K Kutxabankeko markaren simboloa

1. Aurkezpena

Ekonomia orokorrak hazkunde sinkronizatua izan du 2017. urtean eta 2018an mantendu egingo da joera hori, bai garatzeko bidean dauden ekonomiei dagokienez, bai garatuen daudenei dagokienez. Aldeko testuinguru makroekonomiko honetan, hala ere, nolabaiteko ziurgabetasuna ekartzen duten faktore geopolotikoek jarraitzen dute, hala nola Txinak bere finantza-desorekak kontrolatzeko duen gaitasunak, Estatu Batuetako gerra komertzialek, Ekialde Hurbileko tentsioak, Italiako egoera politikoak, Kataluniako tentsioek eta Brexitek.

EBZren diru-politikak ezarritako baldintzatzaileek 2017an interes-tasak negatibo mantendu ditu eta gutxieneko historikoetan.

Banku-negoziorako beti etsigarria den faktore horri, maila handiko eskaera ikuskatzailea eta erregulatorioa gehitu behar zaio. Finantza-sektorea gero eta zorrotzagoa da, eta horrek zailagoa egiten du berez estu dagoen jarduera. Alderdi positibo gisa, arau-esparru zorrotz horretara egokitzeari esker, Kutxabank gero eta banku hobea da.

Horrela onartu dute nazioarteko hiru rating-agentziek, hots, Moody’s, Standard & Poors eta Fitch agentziek. Izan ere, ekitaldian zehar gure finantza-taldearen kreditu-kalifikazioak handitu dituzte, eta sistemako onenen artean kokatu dira.

Horrez gain, Kutxabank, oinarriko kaudimen-maila handiena eta palanka-efektuko ratiorik onena duen erakundea izan da hirugarren urtez jarraian, Europako Banku Agintaritzak gardentasunari buruz argitaratu duen txostenaren arabera. EBAk aztertutako adierazle guztietan hobekuntzak izan ditu Taldeak. Horrela, finantza-sistemaren barruan duen posizio sendoa indartu egin du.

Eta urte amaieran Europako Banku Zentralak 2018rako egindako kapital-eskaerak gainditu ditugu, alde handiarekin gainera. Hori dela eta, ikuskatzaileak gure erakundearen gutxieneko kaudimen-baldintzak banaka malgutu ditu.

Egoera horretan, emaitza onarekin itxi dugu 2017ko ekitaldia. Kutxabankek 302 milioi euroko irabazi garbi kontsolidatua lortu du, 2016an baino % 23,6 gehiago, eta Cajasur-ek 15,9 milioi euroko ekarpen positiboa egin du. Halaber, Taldeak bere marjina guztiak handitzea lortu du, interesen marjina barne; baita mailegu-inbertsio produktiboa ere.

Azken emaitza hobetu egin da, besteak beste merkataritza-jarduera gero eta handiagoa eta sendoagoa delako, funtsean hipoteka-negozioan eta enpresen finantzazioan; marjinen kudeaketa ona egin delako; aseguru-negozioaren ekarpena handiagoa izan delako eta inbertsio fondoetan eta pentsio-planetan kudeatutako bolumena handitu egin delako. Bestalde, berankortasun, kaudimen, errentagarritasun eta eraginkortasun ratioak etengabe hobetzen ari dira.

Palanka horiek alde batera utzita, higiezinen merkatuak bilakaera positiboa izan du eta kredituaren eskaera kaudimenduna suspertu da. Bestalde, inbertsioen zorroaren balioa nabarmendu da.

Zuhurtzia goreneko irizpideen haritik, egin diren zuzkidurak erabakiorrak izango dira bankuaren etorkizuneko jasangarritasunean, eta arau-esparruak eginiko saneamenduetarako eskariak aise gainditzea lortzen dute.

Merkatuko diziplinari egokitu zaio Kutxabanken gobernantza, eta gaur egun duen dibidenduen politikari eutsi ahal izan dio. Azken hiru ekitaldietan urteko irabazi garbiaren % 50ekoa izan da; guztira, 382,5 milioi euro.

Etorkizunari begira, Taldea etengabeko hobekuntza-prozesu batean murgilduta dago, banaketa-eredua eguneratzen, azken batean merkataritzan bikaintasuna lortzeko helburuarekin. Erakunde honetan dagoen giza talde handiaren bultzadaz eta hobetzeko grinaz gain, merkatuko tresnarik onenak ere izan behar ditugu, teknologia arlokoak nagusiki.

Zentzu horretan, finantza-taldeak apustu estrategiko irmoa egin du bezeroaren esperientzia hobetzeko, eta horretarako, tresna digitalik modernoenak izan behar ditu. Digitalizazio lehiakorrerantz jo behar du, iraunkortasunez, teknologian inbertituz, eta hainbat arlo profesionaletako talentu gazteak kontratatuz.

Hori guztiak banka egiteko dugun moduaren funtsa galdu gabe.

Gregorio Villalabeitia
Kutxabankeko presidentea