Ekonomia eta Finantza Informazioa
Arriskuen kontrola
Bere kaudimenak eta bere arrisku-zorroaren batez besteko kalitateak erresistentzia proba berriak aise gainditzea ahalbidetu diote
Arrisku-profil egokia mantentzea Kutxabank Taldearen giltzarria da, azken finean bermerik onena delako, bere jarduerak denboran iraun dezan, eta ondorioz, bere jabeen bidez, gizarteari egingo dion ekarpenaren bermerik onena.
Arrisku-profil horren egokitasun-maila hiru elementuren arteko hartu-eman orekatua etengabe mantentzeak zehazten du: onartu den arrisku-maila, kontrol eta kudeaketa egokirako dagoen antolaketa eta teknika ahalmena, eta egiaztatu den baliabide propioen maila. Azken horrek zehazten du, azken finean, garatzen dituen jarduerei datxekien arriskuren bat gauzatzearen ondorioz gerta litezkeen ezusteko galerak irensteko Taldearen finantza-ahalmena.
Aipatu diren hiru elementuetatik, bi kaudimen-koefizienteak biltzen ditu, ratio horrek biltzen baitu baliabide propioen eta onartutako arriskuen arteko hartu-emana, zenbait ezaugarri esanguratsuren arabera haztatu ondoren.
Hain zuen ere, 2014ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean Europako Batasunean zuhurtziazko gainbegiratzeari buruzko araudi berria, Basileako Banku Gainbegiratzerako Batzordetik datozen azken zuzentarauak (Basilea III izenaz ezagunak) biltzen dituena, eta honako hauek ditu erreferentzia nagusi: Europako Parlamentuko eta Kontseiluko 2013/36/UE Zuzentaraua (CRD IV izenaz ezaguna) eta, batez ere, Europako Parlamentuko eta Kontseiluko 575/2013 zenbakiko EB Araudia (CRR izenaz ezaguna).
Espainian, aipatutako araudi aldaketa zenbait arauren bidez osatu da, besteak beste, RDL 14/2013 aipatu behar da, Espainiako zuzenbidea finantza-erakundeen gainbegiratze eta kaudimenari buruzko EBren araudira egokitzeko presazko neurriak dituena; CBE 2/2014, CRRn dauden zenbait erregulazio-aukera egikaritzeari buruzkoa; eta 10/2014 Legea, kaudimena eta zuhurtziazko gainbegiratzeari buruzkoa.
Kaudimen arloan, marko arautzaile berriak eraldaketa oso nabarmena ekarri du, eskatutako kaudimen gutxieneko mailen igoera (bereziki, kalitate oneneko kapitalerako), baliabide propioen konputagarritasun arauen gogortzearekin uztartzean.
Erakundeen gaineko bere eragina leuntzeko helburuz eta, ondorioz, jarduera ekonomiko osoaren gainekoa, ezarpen progresiborako egutegia diseinatu da, 2019an burutuko dena atalaseei dagokien arloan, eta 2023an, konputu arauei dagokien atalean.
Konputu arau berrien exijentzia-maila altuagoa bada ere, Kutxabank Taldea bere kaudimen-adierazle nagusien goranzko joerari eusteko gauza izan da 2014ko ekitaldian, eta %12,8ko Core Tier I lortu du (2013ko abenduaren 31ko %12,0koaren aldean, Basilea IIren mendean kalkulatua). Bere aldetik, Orotarako Kaudimen Ratioa %13,1 izan da ekitaldiaren itxieran (2013ko itxierako %12,4ren aldean).
Ohiko kaudimen ratioez gain, araudi berriak, muga jarri dio finantza-erakundeen palankatze globalari. Horretarako, Palankatze Ratioa erabiltzen du, hau da, erakunde baten kapitala eta hartzen duten arrisku-mailaren arteko proportzioa neurtzen duen ratioa. Egungo krisian, ratio horrek ohiko beste kaudimen-adierazle batzuk balio igarle altuagoa duela erakutsi du.
Palankatze Ratioa %7,2an kokatu da Kutxabank talderako, finantza-sektorearen batez bestekoaren gainetik argi eta garbi, eta etorkizunerako eskatzen zen gutxieneko mugatik oso urrun, %3tik gertu aurreikusi dena.
Azkenik, 2014ko ekitaldian Europako Parlamentuko eta Kontseiluko kreditu-erakundeen Berregituratzeari eta Suntsiarazteari buruzko 1024/59/UE Zuzentaraua ere sartu da indarrean. Zuzentarau horrek arazotan dauden finantza-erakundeen kasuan jarraitu beharreko jarraibideak ezartzen ditu, baita erakundeek gerta litezkeen galerei lehendabizi erantzun diezaieten prest izan behar dituzten fondoen gutxieneko mailak ere (propioak eta besterenak). Exijentzia berri hori adierazle berri baten bidez neurtzen da, MREL Ratioa, hain zuzen ere. Ratio berri hori araudi garapenaren zain dago.
Kutxabank Taldeak hobekuntza esanguratsuei egin die aurre azken ekitaldietan, arrisku-mota desberdinen bere kontrol-markoetan, maila teknikoan nahiz antolakuntzakoan. Hobekuntza horiek finantza industriaren metodologia-bilakaeraren ildotik egin dira, baita indarrean sartzen joan diren araudi jarraibideekin batera ere. Horri lotuta, 2014ko otsailean Arriskuaren Kudeaketa Politiken Eskuliburuaren edizio berria onartu dela azpimarratu behar da. Dokumentu horren bidez, Kutxabank S.A.ren Administrazio Kontseiluak formalki ezartzen ditu arriskuaren kudeaketaren barne gobernuko jarraibide orokorrak Kutxabank Talde osorako.
Dena dela, egungo krisi ekonomikoak eta finantzarioak erakundeek ezarritako kontrol-marko guztien egokitasuna probatzen ari da, espero ez zen zorroztasun maila altuaz, gainera. Zentzu honetan, Kutxabank Taldeari ere eragiten diote egun bizi dugun testuinguru hain kontrako honetatik eratortzen diren ondorioek.
Hala ere, arrisku eragile nagusietan Taldeak duen portaera sektorearen batez bestekoa baino hobea da, eta hori arriskuaren kudeaketarako bideratu diren giza baliabide eta baliabide teknikoen egokitasun maila altuaren erakusgarri da. Espainiako nahiz atzerriko finantza-erakunde askok porrot egin dute edo kanpoko kapital txertaketa handiak behar izan dituzte, Taldeak, ordea, emaitza positiboak izaten jarraitu du, baina zikloaren aurreko fasean baino motelagoak, eta bere kaudimen-maila indarrean dauden araudi eskakizunak aise gainditzen dituzten mailetan mantendu dira.
Kutxabank Taldeak egiaztatutako kaudimenak, bere arrisku-zorroaren kalitate ertainarekin batera, sektorearen batez bestekoaren baino nabarmen hobeak, Europako aginte gainbegiratzaileak 2014an burututako erresistentzia proba berriak aise gainditzea ahalbidetu dio. Erresistentzia proba berri horiek Gainbegiratze Mekanismo Bakarra (MUS) indarrean sartu aurreko pausua izan dira. Kutxabank Taldeak Core Tier One Ratio altuena lortu du, estatuko erakunde guztien artean, testuinguru kontrakoenean.