K Kutxabankeko markaren simboloa

Negozioaren bilakaera

Merkataritza eredua

Produktu aipagarriak

Aurrezkia

Aurrezkia hazi egin da dibertsifikazioari eta laguntzari esker

Bezeroek Kutxabankengan duten konfiantza oso lagungarria da 2015ean aurrezkia geureganatzeari dagokionez lortutako emaitzak. Adituek modu profesionalean eta gardentasunez kudeatzen dituzte produktuak, gaur egun bizi dugun egoera nahasia bezalako egoeretara egokitzen diren bitartekoekin. Interes-tasak oso baxuak direnez, balantzetik kanpoko baliabideetara aldatu dira saldoak behin eta berriz, batez ere inbertsio-fondoetara.

Kutxabankek aurrezteko produktuen katalogo konplexua du, errentagarritasun erakargarriak eta eskuragarritasuna bateratzen dituena. Katalogo horren ezaugarri nagusia dibertsifikazioa da, bai alternatibei bai epeei nahiz aurrezki-eskemei dagokienez.

Kutxabankek gordailuak eta planak eskaintzen ditu, epeak uztartzen dituztenak, eta azterketa pertsonalizatua eskaintzen dutenak inbertsio eta fiskalitate aurreikuspen pertsonalen arabera.

2015ean, xehekako sareek joera positiboari eutsi diote, baliabideak erakartzeari dagokionez. Azpimarratzekoa da, batez ere, sare horien ageriko saldoen hazkundea, %8 baino gehiago hazi dira eta.

Inbertsio-fondoak

‘Kutxabank Gestión’, erakunde kudeatzaile handi baten sendotasuna txiki baten abantailekin

Merkatuetako ezbaiak direla eta, diru-itzulketak egon dira fondoen erakunde kudeatzaile gehienetan. Kudeaketa lan bikainari eta hegazkortasun-maila altua duten inguruneetara egokitutako produktuen eskaintzari esker, erakarpen garbi positiboa izan du Kutxabankek. Talde gutxik lortu dute hori.

Hazkunde hori erabakigarria izan da Kutxabank Gestión eta Fineco erakundeek kudeatutako fondoen garapenean, Banka Pribatuko dibisioak, alegia. Bien bilakaera positiboak ahalbidetu du taldeak kudeatzen duen bolumena sektorearen batez bestekoaren gainetik haz zedila.

11.946 milioi euro baino gehiagoko ondarea kudeatzen du, aurreko ekitaldian baino %15,8 gehiago. Zenbateko hori Espainiako hiru banku handiren erakunde kudeatzaileek bakarrik gainditzen dute.

Zorroen kudeaketa delegatua izan da, berriro ere, fondoen bilakaera ona lortzeko zerbitzurik garrantzitsuena. Bere erakargarritasun nagusia bezero bakoitzaren profil inbertsiogileari doitzen zaizkion zenbait aukera eskaintzean datza, epe luzeko ikuspegi batekin arriskua barreiatuz. Zorro delegatuen kasuan, Kutxabanken talde adituek aukeratzen dituzte errentagarritasun hobea lortzea ahalbidetzen duten inbertsio-fondoak.

Finantzaketa

Hipoteka mailegu berriak %38 hazi dira

Taldeak hipoteka maileguen merkatua erabat aldatu du,2015. urtean bi formula lehiakorrenak merkaturatzean. Interes-tasez gain, prestazioak, arreta, malgutasuna eta aholkularitza osoa ere oso lehiakorrak dira.

Horrela lortu du, hain zuzen, jarduera horretan duen lidergo historikoa. Formalizatutako mailegu berrien hazkundea handia izan da, %38koa; kasu guztietan, jarduten duen eskualdeetan erregistratutako batez bestekoa baino askoz gehiagoa izan da. Mailegu berrien saldoa 1.000 milioi euro baino gehiagokoa da. Datu horrek erakundearen hazkunde aurreikuspenak baieztatzen ditu.

Datu horiek guztiak kontuan hartuta, jatorrizko eskualdeetan %35eko merkatu-kuota mantendu du Kutxabankek gutxi gorabehera.

Interes-tasa finkoan 30 urteko amortizazio-epearekin merkaturatutako maileguak benetako pizgarria izan dira merkatuan. Hazkunde esanguratsuak erregistratu dira, abendura arte sinatutako hipoteka berri guztien %25a bildu arte. Hala ere, bezero gehienek oraindik ere finantzaketa modu ‘klasikoak’ nahiago dituzte, Euriborra erreferentzia izaki.

Berriro ere, gazteen kolektiboak eskatu ditu hipoteka-mailegu gehien, kasu gehienetan, beren lehen etxebizitza erosteko. Segmentu horren urte arteko igoera %30 baino gehiagokoa izan da.

Halaber, Kutxabank izan da Estatuko lehen erakundea ‘social covered fonds’ edo gizartearekiko arduratsuak diren fondoak deritzen horiek merkaturatzen. Irailean, 1.000 milioi euro jarri zituen hipoteka-zedulen edizio berritzaile batean. Horien bidez lortutako irabaziak babes ofizialeko etxebizitzak erosteko, alokatzeko eta sustatzeko maileguak finantzatzera bideratzen dira.

Kontsumorako finantzaketa

Kutxabank Kreditek duen bezero-zorroa, etengabe hazteaz gain, gero eta egonkorragoa da

Kutxabank Kreditek, kontsumorako maileguen Kutxabank Taldearen atalak, ahalegin handia egiten du kontsumoa bultzatzeko, beti ere, kontsumo arduratsua eta analisi, kontrol eta kreditu-esleitze arduratsuaren eredu oso zehatza sustatzen duen filosofian oinarrituta.

Hori dela eta, kontratatutako mailegu pertsonalek %15 egin dute gora, eta gero eta gehiago dira Kutxabank Kredit bitartez jarduten diren bezeroak; baita horien fideltasun-maila ere.

Urte osoan zehar finantzaketa kanpaina bereziak antolatu ditu Euskadiko denden laguntzarekin; autorako mailegu eraginkorra merkaturatu du; eta gero eta gehiago dira maileguak internet bidez kontrata ditzaketen bezeroak. Izatez, online emandako mailegu pertsonalak bikoiztu egin dira.

1,4 milioi pertsonek jaso dezakete Kutxabankek aurretiaz onartutako finantzaketa. Guztira, 24.500 milioi euro esleitu dira.

Aurreikuspena

‘Baskepensiones’ planak BGAEen ondare osoaren %48 biltzen du, eta 280.000 kide inguru ditu

Aurreikuspen produktuek merkatu-kuota, partaide kopurua eta ondare garbia areagotzen jarraitu dute.

Ekarpenen eta erakarpenen hazkundearekin batera, aldaketa mailakatua ikusi dugu bezeroek beren aurrezkiak antolatzeko duten beharrean, etorkizunean erretiratzean jasotzen duten pentsioa osatzeko.

Kudeaketaz arduratzen diren taldeek antolatu dituzten informazio kanpaina irmoak eta tresna berrien erabilera, adibidez, simulagailuak, inbertitzeko modalitate tradizionalaren urtarokotasuna baztertzen ari dira. Izan ere, modalitate horretan ekarpen gehienak urteko azken asteetan egiten dira.

2015ean zehar, Baskepensioneseko ondarea %0,3 hazi da, 5.211 milioi eurokoa izanik; Pentsio Planek, berriz, 1.047 milioi eurokoak, aurreko urtean baino %7,3 gehiago.

Kuxabank Taldeak bere lidergoa sendotu du aurreikuspenen sistema indibidualean, bai partaide kopuruarengatik bai kudeatzen duen ondareagatik, ia-ia guztiaren %48 baita.

Kutxabankek merkaturatzen dituen BGAEen zorroaren %50 eta Pentsio Planen %37 kudeaketa mistoko produktuek osatzen dute. Plan hauen berezitasun nagusia, ‘neurrirakoak’ izenarekin ere ezagunak direnak, zera da: bezero bakoitzaren beharren eta arrisku-profilaren arabera diseinatzen dira. Planak neurrira egiten zaizkie, eta kudeatzaileek jarraipen profesionala egiten dute. Plan hauek 2015. urtean egindako ekarpen berri guztien %74 izan dira.

Aseguruak

Aseguruen eskaintza zabaldu da, eta hobekuntza ugari gehitu

Aseguruen merkaturatzeak hobekuntza eta abantaila berriak gehitu ditu. Erakundeak negozio eta fidelizazio ildo horren aldeko apustua egiten du, merkatuan barneratze-maila ezin hobea dauka eta.

Bezeroei atentzio integrala emateko ikuspegiaren ildotik, Kutxabankekin lotura maila handia mantentzen duten pertsonak saritzeko estrategiari eutsi zaio. Etxebizitza, auto edo bizi aseguru berriak kontratatzeak hainbat abantaila ditu, esaterako, deskontu esanguratsuak, diru-sarrerak Kutxabanken helbideratzeagatik eta bere aseguruen erabiltzaileak izateagatik.

Osasun aseguru pribatuei dagokienez, Kutxabankek aurrehitzarmena sinatu du IMQ institutuarekin, eta horri esker aseguru gehiago eskaini ahal izango ditu finantza-erakundeak. Bankuak Euskadin aseguru pribatuen merkatuan nagusi den (%67tik gorako kuota du) enpresa liderraren polizak merkaturatuko ditu.

Ordainbideak

Kontakturik gabeko txartelak edo mugikor batetik bestera egindako ordainketak hemen

2015ean ‘contactless’ txartelak banatzen jarraitu du Bankuak. Lehenengo Araban banatu ziren, eta orain Gipuzkoara eta Bizkaira heldu dira. Sistema berria ezartzeko, aurretiaz jaulkitako txartelak apurka-apurka aldatu behar izan dira, teknologia hori dakarten txartel berriekin ordezkatzeko. Partikularrentzako ez ezik, saltegientzako ere egon dira aldaketak, azken horiek TPV gailuak aldatu behar izan dituzte eta.

Telefono mugikorretarako ‘Appatxas’ aplikazio berriarekin, Finantza-taldeak dirua partekatzeko modu berritzaile eta erraza jarri du bezeroen eskura. Hura erabiltzeko erraztasuna da aplikazioaren abantaila nagusietako bat. Izan ere, mugikorrarekin mezu bat bidaltzea nahikoa da ordainketa puntualak egiteko, dirua bidaltzeko edo gastuak partekatzeko.

Appatxas telefono batetik bestera egiten ditu eragiketak, kontuaren digituak idatzi beharrik gabe. Aplikazioa erabiltzeko bi gauza besterik ez da behar: erabiltzaileak aplikazioan erregistratuta egotea eta telefono mugikor zenbakiak ordainketa egin nahi duen pertsonaren kontaktuen agendan gordeta egotea.

Horrez gain, Kutxabank teknologia-berrikuntzaren abangoardian dago oraindik, ‘V.me by Visa’ eta ‘Iupay’ izeneko zorro digitalen alde egindako apustuarekin. Bi plataforma horiek, bezeroentzako doakoak direnak, segurtasuna eta erosotasuna hobetzen dituzte merkataritza elektronikoko erosketak egitean. Merkatu-hobi horretako fakturazioa %20 baino gehiago hazten da urtero.