Negozioaren bilakaera
Merkataritza eredua
Segmentuak
Bezeroak, Kutxabanken jardueraren ardatza
Bezeroak dira Kutxabanken oinarria, konfiantzan eta bezeroekin duen harremanean oinarritzen baitira erakundearen harreman komertzialak. Kutxabank bere bezeroen ondoan dago, umeak izan, gazteak, helduak nahiz nagusiak, haien bizitzaren ziklo desberdinetan, irtenbide, produktu eta zerbitzu berezien bidez. Bere bezeroen beharrizanak ezagutzea eta horiei erantzutea lehentasun goreneko kontua da Kutxabankerako.
‘Gaztedi’ edo ‘A Plana’, milaka jardueratara, ikastarotara eta sustapenetarako sarbidea
Neska-mutil asko dira Kutxabanken bezero, oroitzen dutenetik. Gazteenentzako prestatutako erreferentziazko produktuak honako hauek dira: ‘Gaztedi Aurrezki Plana’, Euskaditik kanpo ‘A Plana’ izenaz ezagutzen dena, eta ‘Gaztedi Kontua’, Estatuko gainerako eskualdeetan ‘A Kontua’ izenaz ezagutzen dena.
Gaztedi Planak mailaz mailako aurrezkia bultzatzen du, komisio barik eta ordainsari interesgarriaz, aldizkako ekarpenez, adin nagusitasunera heltzean, fondoa izan dezaten eskura. Plan horrek heziketa, aisialdi eta denbora libreko jardueren programa osoa jartzen du eskura: udalekuak, prestakuntza eta heziketa campusak, hizkuntza ikastaroak, txangoak, zozketak eta sustapenak.
Desgaitasuna duten umeek era integratuan hartzen dute parte jarduera guztietan. Hala ere, hipoterapia eta zaldiekin bideratutako beste motatako terapiako programa zehatzagoak ere aukeran dituzte.
‘Kutxabank Korner’ gazteentzako gunea da, haientzako bereziki prestatutako zerbitzu eta produktuak dituena eta haien fideltasuna saritzen duena
Gazteak lehentasunezko kolektiboa dira Kutxabankentzat. 2015ean kanpaina irmoa bideratu du, 18 eta 30 urte bitarteko bezeroei zuzenduta dauden finantza-produktu, zerbitzu eta abantaila guztiak marka bakarrean –Kutxabank Korner– biltzeko.
Besteak beste, Nomina Joven Kontua (Gazteen Nomina) sortu du, komisiorik ez duena eta doako zenbait zerbitzu erabiltzeko aukera ematen duena: contactless txartela eta stickerra, online bankaren bidez egindako transferentziak, telefono bidezko banka eta kutxazainak, txekeak sartzea, sustapenak eta zozketak. Eta, horrez gain, nominaren aurrerakina ere eska daiteke, hiru hilabeteri dagokien zenbatekoko mailegu baten bide.
%65etik gorako barneratze-mailarekin, bandintza bereziak dituzten produktu eta zerbitzuak ditu Kutxabankek, etxebizitza edo autoa erosteko, edota ikasketak ordaintzeko lehentasunezko maileguak.
BBK, Kutxa eta Vital kutxen Gizarte Ekintzaren laguntzarekin, Kutxabankeko bezero gazteek aukera dute prestakuntza eta enpleguko programetan parte hartzeko. Beken bitartez, beren ikasketak osatu edota lehen aldiz lan egin dezakete.
Abantaila ez finantzarioen artean, Kutxabank/Gazteak Facebooken dituen 15.000 jarraitzaile inguruk jaialdietarako sarbide-bonoen zozketan parte hartu ahal izan dute, Azkena Rock Festival, Bilbao BBK Live edo Kutxa Kultur Festibala, esaterako, baita Zinemaldiko pase esklusiboetarako sarreren zozketan ere.
‘100%Kutxabank’, milaka jarduera, abantaila eta produktu 60 urtetik gorakoei bideratuak
‘%100 Kutxabank’ markapean, produktu eta zerbitzu katalogo zabala eskaintzen die erakundeak adinekoei, ikuspegi finantzariotik nahiz segurtasuna, osasuna eta aisialdiaren ikuspegitik.
Gero eta handiagoa den kolektibo horrek zenbait abantaila berezi ditu, esaterako, pentsioak kobratzeko aurrerakinak, produktuak baldintza berezitan, sarreren zozketak edo bidaia programa zabala. 2015ean, 9.000 bezero inguru izan dira ‘100% Kutxabank’ katalogo zabalean ageri diren bidaien edo txangoen onuradunak.
Erakundeak milioi erdi bezero baino gehiago ditu 60 urtetik gorakoak eta %50ek baino gehiagok dute pentsioa helbideratuta erakundean. Hiru hilean behin buletina jasotzen dute, ‘Info 100%Kutxabank’ izenekoa, kolektibo horrek zein abantaila dituen azaltzen duena. Besteak beste, honako hauek: pentsioaren aurrerakina kobratzea, hileko 1a baino lehen pentsioa eskura izan dezaten; baldintza bereziak maileguetan, hipoteketan eta aurrezteko produktuetan; sarreren zozketa ikuskizun, ekitaldi edo kiroleko jardueretarako.
Saltegien Plan berria martxan jarri da, produktu, zerbitzu eta tarifa are lehiakorragoekin
Tokiko saltegi txikiak babesteko estrategia iraunkorrari eutsiz, 2015ean anbizio handiko plana garatu du Kutxabankek, Saltegien Plana izenekoa. Horrek biltzen dituen produktu eta zerbitzu berrien bitartez, tarifa egokituekin, erakundeak sektorean duen lidergoa mantendu nahi da.
Harrera bikaina izan dute produktu berriek, adibidez, Kudeaketa Kontua izenekoak. Kontuek izan ohi dituzten hainbat gastu ezabatzen ditu, hala nola, TPV gailuak mantentzeagatik, txekeak sartzeagatik eta hirugarrenei egindako SEPA transferentziengatik.
Horrez gain, Kutxabankek eskualde bakoitzeko saltegiei ematen dien aholkularitza eta arreta, eta egiten dien jarraipena sendotu ditu. Banku-bulegoen sare zabalak saltegien integrazioan aditua den lantaldearen laguntza du ere. Aditu horiek aurrez aurre ematen diete laguntza merkatariei, finantza beharrak zehazten eta behar horietara egokitzen diren konponbideak aurkitzen lagunduz.
Salmentak errazte aldera, ‘Merkataritzako Kreditua’ izenekoarekin, erosketak finantzatzeko aukera ematen diete oraindik merkatariek bezeroei. Era horretan, saltegi horiek merkataritza-guneekin lehia dezakete. Adibidez, ‘0,0%’ izeneko kanpainaren bitartez, Gabonetako opariak finantzatu ahal izan dituzte bezeroek, inolako kostu gehigarririk gabe.
Saltegien Planari esker, 2.224 saltegi berri gehitu ditu Kutxabankek bere bezero-zorroan.
2015ean, Taldeak dituen zenbait lankidetza hitzarmen berritu dira: ‘Gasteiz On’, Vitoria-Gasteizeko Merkatari Elkartea, Bizkaiko merkataritzaren patronala CECOBI, ‘Bilbao Dendak’ elkartearekin eta Getxo Enpresa eta Merkataritza elkartearekin, besteak beste. Gainera, zenbait ekimen sustatu dira, ‘Kultura Bonoa’, ‘Bono Dekor’ eta ‘Bono Denda’, esaterako, saltokietako kontsumoa sustatzeko diseinatuak.
Kutxabankek Estatuko 13.000 enpresekin egiten du lan
2015eko ekitaldian, ETEen kreditu-eskaria hobetu egin da. Testuinguru horretan, Kutxabankek finantza-tresnak eskuragarri jarri ditu ehun produktiboan, enpresei inflexio-puntu horretan laguntzeko.
Euskadin, ‘Makina Berria’ planaren bi edizioek izugarri lagundu dute inbertsio emankorretarako kreditu-eskariaren susperraldian.
Lehen aldiz merkaturatu zenetik –2014ko ekainean– 18 hilabete igaro dira. Epe horretan hazkunde jarraitua egon dela islatzen du inbertsio-eragiketen finantzaketaren gorabideak. Berez, inbertsio emankorretarako kreditu-eskaria %48 hazi da urtean zehar. 2015ean ETEekin hitzartutako finantzaketa, guztira, 1.800 milioi eurokoa izan da.
Kutxabank Enpresak alorrak zerbitzua ematen die urtean 60.000 eurotik gora fakturatzen duten enpresa txiki eta ertainei. Alor horrek 800 enpresa berri gehitu ditu 2015. urtean bere bezero-zorroan. Hori dela eta, Estatu osoko 13.000 enpresari ematen die zerbitzua. Euskadin, hamar enpresatatik zazpik Kutxabankekin egiten dute lan.
Aditu talde horrek 200 enpresa-kudeatzailetik gora ditu eta, gainera, kudeatzaile horiek diruzaintzako, nazioarteko negozioko, aseguruetako nahiz banka pribatuko adituen laguntza dute. Talde horiek norberaren neurriko finantza-irtenbideak bilatzen dituzte eta beharrezko aholkularitza ematen dute nazioartekotze proiektutan, estalduratan, dibisatan, ibilgailu flotatan edo asegurutan.