Erakunde Gobernua
Gobernuko goi-organoa izendatzeko, hautatzeko eta eskumenak ebaluatzeko prozesuak
Administrazio Kontseiluko kideak Akziodunen Batzar Nagusiak izendatzen ditu. Batzorde Delegatuetako kideak, aldiz, Administrazio Kontseiluak. Hori guztia legez ezarritako prozedurei eta Kutxabanken Estatutuei jarraiki. Horretarako, aurretiaz aldeko txostena igorri beharko du Izendapen Batzordeak.
Sozietateak badu Administrazio Kontseiluko kideen, zuzendari nagusien eta antzekoen, barne kontroleko funtzioaren arduradunen eta Kutxabanken eguneroko jarduerarako beste zenbait lanpostu gakoen egokitasuna ebaluatzeko politika, Administrazio Kontseiluak onartutakoa.
Gauzak horrela, haien egokitasuna aztertzeko, beren zintzotasun komertzial eta profesionala, ezagutzak eta eskarmentua hartzen dira kontuan. Administrazio Kontseiluko kideen kasuan, gobernu onari buruzko alderdiak ere ebaluatzen dira, zenbait adierazleren bidez, esaterako, dedikazio gaitasuna, independentzia eta interes-gatazkarik dagoen.
Bestalde, Erakundeak Administrazio Kontseiluari zehazki aplikatzen zaion berdintasun politika onartu zuen 2015eko otsailaren 26an. Horren bitartez, epe ertainera edo luzera, bete gabeko lanpostuak daudenean, gizon eta emakume kopuruaren arteko oreka hobetu behar da, emakume gehiago kontratatuz. Izan ere, gaur egun gizon baino emakume gutxiago daude lanean erakundean. Helburu horretarako, zenbait gidalerro gehitu dira, Izendapen Batzordeak aintzat hartu beharko dituena.
Administrazio Kontseiluko presidentea, 2014ko azaroaren 28ko Sozietatearen Administrazio Kontseiluaren bileran izendatua, kargu betearazlea da.
Horrez gain, Sozietateko presidente betearazlea ere bada, eta horren gisa funtzio hauek ditu:
- a) Estatutuak betetzen direla eta Batzar Nagusiaren zein Administrazio Kontseiluaren akordioak zehatz-mehatz errespetatzen direla egiaztatzea.
- b) Sozietatea eta hark eskaintzen dituen zerbitzu guztiak ikuskatzea.
- c) Kontseilari delegatuarekin eta zuzendaritza nagusiekin batzartzea, negozioen bilakaerari buruz egunean egoteko.
Administrazio Kontseiluak urtero ebaluatzen du Administrazio Kontseiluko presidentearen lana. Ebaluazioa egiteko, Izendapen Batzordeak helburu horrekin igorri duen txostena du oinarri.
Beste alde batetik, urteko prestakuntza plan bat ere badu Kutxabankek, Administrazio Kontseiluak onartu duena. Horren arabera, hilero prestakuntza saioak antolatzen dira, goi-organoari buruzko ezagutzak zabaltzeko ekonomiari, ingurumenari eta gizarteari lotutako gaien inguruan.
Halaber, Kontseiluaren Atariak Arauzko Panoramak jartzen ditu gobernu-organoko kideen eskura, CECAren Arauketa eta Ikerketa Sailak egindakoak. Horien bidez, finantzen arloan egon diren arau aldaketak jakinarazten dira.
Administrazio Kontseiluak berak, urtean behin gutxienez, bere eraginkortasuna aztertu eta ebaluatu behar du, eta dauden hutsak konpontzeko neurri egokiak hartuko ditu, halakorik balego.
2015eko otsailaren 5ean egindako administrazio Kontseiluaren bileran, aho batez onartu zen Administrazio Kontseilua ebaluatzeko prozedura abiaraztea. Kontseilari koordinatzaileak antolatu zuen, eta Erakundearen Gobernu-organoen Idazkaritzaren laguntzarekin burutu zen.
Prozesu horretan, kontseilari bakoitzari galdetegi bat eman zitzaion, Administrazio Kontseilua ebaluatzeko oinarria izango zena. Eta, hala zegokion kasuetan, hobekuntzak ere proposatu ziren.
Galdetegiak aztertu eta gero, emaitza positiboak jasotzen zituen txostena prestatu zuen kontseilari koordinatzaileak. Bertan, zenbait jarduketa proposamen ere ageri ziren, Kontseiluak aho batez onartu zituenak. Zehazki, honako hauek:
- Dokumentazioa helarazteko modua hobetzeko neurriak.
- Batzorde Betearazlean eta Administrazio Kontseiluan aztertuko diren gaien jakinarazpena.
- Administrazio Kontseiluan aztertuko diren gaien jarraikako jarraipena.
- Hobekuntzak kontseilarien prestakuntza planean.
Horrez gain, Kutxabanken Gobernu-organoen Idazkaritzak beste txosten bat prestatzen du urtero, Administrazio Kontseiluaren funtzionamenduari eta eraginkortasunari buruzkoa.
Azken txostenaren konklusioa zera izan zen: 2014ko ekitaldian Administrazio Kontseiluak eta haren Batzorde Delegatuek modu egokian jardun zutela, eta beren eskumenekoak diren funtzioak ere egoki burutu zituztela, aplikagarriak zaizkien arau positiboetan eta barneko arauetan ezarritakoarekin bat.