Ekonomia eta Finantza Informazioa
Arriskuen kudeaketa
Arrisku-maila egokiari eustea elementu gakoa da Kutxabank Taldearen kudeaketan, azken finean, jarduerak iraungo duen bermerik onena da eta, ondorioz, jabeen bidez, gizarteari egingo dion ekarpenarena.
Maila hori mantentzeko, hiru elementutan oinarritzen da Taldea: arrisku-mota bakoitza onartzeko politika zuhurra; arriskuak kudeatzeko azpiegitura egokia, alegia, barneko gobernantza eta behar diren baliabide materialak eta langileak daudela bermatzeko; eta tokiko handizkako bankako negozio-eredurako egokiak diren kapitala eta likidezia.
2014ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean Europar Batasunean zuhurtziazko gainbegiratzeari buruzko araudi berria, Basileako Banku Gainbegiratze Batzordearen azken gidalerroak (Basilea III izenaz ezagunak) biltzen dituena. Araudiak oinarri ditu, batez ere, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013/36/UE Zuzentaraua (CRD IV izenaz ezaguna) eta, batez ere, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 575/2013 EB Araudia (CRR izenaz ezaguna).
Espainiaren kasuan, beste hainbat araudirekin osatu da aldaketa hori, azken ekitaldietan zehar jaulki direnak. Horien artean, honako hauek dira nabarmentzekoak: 14/2013 LEGED, Espainiako Zuzenbidea EBko araudi berrietara egokitzeko premiazko neurriei buruzkoa, finantza-erakundeak gainbegiratu eta horien kaudimena egiaztatzeari dagokionez; CBE 2/2014, CRR araudian ageri diren arauzko aukerak egikaratzeari buruzkoa; 10/2014 Legea, kaudimenari eta gainbegiratze zuhurrari buruzkoa; eta 84/2015 EDa, araudia garatzen duena.
Kaudimenari dagokionez, arau-esparru berriak aldaketa nabaria ekarri du, izan ere, eskatzen den gutxieneko kaudimen-maila igotzeaz gain (kalitate oneneko kapitalari dagokionez, batik bat), norberaren baliabideak konputatzeko arauak zorroztu ditu.
Arau berriak erakundeengan eta, ondorioz, jarduera ekonomikoan, izan duen eragina arintze aldera, araua pixkanaka aplikatzeko egutegia prestatu zen, 2019an atalaseen zatia osatzeko eta 2023an konputatzeari buruzko arauen zatia.
Nahiz eta konputatzeko arau berriak zorrotzagoak diren, Kutxabank Taldeak araua indarrean sartu zen unetik lortu du bere kaudimen adierazle nagusiek ordura arte zuten goranzko joera mantentzea. 2015. urtea ixtean, Core Tier I Ratioa %14,61ekoa izan zen (2014ko abenduan, aldiz, %12,8koa), eta Kaudimen Ratio Osoa %14,71koa (aurreko ekitaldian, aldiz, %13,1ekoa).
Ohiko kaudimen ratioez gain, araudi berriak muga ezarri dio finantza erakundeen palankatze globalari. Horretarako, Palankatze Ratioa erabiltzen du, erakunde baten kapitala eta hartzen duen orotarako arriskuaren arteko proportzioa neurtzen duena. Azken krisian, adierazle horrek kaudimena neurtzeko ohiko beste adierazle batzuk baino ahalmen iragarle handiagoa duela erakutsi zuen.
2015. urtea ixtean, %7,7koa izan zen Kutxabank Taldearen Palankatze Ratioa (2014ko abenduaren 31n, aldiz, %7,2koa), Espainiako eta Europako finantza-erakundeen batez bestekoa baino nabarmen hobea.
Aipatutakoez gain, 2015eko ekitaldian 11/2015 Legea ere sartu da indarrean Espainian, kreditu-erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta ebazteari buruzkoa. Lege horren bitartez, Espainiako ordenamendu juridikoan barne hartzen da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014/59/UE Zuzentaraua, kreditu-erakundeak berrantolatu eta ebazteari buruzkoa. Horrez gain, 11/2015 Legea garatzen duen 1012/2015 Errege Dekretua ere onetsi da. Arau horiek guztiek arazoak daudenean finantza-erakundeek jarraitu beharreko gidalerroak ezartzen dituzte, baita erakundeek prest izan behar dituzten fondoen gutxieneko mailak ere (norberarenak eta besteenak), gerta daitezkeen balizko galerei eta horiei lotutako berriz kapitalizatzeko prozesuei aurre egin ahal izateko. Eskakizun berri hori neurtzeko adierazle berria erabiltzen da, MREL Ratioa, alegia. Europar Batzordeak horren inguruko araudia prestatu behar du.
Antolakuntzari dagokionez, arrisku nagusiei aurre egiteko kontrolak hobetzen aritu da azken ekitaldietan Kutxabank Taldea. Hobekuntza horretan emandako aurrerapausoak finantza-industriaren bilakaera metodologikoaren eta arau berrien parean egon dira.
Ildo horretan, azpimarratzekoa da 2015eko apirilean Arriskuei Aurre egiteko Esparruaren lehen edizioa onartu zuela Kutxabank Taldeak. Agiri horren bitartez, taldearen gobernu organoek arriskuak kudeatzeko gidalerro nagusiak ezartzen dituzte modu ofizialean. Agirian biltzen diren gidalerro estrategiko nagusien artean, arriskuari dagokionez Taldeak izan nahi duen mailaren aitorpen ofiziala egiten da, bai orokorrean bai modu zehatzean azalduta, maila kualitatibo eta kuantitatiboan. Azken alderdi horretan, zenbait helburu korporatibo eta alerta-atalase ezarri dira arrisku adierazle batzuetarako, orain arte Taldean garrantzia estrategiko handia izan dutenak. Metrika horien bilakaera aztertuz, Kutxabank Taldeko gobernu organoek baieztatu egiten dute arrisku-maila globala beren estrategiara egokitzen dela.
Horrez gain, Taldeak Recovery Planaren lehen edizioa onartu du, finantza-erakundeak ebazteari buruzko araudi berriak eskatzen duena aintzat hartuz. Halako agiriek, bankuek egoera oso kaltegarriei aurre egiteko duten gaitasuna aztertzeko balio dute. Muturreko egoerek erakundearen finantza-egoera erabat tenkatzen dute, arauzko atalaseak ez betetzetik gertu egon arte.
Duela gutxiko krisi ekonomiko eta finantzarioaren testuinguruan ari dira prestatzen honelako ekimenak. Horien bitartez, erakundeek ezarri dituzten kontrol-marko anitzen egokitasuna probatu da, espero ez zen zorroztasun maila altuan.
Bizi izan dugun testuinguru ekonomiko kaltegarriak Kutxabank Taldean ere izan ditu ondorioak. Hala ere, sektoreko batez bestekoa baino emaitzak baino hobeak izan ditu erakundeak azken urteotan. Arrisku-maila globala kudeatzeko erabili diren giza baliabideak eta baliabide teknikoak oso egokiak izan direla baieztatzen du datu horrek. Finantza-erakunde askok porrot egin duten edo kanpoko kapital txertaketa handiak behar izan dituzten testuinguru hurbileko eta nazioarteko honetan, Kutxabank Taldeak bere emaitzei eutsi die eremu positiboan, hala ere, zikloaren aurreko fasean baino apalagoak izan dira emaitzak, eta bere kaudimen-maila araudien eta gainbegiraleen eskakizunak aise gainditzen dituzten mailetan mantendu da.
Balorazio hori duela gutxi baieztatu zen, Europako Banku Agintaritzak egindako Gardentasun Ariketako emaitzak argitaratu zirenean. Azterketa horren bidez egindako alderaketaren arabera, parametro homogeneotan oinarrituta, Kutxabank Taldea Espainiako finantza-erakunde nagusien lehen postuan dago Core Tier One Ratioari dagokionez, bai phased-in bai fully-loaded bertsioan. Halaber, Palankatze Ratiorik altuena du baita ere Kutxabank Taldeak, gainerako erakundeek baino askoz altuagoa, gainera.