Ekonomia eta Finantza Informazioa
Arriskuen kudeaketa
Kreditu-arriskuak (kreditua, kontrapartea, herrialdea, subiranoa)
Txosten honen aurreko atal batean deskribatu den bezala, 2019an aurreko ekitaldietan hasitako susperraldi ekonomikoaren bideari eustearen ondorioz, langabezia-zifrek behera egin dute, eta horrek eragin positiboa izan du finantza-erakundeen kreditu-arriskuekiko esposizioen batez besteko kalitatean.
Testuinguru ekonomiko-finantzarioarekin bat etorriz, Kutxabank Taldearen kreditu-inbertsioaren berankortasun-tasak behera egiten jarraitu du, eta 2019ko ekitaldia ixtean %2,98an kokatu da, 2018an amaitu zeneko %3,99aren oso azpitik.
Berankortasun-tasa hori Espainiako finantza-sektorearen batez bestekoak aurkeztutakoa baino askoz txikiagoa da (%5,00 Beste Sektore Egoiliarrentzako Kredituetarako azaroan, eskuragarri dagoen azken datua), nahiz eta azken datu horrek jatorri exogenoko hainbat inpaktu garrantzitsu jasotzen dituen, hala nola aktibo arazotsuak SAREBera intsuldatzea (2012 eta 2013) edo zalantzazko aktiboak hirugarrenei saltzeko eragiketak.
Kutxabank Taldearen kasuan, bere zalantzazko aktiboen zati esanguratsu bat higiezinen sustapenaren sektorearekin egindako eragiketei dagokie oraindik ere, likidazio-fasean baitaude oraindik, baita hipoteka-zorro egoiliarrari ere, haren berankortasun-maila ere Espainiako finantza-sektorearen batez bestekoaren azpitik baitago.