K Kutxabankeko markaren simboloa

Aurkezpena

Errekuperazio motela eta gorabeheratsua ezaugarri duen inguru global honetan, kontrako testuinguruari aurre egin behar izan dio Kutxabankek 2013an, barneko eskaeraren erorketa gogorrak ekonomia oztopatu baitu. Izan ere, Espainiako Barne Produktu Gordina %1,2 erori da, Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen beherakada bera.

Ekitaldiaren amaieran, zenbait adierazlek nolabaiteko baikortasuna iragarri zezaketen arren, lan-merkatuak, orain arte Estatuan inoiz izan duen langabezia maila handiena izan du, %26tik gertu. 2013an enpresen desegite erritmoa handia izan dela erakusten dute Espainian aitortu diren 9.700 konkurtso-prozesuek.

Finantza-sektorearen erreskatea eta zenbait finantza-erakunderen nazionalizazioa gertatu ostean, bidezkoa da Kutxabankek 2013an zailtasunetan zegoen bankari laguntzeko egin duen gain-ahalegin handia azpimarratzea. Hori egin aurretik, gainera, jarraian etorri diren Errege Dekretuek, "Guindos 1" eta "Guindos 2" famatuek, finkatutako araudi exijente guzti-guztiak bete ditu Kutxabankek.

Zenbait erakunderi benetako mesedea egin die aktibo narriatuenak -adreilua eta honi lotutako kredituenak- Sarebera bideratu izanak. Kutxabankentzat, aitzitik, Sareb edo "banku txarra" deritzona eratzea, argi eta garbi, kostu gehigarria izan da. Gauza bera esan daiteke, banku nazionalizatuen preferenteei likidezia ematea helburu duen Gordailuen Berme Fondora egin behar izan duen ezohiko ekarpenari buruz ere.

Ulertzeko moduan esanda: sektorearen berregituratzearen ondorio negatiboenak jasatea baino ez zaigu egokitu, nahiz eta kaudimenean lidergo kokapena duen Taldea garen, negozioaren kudeaketa egokia eta zuhurra egin dugun eta tresna hibridorik inoiz jaulki ez dugun arren.

Horregatik, 2013an Kutxabankek lortutako emaitza bereziki nabarmena da, finantza-marjinen gaineko presio handiko testuinguruan gertatu baita, eta ahalegin garrantzitsuak egin arren, presio hori zuzkiduran eta aktiboen saneamenduan ere nabaritu da.

Kutxabankek 108,3 milioi euroko irabazi garbi bateratua izan du 2013aren itxieran, 2012an baino %28,1 gehiago. CajaSur Banco erakundeak 6,5 milioi euroko ekarpen positiboa egin dio emaitzen kontu honi. Emaitza horiek banku-negoziotik lortu dira, huts-hutsean, inolako laguntza publikorik gabe, kapital gehikuntza barik, edo mendekoen jaulkipenik gabe eta "carry trade" deritzonaren ekarpen minimoaz.

Estatuan, banku-negozioetan, azken urteetan, emaitza positiboak lortu dituen erakunde gutxienetariko bat Kutxabank dela azpimarratu nahi dut, eta horrek, bere akziodunak diren hiru erakundeek, BBK-k, Kutxak eta Vitalek, kudeatzen dituzten Gizarte Ekintzetarako zuzkidurak egiten jarraitzea ahalbidetu dio.

Gainera, "Basilea III" izenaz ezagutzen den araudi europarra indarrean sartzen denean, horri atxikita etorriko diren kapital eskakizun berriei bermez aurre egiteko prestatu da Taldea 2013an, baita 2014aren amaierarako aurreikusi diren hurrengo banku-estres testei aurre egiteko ere.

Eskakizun berri horiek Kutxabanken banku-jardueraren sendotasuna, kapitala sortzeko duen ahalmena eta zuhurtzia eta aurreikuspen maximoaren politika, berriz ere, kudeaketaren eragile erabakigarriak izan direla erakutsi dute.

Erakundeak kaudimen mailak sendotzen jarraitu du, banku-negozioaren bidez sortuak, eta ez beste inondik, sistemaren buruan kokatu arte. %12ko Core Tier I duela itxi du urtea eta %12,4ko orotarako Kaudimenaz. Gainera, Basilea IIIk 2019ko amaierarako finkatzen dituen kapital exijentzia gogorrak (fully loaded) gainditzen ditu dagoeneko, %10,8rekin, eta bere Palankatze Ratioa sektoreko buruan kokatzen da, %7,0koa baita, minimo galdagarriaren bikoitza baino gehiago (%3).

Kapitalizazio maila on hauei horniduren sendotze arloan ahalegin berria metatu zaie, 2013an 471 milioi euro bideratu baitira zuzkiduretarako eta aktiboen saneamendurako. Hori guztiori, zuzkidura arloko araudi guztiak gainditu ostean, eta mailegu birfinantzatuei buruzko irizpide berrien eraginaren estaldura osorik aurreratu eta gero.

Merkataritza jarduerari dagokionez, 2013an BBK, Kutxa eta Vital Kutxako sareen eta sistema informatikoen integrazio operatiboa plataforma bakar batean bateratu da, eta horrek, tresnak nahiz merkataritza politikak partekatzea ahalbidetzen dio Taldeari. Horrela, Kutxabanken erabiltzaile guzti-guztiak merkataritza-abantaila komunez baliatzen dira, baita eskura dauden produktu eta zerbitzu sorta zabalago batez ere.

Banka mugikor berria abiatu denetik, gure bezeroek banku kudeaketa ohikoenak egiteko dituzten erraztasunak nabarmen hobetu dira, partikularrak zein enpresak izan, eta hobekuntza hori online eragiketen hazkunde garrantzitsuan islatu da. Kokapen teknologiko on honetatik, gure bezeroei eskaintzen diegun arreta pertsonalizatua eta hurbila hobetzen jarraituko dugu, haien beharrizanetara egokitutako produktu eta zerbitzuen bidez.

2014ko ekitaldian, joan den urteko azken egunetan Aurrezki Kutxen eta Banku Fundazioen Legea indarrean sartu ostean, aipatutako legearen aurreikuspenen arabera egin behar diren aldaketei buruzko hausnarketa prozesua amaitu behar du Kutxabankek.

Lege horretatik eratortzen den beharrezko bilakaera erabat bateragarria da gure euskarri nagusiak mantzentzearekin: erakunde lehiakorra, kaudimen gorenekoa, bezeroengandik hurbil dagoena, bere identitate ezaugarriei eusten diena, hau da, herrian sustraitzea eta Kutxabank sortu zuten aurrezki kutxen Gizarte-ekintza garrantzitsuen finantzaketa ahalbidetuko duen emaitza lortzea.