K Kutxabankeko markaren simboloa

Erakundearen profila

Arriskuen kudeaketa7

Kutxabank Taldearen gizarte erantzukizun enpresarialaren elementu nagusietako bat kudeaketa zuhurra oinarri duen eredua aplikatzea da, Taldeak epe luzean iraungo duela bermatzeko. Izan ere, horrekin batera, bezero eta inbertitzaileekin hartuak dituen finantzazko konpromisoak zorrozki beteko dira, et gizartean egiten duen ekarpena mantenduko da, bai jarduera ekonomikoaren eta inbertsioen bidez bai akziodunek eta banku-fundazioek Kutxabanken baliabideekin burutzen duten ekintza sozialaren bidez.

Premisa hori Taldearen plan estrategikoaren funtsezko zatia da, arriskurako joeraren markoan jasota dagoena.

Kutxabankeko gobernu organoek onetsi duten dokumentu horretan, gidalerro estrategiko nagusiak ageri dira arriskuaren kudeaketari dagokionez. Horien bitartez, etorkizunean negozioko plan estrategikoetan kontuan izan beharreko mugak zehazten dira.

Kutxabank Taldearen kasuan, arriskurako joeraren markoari buruzko dokumentu nagusia hiru atal handik osatzen dute:

  • Erakundearen aitorpena arriskurako joerari buruz.
  • Arrisku-mailaren gaineko eragin-palankak bere gobernu organoen eskura.
  • Taldearen arrisku-maila globala monitorizatzeko sistema.

Erakundearen aitorpena Taldearen arriskurako joerari buruz

Kutxabank Taldearen arriskurako joeraren markoaren bitartez, haren gobernu organoek modu orokorrean zehazten dute zein arrisku-mailara zuzendu nahi diren, atal honen hasieran deskribatutako zuhurtzia printzipioarekin bat etorriz.

Pixka bat zehatzagoak izateko, aitorpen orokor hori jarraian azaltzen den bezala osatzen da:

  • Alderdi kualitatiboari dagokionez, nahi den arrisku-mailaren bereizgarri diren zenbait gidalerro zehatz deskribatzen dira
  • Alderdi kuantitatiboari dagokionez, zenbait arrisku-adierazle aukeratzen dira. Haiek guztiak batera hartuta, Taldearen arrisku-maila globalaren bilakaera azter daiteke aldi oro, eta horren arabera adierazle garrantzitsuenetarako helburu estrategikoak ezarri. Baita zenbait behaketa- eta alerta-atari ere, haiek haustekotan jarduketa protokolo bereziak martxan jartzeko.

Kutxabank Taldearen arriskurako joera maila zehazteko erabiltzen diren jarraibide kualitatibo eta kuantitatiboak erakundearen gidalerro estrategikoetan ageri dira, Negozioaren Garapenari buruzko Planean. Horren bitartez arrisku-adierazle nagusien bilakaeraren jarraipen zehatza egiten da, erakundearen helburuak lortzeko bidean mantentze aldera.

Plan horretako jardunbideen artean daude bankuen sektoreko negozio-lerro nagusien hazkunde hautakor eta errentagarria, eta Taldearen jarduketa nagusia osatzen ez duten negozio-lerroen hedadura egokitzea. Halaber, bankuen jarduketako prozesu nagusien eraginkortasun-maila ere modu orokorrean hobetu nahi da, eta Taldearen kudeaketa-eredua etengabe aldatuz doan (arauei eta teknologiari dagokienez) testuinguru batera egokitu ere bai.

Negozioaren Garapenari buruzko Planean aurreikusitako jardunbideak abian jartzean, Taldearen arrisku-adierazle nagusiak hobetu behar dira apurka-apurka, erakundearen helburuetara gerturatuz alderdi hauei dagokienez:

  • Kaudimena.
  • Likidezia.
  • Eragiketen errentagarritasuna eta eraginkortasuna.
  • Aktiboen kalitatea eta saneamendua.

Negozioaren Garapenari buruzko Plana aurrera doan heinean, lortu nahi den arriskurako joeraren norabidean hobetuko dira hautatutako arrisku-adierazleak. Hala gertatzen denean, Kutxabank Taldeak gero eta segurtasun gehiagorekin bermatu ahal izango du arlo horretan duen helburu nagusia lortuko duela: Taldea epe luzean iraun dezala eta, beraz, zuzenean nahiz zeharka gizartean egiten duen ekarpena ere mantentzea.

Arrisku-mailaren gaineko eragin-palankak bere gobernu organoen eskura

Kutxabank Taldeak lortu nahi duen arriskurako joera maila ezarri ondoren, arriskurako joeraren markoan zenbait tresna daude eskuragarri, gobernu organoek Erakundeari bultzada eman diezaioten norabide egokia.

Horien artean, honako hauek dira azpimarragarriak

  • Arriskua kudeatzeko zenbait politika orokor ezartzea, Talde osoan eta edozein arriskuren kasuan aplika daitezkeenak.
  • Erakundeak arriskuen sailkapen propioa egitea. Horri esker, merkatuko arrisku-mota estandarrak Taldearen berezitasunetara egokituko dira.
  • Arrisku-mota bakoitzerako erantzukizun-maila orokorrak ezartzea.
  • Arriskua kudeatzeari dagokionez, arlo guztietan arduradunak izendatzea, arrisku-motaren eta kasu bakoitzean aplikatzen den erantzukizun-mailaren arabera.
  • Merkatuan informazioa helarazteko politika formala onartzea, zentzu horretan jarraitu beharreko urratsak zehaztuz.

Taldearen arrisku-maila globala monitorizatzeko sistema

Taldearen arriskurako joeraren markoan jasotzen den hirugarren dimentsioa, organo gobernuen eskura jarritako monitorizazio sistemari buruzkoa da. Horren bitartez, arrisku-maila globalaren bilakaera azter dezakete aldizka, hautatutako arrisku-adierazleak eta erakundearen helburuak zein neurritan datozen bat ikusteko eta behaketa- eta alerta-atalaseetan ahultasunik dagoen egiaztatzeko.

Gobernu organoek, Taldearen arriskuen aginte-koadroaren bidez egiazta dezakete noizean behin informazio hori. Hiru hilean behin honako hauek jakiteko balio du:

  • Hautatutako arrisku-adierazleen bilakaera, alegia, arriskurako joeraren markoaren baitan helburu edo atalase zehatzak dituztenak
  • Jarraipena egiteko hautatutako adierazleen bilakaera, aurreko puntuan adierazitakoen arrisku-adierazle osagarriak direnak.
  • Adierazle bakoitza nola kalkulatzen den zehatz-mehatz azaltzen duten txostenak.

Espainiako finantza-sektorea saneatzeko ekarpenak

Erakundearen beraren arrisku-maila globala kudeatzeko aplikatzen duen zuhurtzia printzipioaz gain, azken urteotan modu aktiboan parte hartu du Kutxabank Taldeak Espainiako finantza-sistema saneatzeko lanetan. Horretarako, hainbat bide erabili ditu:

  • 2011ko urtarrilean desagertutako CajaSuren aktiboen eta pasiboen erosketa, esleipen prozesu lehiakorraren ostean, 2010eko uztailean ebatzia, BBK Bank CajaSuren bidez (gaur egun, CajaSur Banco).
  • Zailtasunak dituzten erakundeak saneatzeko prozesuan izandako parte-hartzea, higiezinen sektoreari lotutako aktibo problematikoak erosiz, Bankuak Berregituratzeko Aktiboak Kudeatzeko Sozietatearen (SAREB) bitartez. Kutxabank Taldeak sozietate hori finantzatu eta horretan parte hartzen du.
  • Gordailuen Berme Fondora urtero egiten diren zuzkidurak (errepikakorrak nahiz ezohikoak), berregituratzen ari diren finantza-erakundeen hainbat galerak, zenbait bidetik, bere gain hartzen ari da mekanismo hau.
  • Taldeak 2015eko ekitalditik Ebazpen Fondo Bakarrera urtero egiten dituen ekarpenak. Fondo hori 19 herrialdetako Europako finantza-erakundeen ekarpenen bidez finantzatzen da osorik, eta finantza-erakunde bat ebazpen-prozesu batean sartzen denean izaten dituen galera edo kostuei aurre egiteko erabiliko da.

Merkatuari arriskuei buruz emandako informazioa

Bankuei buruzko indarreko arautegiak merkatuari arriskuei buruzko informazio ematera behartzen ditu finantza-erakundeak, haien arrisku-profil orokorraren bilakaerari buruzko ebaluazio bat egin ahal izateko. Europako Parlamentuko eta Batzordeko kreditu-erakundeen eta inbertsio-enpresen zuhurtziazko betekizunei buruzko 2013ko ekainaren 26ko 575/2013 Arautegiko zortzigarren atalean, eta arau hori garatzen duten geroagoko erregulazioetan ezartzen da gutxienez zer eduki jaso behar dituzten.

Kutxabank Taldeak aipatutako baldintzak betetzen ditu, urtero "Zuhurtziazko garrantziko informazioa" izeneko dokumentua argitaratzen duelako bere web-orrian (Inbertsiogileentzako informazioa atalean). Dokumentu horretan, arautegiak gutxienez eskatutako edukiak eta informazio osagarria ikus ditzake edonork, Taldearen arrisku-profil orokorrari, eta beraz, bere finantza-jasangarritasunaren bilakaerari buruzko iritzia sor dezake.




7 G4-2, G4-14