Erakunde Gobernua
Jasangarritasun gaien inguruan interes-taldeei eta goi-mailako organoari kontsultak egiteko prozesuak10
Kutxabanken akziodunek Erakundearen Estatutuetan eta indarrean dagoen merkataritza araudian, bereziki, Kapital Sozietateei buruzko Legean, aurreikusitako neurriak erabil ditzakete Administrazio Kontseiluari gomendioak edo oharrak jakinarazteko.
Horretarako, erakundearen organo burujabea den Akziodunen Batzar Nagusira joateko eta bertan botoa emateko duten eskubideaz baliatuta, administrazio kontseiluari aipatutako Batzordeak legean aurreikusitako gehiengoez adosten dituen gomendioen berri eman ahal diote.
Lehenago ere aipatu bezala, Batzar Nagusia Administrazio Organoaren gizarte-kudeaketa, hala badagokio, onartzeko organo eskuduna izango da, eta baita horren kideak kargutik kentzeko eta izendatzeko eskuduna ere.
Langileekin hitz egiteko baliabideei dagokienez, erakundearen intranet, presidentearekin eta kontseilari delegatuarekin egindako bilerak, lidergoa garatzeko eta zuzendaritza programak, horietan ere presidenteak eta kontseilari delegatuak hartzen dute parte, eta barne postontziak aipatu behar dira.
Bezeroekin zein gizartearekin dugun harremana aztertzeko eta haiengandik informazioa, iruzkinak, iradokizunak eta abar jasotzeko, merkatu-azterketak, kontsultak eta inkestak egiten dira noizean behin. Marketin Sailaren bitartez edo harremanetan jartzeko beste kanal batzuk erabiliz egiten dira: Bezeroen Arretarako Zerbitzuaren postontzia, negozioaren webgunearen bitartez atzitu daitekeena; jasangarritasun postontzia, erakundearen webgunearen bitartez atzitu daitekeena; eta solicitudes@kutxabank.es postontzia.
Hornitzaileen eta kidetutako enpresen iritziak Kontratazio eta Erosketen Atalaren eta Partaidetuen Sailaren bidez helarazten zaizkigu. Horietako langileak etengabe daude harremanetan. Noizean behin, beharrezkoa dela uste denean, informazioa lortzeko ekintza zehatzagoak burutzen dira. 2015. urtean egin zen halako azkena, bankuaren interes-taldeen ustetan lehentasunezkoak ziren gaiak zeintzuk ziren jakiteko, eta horiei buruzko informazioa helarazteko.
GEE sailak, bankuaren jarduketaren gainean interes-taldeek egiten dituzten iruzkin garrantzitsuenak helarazten dizkie Goi-zuzendaritzako kideei eta Administrazio Kontseiluari, horien berri izan dezaten eta, hala erabakitzen badute, egokitzat jotzen dituzten neurriak hartu edo ekintzak burutu ditzaten.
Beste alde batetik, ekonomiari, ingurumenari eta gizarteari lotutako Kutxabanken eraginak, arriskuak eta aukerak identifikatu eta kudeatzeari dagokionez, Administrazio Kontseiluak honako eskumen hauek ditu:
- Ordainsari politika eta kontseilarien ordainsariak ezartzea, Ordainsari Batzordearen proposamenari helduz (Akziodunen Batzar Nagusiari dagozkion eskumenak gorabehera).
- Erakundearen goi-mailako zuzendariak izendatzea edo kargutik kentzea erabakitzea, horien ordainsari politika eta kontratuaren oinarrizko baldintzak onartzea eta, kargutik kentzekotan, egokituko litzaiokeen kalte-ordaina zehaztea.
- Dibidenduen politika prestatzea, urteko emaitzen arabera Batzar Nagusiari proposamenak egitea eta dibidenduen bidez egingo diren ordainketak erabakitzea.
- Batzar Nagusiak onetsitako akordioak burutzea eta Batzar Nagusiak agindu dion edozein lan egitea.
- Sozietatearen eta Taldearen estrategiak eta politika orokorrak prestatzea, programak prestatzea eta helburu sozialeko jarduera guztiak betetzen direla bermatzeko helburuak ezartzea. Zehazki, honako hauek onetsiko ditu Administrazio Kontseiluak:
- urteko aurrekontua;
- inbertsio eta finantzaketa politika;
- gizarte erantzukizun korporatiboko politika eta
- Sozietateak jarraitu beharreko politika autozorroari dagokionez, eta bereziki horren mugak.
- Erakunde-gobernu sistema zehaztea, Sozietatea eta Taldea modu garbian eta zuhurtziaz kudeatzen direla bermatzen duena (erakundean zereginak modu egokian banatzen direla eta interes-gatazkak prebenitzen direla). Baita hura aplikatzen dela ziurtatzea eta horren erantzule izatea. Horretarako, Administrazio Kontseiluak sistema horren eraginkortasuna kontrolatu eta ebaluatuko du, gutxienez, hilean behin, eta egon daitezkeen hutsak konpontzeko neurri egokiak hartuko ditu.
- Sozietatearen kudeaketa sustatu eta gainbegiratzea, baita finkatutako helburuak betetzen direla ere.
- Kontabilitateko eta finantzako informazio-sisteman osotasuna bermatzea, kontrol finantzarioa eta operatiboa barne, eta legedi aplikagarria betetzen dela egiaztatzea.
- Bankuari buruzko informazioa eta jakinarazpenak zabaltzeko prozesua gainbegiratzea.
Arriskuen kontrola eta kudeaketari dagokienez:
- Sozietatearen eta Taldearen arriskuen kudeaketari dagokionez, jardunbide orokorra zehazteko printzipio eta politikak ezartzea. Printzipio horiek aldia-aldian berrikusi eta eguneratuko dira.
- Halaber, egokitzat jotzen bada, arrisku-mota garrantzitsuenetarako politika bereziak onartzea.
- Sozietatearen eta Taldearen kapital politikaren ildo nagusiak definitzea. Egokitzat jotzen bada, mantendu nahi diren gehiegizko berezko baliabideak zehaztuko dira, araudiak eskatutakoaren aldean. Baita aurreikusi den kaudimen-maila bermatzeko dauden mekanismoak ere.
- Politika horren arabera, erakundeak kaudimenaren gainean dituen helburuak definituko ditu. Halaber, Sozietatearen eta Taldearen kaudimen egoeraren plangintza formalaren jakinaren gainean egongo da. Plangintzak ariketak bilduko ditu, krisialdietan egon daitezkeen egoera desberdinei aurre egiteko finantza-gaitasuna neurtzeko balio dutenak.
- Arriskuen kudeaketako arlo desberdinen mugak ezartzea eta horien arduradunak izendatzea.
- Arrisku-moten sailkapen ofiziala prestatuko du, baita horien gaineko erantzukizun-mailak ere. Bi elementu horiek batuta, kudeaketarako arlo desberdinak zehaztuko dira.
- Arriskuak kudeatzeko, Sozietatean eta Taldean antolaketa-egitura egokia eta nahikoa izatea. Hala, egin beharreko funtzioak egiterakoan, parean egongo dira esleitutako erantzukizunak eta beharrezkoak diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak.
- Aldi oro, Sozietateak eta Taldeak aurrean dituen arrisku guztien esposizio-maila, izaera eta kontrol-markoa ezagutzea, eta kasu bakoitzean horiei buruzko informazio nahikoa izatea, arriskuaren garrantziaren arabera.
- Erakunde korporatiboaren oinarriak ezartzea, efizienteagoa izan dadin eta Administrazio Kontseiluaren ikuskaritza ere eraginkorragoa; eta
- Sozietateak, bere ohiko jardueratik harago, kontseilariekin edo akziodun nagusiekin burutzen dituen eragiketa garrantzitsuak onartzea.
Kutxabankek ez die interes-taldeei galdetzen Administrazio Kontseiluaren kudeaketari buruz. Aurrekoari kalterik egin gabe, Akziodunen Batzar Nagusiak, urtean behin, Administrazio Kontseiluaren kudeaketa soziala onetsi behar du, eta edozein unetan hura baliogabetu ahal du.
Halaber, aipatutako interes-taldeek, egindako ekintzei lotuta, erantzukizun ekintzak burutu ahal dituzte Administrazio Kontseiluaren aurrean, legedi aplikagarrian ezarritakoari jarraiki.