Erakunde Gobernua
Interes-gatazken kudeaketa
Kutxabankek zenbait prozedura ditu ezarrita gobernu-organo nagusiaren barruan interes-gatazkak saihesteko.
Araudi zehatza ere badu, interes-gatazkei, kontseilariekin, akziodun esanguratsuekin eta goi-mailako zuzendariekin zerikusia duten eragiketei, eta taldearen barneko harremanei buruzkoa. Araudi horrek kasu bakoitzean aplikatu behar den prozedura zehaztea du helburu:
- Erakundearen interesa edo Kutxabank Taldean integratutako edozein sozietateren interesa eta horien administratzaileen, Sozietatearen kontseilarien –eta/edo eurei lotutako pertsonen- edo interes-gatazka araudien eraginpean dauden pertsonen interes pertsonala, zuzena edo zeharkakoa, gatazkan sartzen den egoeretan.
- Taldeko sozietateen artean interes-gatazkak dauden egoeretan, zuzena zein zeharkakoa.
- Taldeak kontseilariekin edo eurei lotutako pertsonekin, interes-gatazka araudien eraginpean dauden pertsonekin edo akziodun esanguratsuekin egiten dituen transakzioetan.
- Taldeko sozietateen artean burutzen diren transakzioei edo sinatzen diren akordioei lotutako egoeretan.
Araudi hori Baloreen Merkatuaren arloko Portaerako Barne Erregelamenduan ezarritakoaren osagarri da.
Hori guztia dela eta, interes-gatazka duen Kutxabanken kontseilariak idatziz eman beharko dio horren berri Erakundeari, idazkia Administrazio Kontseiluko idazkariari zuzenduta.
Halaber, interes-gatazka horrek pertsonalki edo lotutako pertsona baten bidez eragiten dion adierazi behar du (azken kasu horretan, pertsona horren izena adierazi behar du), eta interes-gatazka sorrarazi duen egoera deskribatu. Hala badagokio, eragiketaren edo erabakiaren helburua eta oinarri nagusiak zehaztuko ditu, baita horren zenbatekoa edo gutxi gorabeherako zenbatespena, eta Sozietateko (edo Taldeko beste sozietateetako) zein sailekin edo pertsonekin izan duen harremana ere.
Harreman horien berri duenean, eragindako kontseilariak berehala jakinarazi behar du eta, edonola ere, erabakia hartu edo eragiketa burutu baino lehen.
Interes-gatazken gainean zalantzarik izanez gero, kontseilariak Administrazio Kontseiluko idazkariari helarazi behar dio kontsulta.
Kontseilariak ez du inolako ekintzarik burutu behar Administrazio Kontseiluko idazkariak kontsultari erantzun baino lehen. Horrez gain, idazkariak beharrezkotzat edo egokitzat jotzen badu, Auditoria eta Betetze Batzordeari ere helarazi ahal izango dio.
Eragindako kontseilariak ezingo du parte hartu interes-gatazka horri lotutako ebazpen eta bozketa faseetan, ezta horietan egon ere, Administrazio Kontseiluaren nahiz eragiketan edota erabakian parte hartzen duen beste edozein organo sozial, batzorde edo zuzendaritzaren saioa izan. Administrazio Kontseiluko idazkariaren ardura da jakinarazi zaion interes-gatazkaren berri ematea, kontseilariari edo egoera zehatz horren inguruan ebazpena igorriko duten organo eskudunei.
Administrazio Kontseiluko idazkariak Sozietateko kontseilariek dituzten interes-gatazkak erregistratuko ditu, eta aldi oro eguneratuta egongo da, egondako egoera bakoitzari buruzko informazio xehea jasoz.
Sozietateko kontseilariek dituzten interes-gatazken erregistroan, kontseilariek emandako informazioa jasotzen da, Bankuaren helburu sozialarekin bat datorren jarduera berbera, antzekoa edo osagarria egiten duen sozietate bateko kapitalean duten partaidetzari buruzkoa. Baita sozietate horretan duten karguari eta funtzioei buruzkoa ere. Halaber, norberaren edo besteren kontura burutzen dituen bestelako lanak ere jasotzen dira, betiere, Bankuaren helburu sozialarekin bat datorren jarduera berbera, antzekoa edo osagarria denean.
Arestian aipatutako informazioa argitaratu egin liteke, araudi aplikagarrietan ezarritakoari jarraiki.