K Kutxabankeko markaren simboloa

Ekonomia eta Finantza Informazioa

Arriskuen kudeaketa

Kreditu-arriskuak (kreditua, aurkako alderdia, herrialdea, subiranoa)

Txosten honen aurreko atal batean deskribatu den moduan, aurreko bi ekitaldietan hasitako suspertze ekonomikoaren bideari jarraitu zaio 2016an, eta horri esker, langabeziaren zifrak nabarmen jaitsi dira. Horrek eragin positiboa izan du finantza-erakundeek izan ditzaketen kreditu-arriskuen batez besteko kalitatean.

Testuinguru ekonomiko eta finantzarioarekin bat etorriz, Kutxabank Taldearen kreditu-inbertsioaren berankortasun-tasak aurreko ekitaldian hasitako jaitsierarekin jarraitu du 2016an, eta itxieran % 6,78an kokatu da, 2015ean itxi zen % 8,65aren nabarmen azpitik.

Berankortasun-tasa hori Espainiako finantza-sektorearen batezbestekoak izandakoaren nabarmen azpitik dago (% 9,11 Beste Sektore Egoiliar batzuetarako Kredituen kasuan), azken datu horrek kanpotik datozen zenbait eragin garrantzitsu jasotzen dituen arren, hala nola aktibo arazotsuak SAREBera aldatzea (2012 eta 2013 urteetan), edo zalantzazko aktiboak hirugarreni saltzea.

Kutxabank Taldearen kasuan, zalantzazko aktiboen zati oso handi bat higiezinak sustatzeko sektorean (oraindik likidazio-fasean dagoena) eta etxebizitzen hipoteka-zorroan egindako eragiketak dira. Azken honen berankortasun-maila hobetu egin da 2016an, % 3,56an kokatu arte, Espainiako finantza-sektorearen batezbestekoaren nabarmen azpitik ere bai.

Hala ere, kreditu-zorroaren batez besteko kalitatearen hobekuntzarekin bat etorriz, Taldeak bere aktibo arazotsuen zorroa saneatzeko egindako esfortzua aurreko ekitaldietan egindakoa baino txikiagoa izan da, eta 2016ko ekitaldia zalantzazko aktiboen % 48,15eko estaldura orokorreko tasarekin amaitu du. Estaldura-tasa handia da, Taldearen zalantzazko aktiboen % 87k baino gehiagok lotutako benetako bermeren bat dutela kontuan hartzen badugu.