BBK-k, Museoko Babesle estrategikoak, hiru milioi euro emango dizkio Guggenheim Bilbao Museoari
BBK Fundazioak Kide Korporatiboen Programaren barruan jarraitzeko eskubidea emango dion Lankidetza-hitzarmena sinatu berri du. Lau urtetan 3 milioi euroko diru-ekarpena egingo du, eta ekarpen hori Guggenheim Bilbao museoaren proiektu orokorrak garatzeko erabiliko da.

Ikuspegi berritzaile eta sortzailea duten programa berriak garatzea da BBK Fundazioaren eta Guggenheim Museoaren arteko lankidetza historikoaren ardatzetako bat. Arte garaikidea ezagutarazi eta ulertaraztea, publiko mota guztien artean zabaltzea eta Bizkaiko gizartearen garapen sozial eta kulturala bultzatzea dira aipatu programen helburua.
1998tik, 3 milioi lagunetik gora parte hartu dute, Gizarte Ekintzaren laguntzarekin, hainbat gizarte-talderentzat egin diren ia 50 programetan.
- Hitzarmenari esker, hainbat proiektu garatzen jarraitzeko aukera egongo da, hala nola Artera hurbildu ekimena; gida akustikoen, bisita gidatuen, informazio-baliabideen, espazio didaktikoen eta sakelako telefonorako aplikazioen bidez, Museoaren gaineko esperientzia aberasgarri eta gogobetegarria eskaini nahi dio ekimen horrek publikoari, bere ezaugarri eta interesetara egokitzeko aukerarekin.
- Horrez gain, BBK Fundazioa Artea ikasbide programaren laguntzaile izaten jarraituko du. Ia hamabost urte bete dira programa martxan jarri zenetik, Lehen Hezkuntzako ikasleen curriculumeko ikasgaiak osatzeko helburuarekin. Horretarako, artearen eta arte-sorkuntzaren inguruko solasaldiak antolatzen dira, Museoko hezitzaile eta artisten laguntzarekin.
- BBK Fundazioaren laguntza, baina, urrutiago ere badoa. Gizarte-ekimenak ere martxan jarri ditu, hala nola ezgaitasunak dituzten pertsonentzako edo egoera okerragoan dauden taldeentzako bisita gidatuak, Basurto eta Gurutzetako ospitaleetako haurren atalekin egindako lankidetza, eta abar.
- Azkenik, gaur sinatu den hitzarmenari esker, askotariko kolektiboentzako ekitaldi sozial eta kulturalak garatu ahal izango dira, BBK Fundazioaren laguntzarekin. Kolektibo horiek artera hurbilaraztea da helbururik behinena, horretarako bide egoki eta erakargarriena erabilita. Besteak beste, ondoko ekimenak nabarmendu daitezke: Eguberrietako haur-programak, ostiralean behin egiten diren Art after Dark gazteentzako DJ saioak edo Guggenheim Bilbao museoko gauak (Aste Nagusian, Museoa gauez irekita egoten da eta jazz musika eskaintzen da zuzenean).

BBK Fundazioaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren arteko lankidetza 1997an jarri zen abian. Garai hartan, bi erakundeek hainbat baliabide eta ekimen martxan jartzeko borondatea agertu zuten, Bilbo eta Euskadiko garapen sozial eta kulturala bultzatzeko asmoarekin.
1998tik, 3 milioi lagunetik gora parte hartu dute, lankidetza horri esker, hainbat gizarte-talderentzat egin diren ia 30 programetan.
Irakurri ezazu gehiago
► BBK: kultura eta sormena
► Guggenheim-Bilbao Museoa