Negozioaren bilakaera
Merkataritza eredua
Konponbideak ziklo berria abiarazteko
Finantzaketaren gorabide globalean norabide aldaketa egon dela ikusi daiteke argi eta garbi
2015. urtean ekonomia eta kontsumoa suspertu ziren, eta horren zantzu argiak egon dira. Ekonomia globala modu orokorrean hobetu eta kontsumitzaileen konfiantza ere apurka-apurka berreskuratu egin zen. Bi faktore horiek erakundearen helburu estrategikoarekin bat egin dute, alegia, inbertsioaren hazkundea irmotzea, partikularrei eta familiei edota enpresa txiki eta ertainei zuzendutako finantzaketa dinamizatuz. Horren ondorioz, bi digituko hazkundeak ikusi ditugu.
Hipoteken merkatuari bultzada ematera bideratutako Kutxabanken eskaintza berriek etxebizitzak erosteko maileguen kontratazioan hazkunde esanguratsu eta jarraitua lortzen lagundu dute. Erreferentziazko produktuak merkaturatzea gertaera garrantzitsua izan da, zalantzarik gabe. Taldearen hipoteka eskaintza kalitatean, prestazioen bidez balio erantsi handia duten produktuetan, bezeroentzako arretan, malgutasunean eta aholkularitza osoan oinarrituta dago. Ezaugarri horiekin, sinatutako hipoteka mailegu berriek Bankuak jarduten duen tokiko merkatuetako batez bestekoa gainditu dute kasu guztietan.
Hazkunde horiei, gainera, mailegu pertsonalen bilakaera positiboa gehitu zaie. Jarduera alor horretan bezero kopurua etengabe areagotzen ari da, eta gero eta gehiago erabiltzen dituzte kanal alternatiboak.
Ekonomiak bizitako inflexioaren adierazle nagusietako bat inbertsio produktiboetara bideratzeko maileguetan egondako hazkunde mailakatua da. Hori dela eta, Finantza Taldeko enpresen finantzaketak etengabe egin du gora ekitaldi osoan zehar. Hiru euskal patronalen laguntzarekin prestatutako ‘Makina Berria’ planaren edizio berriak joera berria sustatu zuen finantzaketen gorabidean. Hori ere ziklo ekonomiko berriaren adierazle da.
Eredua kaudimen kontuetan
Dibertsifikazioa eta laguntza, aurrezteko eta inbertitzeko produktuen eskaintzaren oinarriak
Berriro ere, Kutxabank izendatu dute Espainiako finantza-sistemako erakunderik kaudimendunena. Kalitate goreneko kapital-ratioa du, Europako Banku Zentralak eskatzen duen gutxieneko kapitala aise gainditzen duena. Erakundearen arrisku-maila begi onez ikusten da, baita tokiko bankuaren eredua ere, partikularrei eta ETEei zuzenduta dagoena. Eta arrazoi horiengatik, hain zuzen ere, bezeroek konfiantza dute Kutxabankengan.
Interes-tasak minimo historikoetan egon dira, etengabe behera eginez. Hala ere, testuinguru horretan, aurrezteko eta inbertitzeko aukerak eman dizkie Kutxabankek bezeroei, balio erantsi handiarekin. Horien oinarriak laguntza eta dibertsifikazioa izan dira.
Inbertsio-fondoen kudeatzaile gehienek diru-itzulketa garbiak izan dituzte. Kutxabank Taldea, aldiz, kudeaketa zorrotzari esker, laugarren erakundea izan da bolumenari dagokionez, eta ekitaldi bukaeran fondo-erakarpen garbia lortu duten kudeatzaileak gutxi izan badira ere, horietako bat izan da Taldea.
Kalitatearen balio erantsia
Langileek kalitate maila altua mantentzen dute beti bezeroei arreta pertsonala ematean
Finantza-merkatuak eta tresnak oso azkar aldatzen dira, eta aldaketa horiek eragin zuzena dute ekonomian. Testuinguru horretan, Kutxabankek arreta pertsonalizatua ematen die bezeroei, eta beren beharretara egokitzen diren produktuak eskaintzen dizkie.
Horretarako, kalitate maila altuko arreta ematen duten langileak ditu: 1.372 profesionalek finantza-aholkularien ziurtagiria dute; 200 pertsona baino gehiago Banka Pertsonaleko kudeatzaileak dira; eta beste 200 pertsona Enpresen Banka kudeatzeaz arduratzen dira modu esklusiboan. Aditu horiez gain, bulegoko 150 zuzendari daude.
Kudeatzaile adituek ematen duten arreta begi onez ikusten dute bezeroek. Banka Pertsonaleko 50.000 bezero baino gehiago daude, eta 5 puntutik 4,2 eman diote Kutxabankeko langileek ematen dieten arreta pertsonalizatuari. Horrez gain, horien %82k uste du beste banka pertsonalek eskaintzen duten zerbitzua baino hobea edo askoz hobea dela Kutxabankena.
Bezeroek zerbitzuaren kalitatea aintzatesten dutenez, hain zuzen ere, bezero-kopurua etengabe hazten da, bai Banka Pertsonalekoak bai Banka Pribatukoak. Eta, horrekin batera, bi dibisio horiek kudeatzen dituzten aktiboak ere areagotu egiten dira.
Kutxabankek 18 eta 35 urte bitartekoak bezero ugari ditu. Segmentu hori lehentasuna da Taldearentzako, eta horretan %65eko barnerapen-maila du. 2015. urtean gazteentzako gune berezia sortu du Kutxabankek, ‘Kutxabank Korner’ izenekoa, haien beharretara egokitzen diren produktu eta zerbitzu berriekin, eta fideltasuna aintzatesteko sariekin.
Teknologiaren abangoardian
Contactless, Sticker, V.me, Iupay, Appatxas eta gizarte-sareek gune teknologiko berria osatzen dute
Aurrerapen teknologikoek finantza-erakundea eta bezeroak harremanetan jartzeko era aldatzen dute. Gaur egun, Taldearen bezeroen %60k online banka erabiltzen du, eta %30 internet bidez jarduten da batez ere.
Teknologiaren abangoardian mantentzeko estrategiari helduz, kontakturik gabe ordainketak egiteko ‘contactless’ sistema zabaldu du Kutxabankek Bizkaian eta Gipuzkoan. Araban dagoeneko erabiltzen zuten eta arrakasta izugarria izan zuen. Horrez gain, dendetako 10.000 datafono ordezkatu ditu, eta txartel berriak jaulki dira. Orain, ordainketak egiteko teknologia modernoagoa dute.
Erosketa elektronikoak gero eta ohikoagoak dira, eta Kutxabankek horien segurtasuna eta erosotasuna sustatu nahi ditu. Hori dela eta, ‘V.me by Visa’ izeneko sistema jarri du bezeroen eskura, Internet bidez Europako milaka dendetan erosketak egiteko balio duena, ‘Iupay’ zorro digitalak bezalaxe.
Ordainbideen arloan iraultza ekarri duen ekimen horretan, gainera, ‘sticker’ izeneko tresna berritzailea jaulki du Kutxabankek, telefono mugikorrera itsasten den gailua. Hori eskuan, erosketak kontakturik gabe egin daitezke, txartelarekin bezalaxe. Halaber, aitzindaria izan da ordainbide berri batekin, ‘Appatxas’ izenekoa. Aplikazio horren bitartez, mugikor batetik bestera egin daitezke ordainketak, erraz, berehala eta segurtasun osoz.
Online banka eta Banka mugikorrarekin batera, gazteek gehien erabiltzen dituzten hartu-eman bideak ere bultzatu eta hobetzeko erronka finkatu du Kutxabankek, adibidez, sare sozialak. Horietan 125.000 jarraitzaile ditu gutxi gorabehera.