Erakunde Gobernua
Erakunde Gobernuaren egitura
Kutxabanken administrazioaren, kudeaketaren eta kontrolaren ardura honako Organo hauei dagokie:
- Akziodunen Batzar Nagusia
- Administrazio Kontseilua eta bere Batzorde Eskuordetuak:
- Batzorde Betearazlea
- Arriskuaren Kontrol Batzordea
- Izendapen Batzordea
- Ordainsari Batzordea
- Auditoria eta Betetze Batzordea
A) BATZAR NAGUSIA
Batzar Nagusia behar bezala deitutako eta osatutako akziodunen bilera da. Hartzen dituen erabakiak derrigorrez bete beharrekoak dira akziodun guztientzat, baita disidenteentzat eta bertaratu ez direnentzat ere, legeak akziodunei ematen dizkien eskubide eta ekintzen kalterik gabe.
Batzar Nagusiak ohikoak edo ezohikoak izan daitezke. Ohiko Batzar Nagusia, horretarako aldez aurretik deitua, nahitaez urtean behin biltzen da ekitaldi bakoitzaren lehenengo sei hilabeteetan.
B) ADMINISTRAZIO KONTSEILUA
Kontseilu Administrazioak Kutxabank zuzentzeko, administratzeko eta ordezkatzeko ardura duen organoa da, hau guztia Akziodunen Batzar Nagusiari dagozkion betebeharren kalterik gabe. Oro har, hilean behin biltzen da.
Gutxienez hamar kontseilarik eta gehienez hogei kontseilarik osatzen dute, eta hauek lau urtez mantenduko dute haien kargua. Administrazio Kontseiluaren kideen kopurua zehaztea Batzar Nagusiaren ardura izango da.
Administrazio Kontseiluak bere barruan honako Batzorde hauek sortu eta mantendu behar izango ditu:
1) BATZORDE BETEARAZLEA
Administrazio Kontseiluaren Organo delegatua da, eta Administrazio Kontseiluaren eskumeneko gai guztiez arduratuko da, batzordearen beraren iritziz, atzerapenik gabe ebatzi behar direnean. Salbuespena izango dira Legeak, estatutuek edo Kontseiluaren Araudiak xedatutakoaren arabera ordezkaezinak diren gaiak.
Batzorde Betearazlea gutxienez bost eta gehienez hamar Kontseilarik osatuko dute, Administrazio Kontseiluak izendatuak. Oro har, astero batzartzen da.
2) IZENDAPEN BATZORDEA
Izendapen Batzordeak, bere Presidentearen bitartez, Batzorde Betearazleari bere jardueraren eta lanaren berri emango dio, eta hori ezean, Administrazio Kontseiluari.
Gutxienez hiru kontseilarik eta gehienez bost kontseilarik osatuko dute, denak kanpokoak edo ez-betearazleak. Izendapen Batzordeko kideen heren batek, gutxienez, eta, edozein kasutan, Presidenteak, kontseilari independenteak izan beharko dute.
Izendapen Batzordeko kideak Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu, kontseilarien ezagutzak, gaitasunak eta eskarmentua eta Batzordearen eginkizunak kontuan hartuta.
3) ORDAINSARI BATZORDEA
Ordainsari Batzordeak, bere Presidentearen bitartez, Batzorde Betearazleari bere jardueraren eta lanaren berri emango dio, eta hori ezean, Administrazio Kontseiluari.
Gutxienez hiru kontseilarik eta gehienez bost kontseilarik osatuko dute, denak kanpokoak edo ez-betearazleak. Ordainsari Batzordeko kideen heren batek, gutxienez, eta, edozein kasutan, Presidenteak, kontseilari independenteak izan beharko dute.
Ordainsari Batzordearen kideak Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu, kontseilarien ezagutza, gaitasuna eta eskarmentua aintzat hartuta, baita Batzordearen eginkizuna ere.
4) AUDITORIA ETA BETETZE BATZORDEA
Auditoria eta Betetze Batzordeak, bere Presidentearen bitartez, Batzorde Betearazleari bere jardueren berri ematen dio, edo hori ezean, Administrazio Kontseiluari.
Auditoria eta Betetze Batzordeko kideak Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu bere kideen artean, eta kontseilari ez exekutiboen artean izendatu beharko dira edo Sozietatean zuzendaritza funtziorik edo funtzio exekutiborik ez duten kideen artean, halaber, ez dute izan behar izendatuak diren baldintzatarako ez beste kontratu-harremanik.
Auditoria eta Betetze Batzordeko kideen heren batek, gutxienez, eta, edozein kasutan, horretako bi kidek, kontseilari independenteak izan beharko dute eta kontabilitate arloan, auditoria arloan edo bietan dituzten ezagutzak eta eskarmentua kontuan hartuta izendatuko dira. Edonola ere, Auditoria eta Betetze Batzordeko presidentea kontseilari independentea izan behar da derrigorrez.
5) ARRISKUAREN KONTROL BATZORDEA
Arriskuaren Kontrol Batzordeak, bere Presidentearen bitartez, Batzorde Betearazleari bere jardueren berri ematen dio, edo hori ezean, Administrazio Kontseiluari.
Gutxienez hiru kontseilarik eta gehienez zazpi kontseilarik osatuko dute. Arriskuaren Kontrol Batzordeko kideak Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu, kontseilarien ezagutzak, gaitasunak eta eskarmentua eta Batzordearen eginkizunak kontuan hartuta. Ezin daitezke Arriskuaren Kontrol Batzordeko kide izan Sozietatean funtzio exekutiboak dituzten Kontseilariak, eta kideen heren batek, gutxienez, eta, edozein kasutan, bere Presidenteak, kontseilari independenteak izan beharko dute.
Arestian aipatutakoa ikusita, Administrazio Kontseilua eta Batzorde Betearazlea izango dira ekonomiari, ingurumenari eta gizarteari lotutako gaien gainean erabakiak hartuko dituzten gobernu organoak. Horren aurretik, dagozkion batzorde delegatuek aldeko txostena igorri beharko dute.
Kutxabanken Administrazio Kontseiluak bere eskumen guztiak edo horietako batzuk laga ahal dizkie (legezko xedapenek, estatutuek edo Administrazio Kontseiluaren araudiek ezin eskuordetu daitezkeela ezartzen duten kasuetan izan ezik) hark izendatzen dituen Batzordeei, eta edozein eratako ahalmenak (orokorrak nahiz bereziak) eman ditzake, ordezkatzeko ahalmenarekin edo hura gabe, baita ahalmen horiek baliogabetu ere.
Arestian aipatutakoa ikusita, Administrazio Kontseiluak edozein eratako ahalmenak (orokorrak nahiz bereziak) eman edo laga ahal dizkie goi-zuzendariei, langile zehatzei edo hirugarren pertsonei, betiere, ekonomiari, ingurumenari eta gizarteari lotutako gaietarako.
Kutxabanken Estatutuetan ezarritakoari jarraiki, kargu betearazle hauek dute ekonomiari, ingurumenari eta gizarteari lotutako gaien gaineko erantzukizuna:
- Presidente betearazlea ¡ (Gregorio Villalabeitia Galarraga jauna), Administrazio Kontseiluko burua. Kargu horri dagozkion zereginak burutzeko ahalmenak ditu eta, karguari lotuta daudenez, Administrazio Kontseiluaren eginkizunak eskuordetuak ditu.
- Kontseilari delegatua (Francisco Javier García Lurueña jauna), negozioaren ohiko kudeaketaren arduraduna, funtzio betearazle gorenekin.
Administrazio Kontseiluak urtero ebaluatzen du Administrazio Kontseiluko presidentearen eta kontseilari delegatuaren lana.