren oinarria, hau da, gure etorkizunari buruz erabakitzeko ahalmena izan nahi dugu. Horrek lotura zuzen-zuzena du kaudimen eskakizunekin eta, honenbestez, errentagarritasunarekin.  

Jarduera komertzialaren arloan, Kutxabankek erronka nagusi bat zuen 2012. urteari begira: estrategiak, produktuen bilduma, talde-banaketa irizpideak eta bezeroei eskaintzen dizkiogun abantailak, guztiak bateratzea, talde osoan berdinak izan zitezen. Horretarako, Taldea osatzen duten erakunde guztien jarduera onenak aukeratu dira, guztion lehentasuna den arreta pertsonalizatua lehenetsi eta bezeroen beharretara egokitutako produktu eta zerbitzu sorta eskaintzeko.

Prozesu hau arrakastaz burutu ahal izan da. Horren ondorengo urratsa, sare komertzial eta sistema operatibo guztiak bateratzea izan da. Hau ere oraindik orain burutu da, bateratze informatikoarekin.

Partaidetza industrialei dagokienez, kutxek bat egin ondoren sortu zen zorroa arrazionalizatu eta antolatu dugu. Horrela, Euskaltelen eta beste zenbait konpainiatan genituen partaidetzei dimentsio berria eman diegu. Kontabilitate arazoez gain, ezinbestekoa da partaidetza zorro baten jabe izateak dakartzan kalteak samurtzea, Basilea III izeneko araudiak oztopo eta muga ugari ezartzen baitigu.  Inbertsio nabarmena ere egin dugu Bilbao Gas Hub sustapen sozietatean. Apustu estrategiko hau BBK eta Energiaren Euskal Erakundearen ekimena da. Bilbon izango du egoitza nagusia eta gasaren arloan jarduera-gune garrantzitsua sortzeko helburua du, Euskal Autonomia Erkidegoari era honetako jardueren mapan toki nabarmena eman asmoz.

Zailtasunez beteriko ekitaldia dauka aurrez aurre Kutxabankek, 2013. urtea, bai atzeraldiarengatik nola araudiek sortzen duten segurtasun ezarengatik. Ezjakintasun egoera honetan, kudeaketa profesional eta zuhurrarekin jarraitzea besterik ez zaigu gelditzen, beharrezkoak diren hornidurak egitean, batik bat. 

Testuinguru honetan, errentagarritasunean eta kaudimenean lehen postuetan jarraitzeko ezinbestekoak diren erabakiak hartzea dagokigu, hau baita bermea gure etorkizunari buruz erabakitzeko gaitasuna izan dezagun. Horretara bideratuko ditugu gure esfortzuak, eta ez dugu zalantzarik izango beharrezkoak diren erabaki egokiak hartzerakoan.