Aurkezpena

2019an, dezelerazio zantzuek eta ziurgabetasun geopolitikoek bere horretan jarraitu dute. Hazkunde ekonomikoa berriz ere moteldu egin da AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerraren gorakadak, Brexit-ak sortutako mesfidantzak eta Alemaniako motorraren geldialdiak eraginda.

Urtea krisi berri baten eskutik amaitu da, kasu honetan osasun arloan, birus batek eraginda. COVID19ren hedapen-uhina oraindik zehazteke dago, baina desazelerazioa handituko du eta 2020rako aurreikusitako hazkundea beherantz berrikusiko du, %1,6 Espainiako ekonomiaren kasuan eta %1,9 euskal ekonomiaren kasuan.

Alderdi positiborik ere badago, burtsen portaera aldekoa izan da azken ekitaldian, nahiz eta tasen igoeraren atzerapenak ere desbideratze bat eragin duen finantza sektorearen aurreikuspenetan.

Testuinguru horretan, Kutxabanken 'performanceak' Taldearen beraren aurreikuspenak hobetu ditu, eta bere negozio-adierazle nagusiek bankuen sektoreko batez bestekoa gainditu dute 'core' produktuetan, hala nola, hipoteka berrietan, kontsumorako maileguetan, eskuordetutako zorroetan, inbertsio-fondoetan, pentsio-planetan eta BGAE-etan edo enpresei emandako finantzaketa berrian.

Indar horrek eta negozio-ereduaren sendotasunak bilakaera nabarmena eragin dute Finantza Taldearen merkatu-kuotetan, eta horrek berekin dakar konfiantza handiagoa izatea.

Kutxabank Taldeak 352,2 milioi euroko irabazi garbi bateratua duela amaitu du 2019a, aurreko urtean baino %6 gehiago.

Modu iraunkorrean lortutako emaitzaren sendotasunarekin batera, berriz ere aintzatespen-urtea izan da Finantza Taldearentzat.

Ebazpen Batzorde Bakarrak Europako arrisku-profil onena duen bankuen artean kokatu du Kutxabank. Bosgarren urtez jarraian, Bankua Espainiako bankurik kaudimendunena dela esan du Europako Banku Agintaritzak, eta bigarren urtez jarraian, Europako Banku Zentralak emandako SREP notarik baxuenari eutsi dio.

Ikuskatzaileek arrisku profilari buruz duten iritzi bikain hori berretsi egin dute inbertitzaileek, Bankuak jaulkitako errenta finkoko tituluak eskuratu ahal izan baitituzte, Espainiako finantza sistema osoaren arrisku-prima txikienetako batekin.

Kutxabank %50ean mantentzen ari da bere dibidendu politika, 176,1 milioi euro guztira. Era horretan, azken bost ekitaldietan, Kutxabankek 725 milioi euro baino gehiago banatu ditu BBK, Kutxa eta Vital banku fundazio akziodunen artean.

2019an, garapen iraunkorraren kontzeptua behin betiko txertatu da enpresen eta gobernuen plan estrategikoetan. Gai honetan Kutxabankek ibilbide aitzindaria du, ingurumen, gizarte eta gobernantza oneko kontsiderazioak biltzen dituen ereduan oinarrituta. 2019an gauzatutako aurrerapenekin batera, Kutxabank urrats garrantzitsuak ematen ari da iraunkortasuna Taldearen jarduera osoan zeharka txertatzen jarraitzeko.

Zalantzarik gabe, 2020a erronkaz beteta datorkigu banku-sektorearentzat, interes-tasen arloa etengabe negatiboan baitago. Kutxabankek lanean jarraituko du balio ekonomikoa eta soziala sortzeko duen gaitasuna erakusteko, eta gizartearen eta bezeroen beharrei erantzuteko helburuari jarraiki.

  Gregorio Villalabeitia
Kutxabanken presidentea