Erakundearen profila
Aldaketa esanguratsuak
Banku-ikuskaritzarako Mekanismo Bakarra (MUS) indarrean sartzean, finantza gainbegiratzeko sistema berria ezarri da, EBZk eta Europar Batasuneko herrialdeetako agintaritza nazional eskudunek osatzen dutena. Hortaz, EBZk bankuen batasuna deritzon horretara bideratzeko lehen urratsa eman du: bankuak gainbegiratzeko zeregin berriak hartu ditu bere gain, ebazteko mekanismo bakarrarekin eta gordailuen bermerako sistema bateratuarekin osatuko dena.
Arauzko marko berri horren ondorio nagusia zera da: gainbegirale bakarrak finantza-erakundeen erakunde-gobernuaren kalitatean eta arrisku gutxi duen kudeaketa-politika garatzeko, barne-kontrolerako eta arauak betetzeko duen gaitasunean jartzen duela arreta.
Arauzko testuinguru berri horretan, erakunde-gobernu egokiari dagokionez, gainbegiratzeko mekanismoek ezarritako ildoei jarraitu die Kutxabankek. Eta, horrez gain, gainbegiraleak emandako gomendioa aintzat hartu eta bete du, alegia, erakundearen barruan boterea orden batean banatzen dela egiaztatzea. Gauzak horrela, Bankuaren Administrazio Kontseiluak, maiatzean, erakundeko kontseilari delegatu izendatu zuen Javier García Lurueña, ordura arte ez zegoen kargua, zuzendari gisa duen eskarmentu zabalagatik eta haren profil tekniko eta independenteagatik.
Era horretan, Bankuak argi bereizten ditu Zuzendaritza Betearazlearen eta kontseilari delegatuaren zereginak. Lehenak oraindik kargurik altuena du Bankuan; bigarrena erakundearen eguneroko kudeaketaz arduratzen da. Hori guztia Akziodunen Batzar Nagusiak eta Administrazio Kontseiluak horretarako hartutako erabakien eta onartutako irizpideen arabera.
Kontseilari delegatua izendatu ondoren, Finantza Taldeak zenbait aldaketa bideratu zituen erakunde barruan, adibidez, Zuzendaritza Batzorde bat sortu zuen. Bankuko arlo betearazle nagusietako bederatzi kidek osatzen dute, eta Gobernu Organoei hainbat gairen inguruan gomendioak ematea da bere xede nagusia: estrategia; arriskuak; gai administratibo, operatibo eta funtzionalak; eta kudeaketa.