K Kutxabankeko markaren simboloa

Erakundearen gobernua, konpromisoak, erronkak eta interes-taldeen partaidetza

Gobernua

Erakundearen gobernuaren egitura.

Kutxabanken administrazioaren, kudeaketaren eta kontrolaren ardura honako Organo hauei dagokie:

  • Akziodunen Batzar Nagusia
  • Administrazio Kontseilua eta bere Organo Delegatuak:
    • Batzorde Betearazlea
    • Arriskuen Batzorde Delegatua
    • Izendapen eta Ordainsarien Batzordea
    • Auditoria eta Betetze Batzordea
  • A) BATZAR NAGUSIA

    Batzar Nagusia behar bezala deitutako eta osatutako akziodunen bilera da. Bere akordioak akziodun guztiek bete behar izango dituzte, baita disidenteek eta bertaratu ez direnek ere, legeak akziodunei ematen dizkien eskubideen eta ekintzen kalterik gabe.

    Batzar Nagusiak ohikoak edo ezohikoak izan daitezke. Ohiko Batzar Nagusia, horretarako aldez aurretik deitua, nahitaez urtean behin (1) biltzen da ekitaldi bakoitzaren lehenengo sei (6) hilabeteetan.

  • B) ADMINISTRAZIO KONTSEILUA

    Kontseilu Administrazioak Kutxabank zuzentzeko, administratzeko eta ordezkatzeko ardura duen organoa da, hau guztia Akziodunen Batzar Nagusiari dagozkion betebeharren kalterik gabe. Oro har, hilean behin biltzen da.

    Gutxienez hamar (10) kontseilarik eta gehienez hogei (20) kontseilarik osatzen dute, eta hauek lau (4) urtez mantenduko dute haien kargua. Administrazio Kontseiluaren kideen kopurua zehaztea Batzar Nagusiaren ardura izango da.

    Administrazio Kontseiluak bere barruan honako Batzorde hauek sortu eta mantendu behar izango ditu:

    • 1) BATZORDE BETEARAZLEA

      Administrazio Kontseiluaren Organo delegatua da, eta Administrazio Kontseiluaren eskumeneko gai guztiez arduratuko da, batzordearen beraren iritziz, atzerapenik gabe ebatzi behar direnean. Salbuespena izango dira Legeak, estatutuek edo Kontseiluaren Araudiak xedatutakoaren arabera ordezkaezinak diren gaiak.

      Batzorde Betearazlea gutxienez bost eta gehienez hamar Kontseilarik osatuko dute, Administrazio Kontseiluak izendatuak.

    • 2) IZENDAPEN ETA ORDAINSARIEN BATZORDEA

      Izendapen eta Ordainsarien Batzordeak, bere Presidentearen bitartez, Batzorde Betearazleari bere jardueraren eta lanaren berri emango dio, eta hori ezean, Administrazio Kontseiluari.

      Gutxienez hiru kontseilarik eta gehienez bost kontseilarik osatuko dute, denak kanpokoak edo ez-betearazleak. Izendapen eta Ordainsarien kideak Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu, kontseilarien ezagutzak, gaitasunak eta eskarmentua eta Batzordearen eginkizunak kontuan hartuta.

    • 3) ARRISKUEN BATZORDE DELEGATUA

      Arriskuen Batzorde Delegatuaren helburu nagusia erakundearen kudeaketa-sistema kontrolatzea eta gainbegiratzea da.

      Arriskuen Batzorde Delegatuak, bere Presidentearen bitartez, Batzorde Betearazleari bere jardueren berri emango dio, edo hori ezean, Administrazio Kontseiluari.

      Arriskuen Batzorde Delegatua gutxienez bost kontseilarik eta gehienez hamar kontseilarik osatuko dute, Administrazio Kontseiluak izendatuak.

    • 4) AUDITORIA ETA BETETZE BATZORDEA

      Auditoria eta Betetze Batzordeak, bere Presidentearen bitartez, Batzorde Betearazleari bere jardueren berri ematen dio, edo hori ezean, Administrazio Kontseiluari.

      Auditoria eta Betetze Batzordea gutxienez hiru Kontseilarik eta gehienez bost Kontseilarik osatzen dute, bere kideen artean Administrazio Kontseiluak izendatuak, denak kanpoko Kontseilariak. Auditoria eta Betetze Batzordearen kideetako batek gutxienez independentea izan behar du, eta kontabilitate arloan, auditoria arloan edo bietan dituen ezagutzak eta eskarmentua kontuan hartuta izendatua izan behar du.

Deskripzioa gobernu organo nagusiaren presidenteak kargu betearazlea ere baldin badu.

Administrazio Kontseiluaren Presidentea, 2012ko urtarrilaren 2an egin zen erakundearen Administrazio Kontseiluaren bileran izendatua, betearazlea izango da.

Independenteak edo ez-betearazleak diren gobernu organoaren kideen kopurua gehienez. Azaldu erakundeak "independente" eta "ez-betearazle" hitzak nola definitzen dituen.

Horrela izendatuak izan dira haien egoera pertsonala eta lan-egoera kontuan hartuta, eta Bankuarekin, honen akziodunekin edo bere zuzendariekin dituzten loturek ez dute haien jarduera baldintzatuko. 5 kontseilari dira.

Kontseilari Dominikalak direnak ere ez dira betearazleak. Hauek Bankuaren kapital sozialean %5eko partaidetza baino gehiago duten akziodunak ordezkatzen dituzte, eta hortik haien izena. 8 kontseilari dira.

Akziodunek eta langileek gobernu organo nagusiari gomendioak edo oharrak jakinarazteko dituzten tresnak.

Kutxabanken akziodunek erakundearen Estatutuetan eta indarrean dagoen merkataritza araudian, bereziki, Kapital Sozietateei buruzko Legean, aurreikusitako neurriak erabil ditzakete Administrazio Kontseiluari gomendioak edo oharrak jakinarazteko.

Horretarako, erakundearen organo burujabea den Akziodunen Batzorde Nagusira joateko eta bertan botoa emateko duten eskubideaz baliatuta, administrazio kontseiluari aipatutako Batzordeak legean aurreikusitako gehiengoez adosten dituen gomendioen berri eman ahal izango diote.

Era berean, eta arestian aipatu bezala, Batzar Nagusia Administrazio Organoaren gizarte-kudeaketa, hala badagokio, onartzeko organo eskuduna izango da, eta baita horren kideak kargutik kentzeko eta izendatzeko eskuduna ere.

Langileekin harremanetan jartzeko tresnei dagokienez, erakundearen hiru intranet, Presidentearekin eta Zuzendari Nagusiarekin izandako "Topaketa digitalak" elkarrizketa interaktiboak, hiru Kutxen EGEren postontziak nabarmendu behar dira, baita bankuaren Administrazio Kontseiluan langileek duten ordezkaritza ere.

Gobernu organo nagusiaren kideen, goi-zuzendarien eta exekutiboen (kargua uzteko akordioak barne) ordainsarien eta erakundearen jardueraren (gizarte-jarduera eta ingurumen-jarduerak barne) arteko lotura.

Erakundearen Estatutuen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, Administrazio Kontseiluaren kideek, haien eginkizunak betetzearren, bertaratze-dieten kontzeptupean kopuru finkoa jasoko dute, ohiko Batzar Nagusia egiten den ekitaldiari lotuta, horrek zehaztutako zenbatekoan osorik esleituko dena.

Kutxabanken zuzendarien ordainsari aldakorrak erakundearen xede nagusien lortzea pizteko helburua du. Erakundearen kulturarekin bat datozen helburu kuantitatiboak zein kualitatiboak kontuan hartzen dira, eta baita erakundearen baloreekiko konpromisoa ere, esaterako, gardentasuna, giza taldearen garapena, EGE kodea betetzea, itunak garatzea eta etengabeko hobekuntza.

Gobernu organo nagusian interes-gatazkak ekiditeko ezarritako prozedurak.

Sozietatek badu Interes Gatazkei eta Kontseilariekin, akziodun esanguratsuekin eta Goi Mailako Zuzendariekin zerikusia duten Eragiketei buruzko Araudia, Administrazio Kontseiluak onartua eta, ezargarria den legediaren eta Kutxabanken Estatutu Sozialen markoan honako kasu bi hauetan ezarri behar den prozedura zehaztea du helburu:

  • Sozietatearen interesa edo Kutxabank Taldean integratutako edozein sozietateren (“Taldea” Merkataritza Kodeko 42. artikuluan ezarritako terminoetan ulertuta) interesa eta kontseilarien -eta/edo eurei lotutako pertsonen- edo interes-gatazka araudien mendean dauden pertsonen interes pertsonala, zuzena edo zeharkakoa, gatazkan sartzen den egoeretan.
  • Taldeak kontseilariekin -eta/edo eurei lotutako pertsonekin-, edo interes-gatazka araudien mendean dauden pertsonekin edo akziodun esanguratsuekin egiten dituen transakzioetan.

Araudi horrek, halaber, Administrazio Kontseiluaren Araudian xedatutakoa garatzen du (29.etik 34. Artikulura), eta era berean, Balore Merkatuaren Eremuan Portaera Barne Araudian xedatutakoaren osagarria da (30. artikulua).

Gobernu organo nagusiaren kideei gizartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren inguruko alderdietan erakundearen estrategia gidatu ahal izateko eskatu beharreko gaitasuna eta eskarmentua zehazteko prozedura.

Sozietateak badu, indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera, Administrazio Kontseiluko kideen, zuzendari nagusien eta antzekoen, barne kontroleko funtzioaren arduradunen eta Kutxabanken eguneroko jarduerarako beste zenbait lanpostu gakoen egokitasuna ebaluatzeko politika. Politika horren helburua sozietateak aipatutako ebaluaketarako aintzat hartu behar dituen irizpideak ezartzea da.

Politika hori, Sozietatearen Administrazio Kontseiluak onartu zuen eta Estatutuetan, gobernu organoen barne araudietan eta batzorde eskuordetuetan, eta Sozietatearen interes-gatazken kudeaketa politikan ezarritakoaren osagarri gisa ulertu behar da.

Horri dagokionez, Administrazio Kontseiluko kideen, zuzendari nagusien eta antzekoen, barne kontroleko funtzioaren arduradunen eta Sozietatean lanpostu gakoak dituzten pertsonen egokitasunaren ebaluaziorako, haien merkataritza-ohorea eta ohore profesionala hartuko dira aintzat, baita euren ezagutza eta esperientzia ere. Administrazio Kontseiluko kideen kasuan, gobernu onari buruzko alderdiak ere ebaluatu beharko dira, zenbait adierazleren bidez, esaterako, dedikazio gaitasuna, independentzia eta interes-gatazkarik dagoen.

Barnean garatutako eginkizun eta ikuspegi adierazpenak, jokabide kodeak, eta ekonomiaren, ingurumenaren eta gizartearen arloetako jarduerarako printzipio nagusiak eta haien ezartze-egoera

Kutxabankek EGE Politika du onartuta. Politika horretan bere Eginkizuna, Ikuspegia eta Baloreak azaltzen dira, baita Kode Deontologikoa eta EGE Kodea ere. Horietan, bere printzipio etikoak jaso dira, baita erakunde osoari ezartzen zaizkion gobernu onarenak eta gizarte erantzukizuna ere.

Aipatutako dokumentu horiek intraneten eta erakundearen web gunearen bidez hedatzen dira:

http://www.kutxabank.com/cs/Satellite/kutxabank/es/responsabilidad_social_empresarial/gestion_de_la_rse

Aginte Organo Nagusiaren prozedurak ikuskatzeko erakundeak nola identifikatzen eta kudeatzen dituen, batetik, ekonomia-, ingurumen- eta gizarte-jarduerak; bestetik, jarduera horien arriskuak eta aukerak; eta azkenik, nazioartean adostutako estandarren, jokabide-kodeen eta printzipioen betetzea eta partaidetza.

EGE, Berdintasun eta Hizkuntza Kudeaketa sailak, horretarako batzorde berezia osatzen ez den arte, Kutxabanken jasangarritasunaren etengabeko hobekuntza bermatzeko ardura du. Horretarako, erakundearen antolaketa-sailekin etengabeko harremana mantentzen du, eta aipatutako arloaren jardueraren kudeaketari dagokionean laguntzen ditu. Era berean, EGEren Kudeaketa sailak aholkatzen du, proposamenak aurkezten ditu, txostenak ematen ditu eta Kutxabanken Zuzendaritzari helarazten dizkio; honek, bere aldetik, erakundearen Gobernu Organoei ematen dizkie. Zentzu honetan, 2013an Kutxabanken Berdintasun Politikari buruzko proposamena egin da, eta 2014ko lehenengo hiruhilekoan Zuzendaritzari helaraziko zaio, baloratu eta onar dezan.

Bankuaren Batzorde Betearazleak erakundearen Hizkuntza Politika landu eta onartu egin duela ere azpimarratu behar dugu, berebiziko garrantzia baitu. Politik horrek bezeroekin mantentzen diren hartu-eman guztiak bezeroak berak hautatutako hizkuntzan izan daitezela du helburu.

Kutxabankek argi ikusten du, diharduen eremu geografikoetako berezko hizkuntzak sustatu eta erabiltzeari dagokionez, bezeroek eta gizarteak espero dutena betetzeak duen garrantzia, dagoen lege araudia betetzeaz haratago, gainera.

Gizarte talde desberdinek berezko dituzten hizkuntza ofizialen erabilera naturala eta normalizatua, bezeroekiko hurbileko hartu-eman asegarria izateko ezinbesteko alderdia izateaz gain, aniztasunaren kudeaketatik, komunitate bakoitzaren kultura balio berezkoak eta bereziak errespetatzea eta sustatzea ere bada.

Jarduera marko horretan, Hizkuntza Batzordea eratu da. Batzorde horretan bankuko arlo desberdinetako ordezkariak daude, baita langileriaren ordezkariak ere. Batzordearen helburua erakundearen hizkuntza kudeaketari dagokion arlorako hobekuntza jarduerak baloratzea, planteatzea eta proposatzea da, baita gai horri buruzko urteko planaren jarraipena egitea ere.

Era berean, Kutxabankek Kode Deontologikoa du, eta horrek gobernu onerako eta EGEren kudeaketarako irizpideak zehazten ditu. Kode hori langile guztientzat eta Gobernu Organo guztientzat izango da ezargarria.

Gainera, Administrazio Kontseiluak gutxienez urtean behin, Kutxabanken ebaluazioaren jarraipena egingo du, bere jarduera ekonomikoari, eta ingurumenaren zein gizartearen inguruko jarduerari dagokienean.

Gobernu organo Nagusiaren jarduera ebaluatzeko prozedurak, bereziki jarduera ekonomikoa, ingurumenekoa eta sozialari dagokienez.

Kutxabanken Akziodunen Batzar Nagusiak, bere organo subiranoa den neurrian eta erakundearen Estatutuen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera, urtero onartzen du Administrazio Organoaren kudeaketa, eta hala badagokio, kontseilariak haien kargutik kendu eta berriak izendatu ahal ditu, estatutuetan eta legedian zehazten diren gehiengoen arabera.

Administrazio Kontseiluaren Batzorde Delegatuek urtero egiten dute ekintza-plana, eta honen berri eman behar diote Kontseiluari.