K Kutxabankeko markaren simboloa

4. Ekonomia eta Finantza Informazioa

4.3. Arriskuen kudeaketa

4.3.1. Kreditu-arriskuak (kreditua, aurkako alderdia, herrialdea, subiranoa)

Txosten honen aurreko atal batean deskribatu den moduan, aurreko bi ekitaldietan hasitako suspertze ekonomikoaren bideari jarraitu zaio 2017an, eta horri esker, langabeziaren zifrak nabarmen jaitsi dira. Horrek eragin positiboa izan du finantza-erakundeek izan ditzaketen kreditu-arriskuen batez besteko kalitatean.

Testuinguru ekonomiko eta finantzarioarekin bat etorriz, Kutxabank Taldearen kreditu-inbertsioaren berankortasun-tasak aurreko ekitaldian hasitako jaitsierarekin jarraitu du 2017an, eta itxieran % 5,05ean kokatu da, 2016an itxi zen % 6,78aren nabarmen azpitik.

Berankortasun-tasa hori Espainiako finantza-sektorearen batezbestekoak izandakoaren nabarmen azpitik dago (% 7,79 Beste Sektore Egoiliar batzuetarako Kredituen kasuan), azken datu horrek kanpotik datozen zenbait eragin garrantzitsu jasotzen dituen arren, hala nola aktibo arazotsuak SAREBera aldatzea (2012 eta 2013 urteetan), edo zalantzazko aktiboak hirugarreni saltzea.

Kutxabank Taldearen kasuan, zalantzazko aktiboen zati oso handi bat higiezinak sustatzeko sektorean (oraindik likidazio-fasean dagoena) eta etxebizitzen hipoteka-zorroan egindako eragiketak dira. Azken honen berankortasun-maila (% 3,22) Espainiako finantza-sektorearen batezbestekoaren azpitik ere kokatu da.