K Kutxabankeko markaren simboloa

Aurkezpena

Hazkundea iragarritakoa baino txikiagoa izan den arren, 2014. urtean hobekuntza zantzuak izan ditu munduko ekonomiak. Atzeraldi nabarmeneko garaiaren ostean, Euro-guneko Barne Produktu Gordina berriro ere hazkundearen bidera itzuli da; ekonomia estatubatuarrak berreskurapen-joerari eutsi dio eta gorabidean diren ekonomia handiek beren bilakaera indartu egin dute. 

Itxura guztien arabera, joera honek 2015. urtean jarraitu egingo du. Nazioarteko ekonomiak izango duen jarduera handiagoak, mailegua apurka-apurka berreskuratzen joateak, EBZ-en zabalkunde politikek eta Europar Batasunaren ezohiko inbertsio planek, horrek guztiak aurreikuspen hobeak dakartza aurtengorako.

Espainiako ekonomia ere ari da bere onera itzultzen eta 2015. urterako egin diren hazkunde iragarpenak 2007. urteko hazkundearen oso antzekoak izango dira, dagoeneko. Baikortasun hau, piskanaka lan-merkatuan ere isladatzen ari da. Enplegua jadanik sortzen hasi zen 2014. urtean, nahiz eta ekitaldia %23,7ko langabe-tasa handiarekin amaitu zen. 

BPG-ren erritmoa bizitu ostean, Europaren oso antzekoak izan diren hazkunde erritmoetara heldu da euskal ekonomia 2014. urtean, hau da, %1,3ra, azken lau urteetan emaitza txikiagoak lortu eta gero. Honela, enplegu garbia sortzea lortu da. Langabeen maila %16,6koa izan da, oraindik ere oso kezkagarria, baina Estatukoaren batez bestekoa baino nabarmen txikiagoa. 

Testuinguru honetan, Kutxabank Taldeak 150,3 milioi euroko mozkin garbia izan du 2014. urtean, aurreko ekitaldian baino %38,8 gehiago, eta CajaSur erakundearen ekarpen positiboa 11,9 milioi eurokoa izan da.

Beste hainbat gertakizunen artean, adierazle makroekonomikoek izan duten bilakaera positiboaren ondorioz eta finantza-sistema askoz ere egonkorragoa izan delako, 2014 urtea inflexio puntua izan da Kutxabankentzat. Honela, gorakada nabarmena sumatu du jarduera komertzialean, maileguaren eskaria berreskuratzen hasi da eta berankortasun ratioetan ere hobekuntza nabaritu da. Azpimarratzekoa da, halaber, bilakaera positibo hau lortu dela nahiz eta sistemako maileguak desapalankatuta egon diren eta, batik bat, nahiz eta merkatuan nagusi diren interes tipoak behea jota dauden.

Hala eta guztiz ere, sistema osoan Kutxabank da azken hiru urteetan emaitza positiboak lortu dituen erakunde bakanetakoa. Horrela lortu du Gizarte-ekintzetara bideratzen dituen baliabideak handitzen jarraitzea, hori baita gure izaeraren oinarria.

Hain justu ere, BBK, Kutxa eta Vitalen Gizarte-ekintzetara 45,09 milioi euro bideratu ditu. Dibidendu hau, erakundearen tamainaren arabera banatzen den handiena, urteko irabazi garbi kontsolidatuaren %30ekoa izan da berriro, eta irabaziak banatzerakoan Europako Banku Zentralak eginiko gomendioak bete egiten ditu. Ekarpen honekin, 128 milioi eurora iritsi da dagoeneko Kutxabank sortu zenetik banatu den gizarte-dibidendua.

Gainera, Taldeak bete egin du urte osorako ezarrita zuen helburu estrategikoa, hau da, finantziazioa sustatzea bai norbanakoentzat, familientzat zein enpresa txiki eta ertainentzat. Kutxabanken mailegu hipotekarioak merkatuko erreferentzia nagusietakoa dira eta etxebizitzen salerosketa biziberritzeko apustu garbia egin dute. Mailegu pertsonalek ere sustatu egin dute familien kontsumo-maila, beti ere mailegu arduratsuaren eredu historikoan oinarrituta. Mila ETE inguru batu dira bezero berrien zorrora eta Enpresen Bankak hazkunde deigarria izan du.

Ekitaldiko mugarri nagusietakoa, zalantzarik gabe, kaudimenaren bidetik etorri zaio Kutxabanki, izan ere espainiar sistemako erakunde kaudimentsuena eta Europako hamabost nagusien artean aintzatetsi baitute estres frogek. Taldea osatzen duten pertsona guztientzat berri pozgarria izan da, baina batik bat esan daiteke bezeroentzat albiste ona izan dela.

Estres froga hauek gainditu ostean, eta arrakastarekin gaindituta, orain jomuga nagusia errentagarritasuna hobetzea izango da, ohiko banka negozioari behar duen bultzada emanda. Kaudimena oso garrantzitsua da, baina ez da nahikoa. Erregulatzaileak argi utzi du. Negozioaren jasangarritasuna eraginkortasun ratioan, errentagarritasunean eta berezko fondoetan oinarritzen da, eta alor hauetan erakundeak hobetzeko marjin argia du. Honek guztiak, beraz, esfortzu berriak eskatuko dizkigu.

Banka Talde honek etorkizunean izango dituen erronkekiko erabateko konpromisoa eta ilusioa dauzkat. Ez daukat zalantzarik, testuinguru zail eta lehiakor honetan ere Kutxabankek dagokion mailari eutsiko dio, eta gai izango da gizarte osoak erakundean ipini dituen aurreikuspen handiak betetzeko. Gure eskuetan dauden ahalegin guztiak jarriko ditugu behar honetan.

Gregorio Villalabeitia
Kutxabankeko Presidentea