Ekonomia eta Finantza Informazioa
Arriskuen kudeaketa
Finantza-arriskuak (likidezia, merkatua, interes-tasa, kanbio-tasa)
Likidezia-arriskuari dagokionez, Kutxabank Taldeak bere maniobra-fondoan eta bezeroen gordailu egonkorretan oinarritutako finantzazio-egitura bat du. Horri esker, handizkako finantzaziorako aukera maila erabilgarrietan mantentzen da, dibertsifikazio handiarekin finantzazio-hornitzaileei eta mugaegunei dagokienez.
Horrez gain, handizkako finantzazio-merkatuek 2014 eta 2015 ekitaldietan hasitako bilakaera positiboarekin jarraitu dute, eta finantza-sektoreak izan duen desapalankatze-prozesuarekin batera, 2016ko ekitaldian, handizkako merkatuetatik etorritako finantzazio-bolumenarekin murrizketa jarraitu du, horrekin lotutako finantza-kostuak maila murriztuetan mantenduz.
Balore kotizatuen zorroei atxikitako merkatu-arriskuari dagokionez, arriskuen maila murriztu da, ekitaldian zehar Taldeko partaidetuen zorroan egindako desinbertsioengatik. Atal honetan, mota honetako aktiboekin lotuta dauden diru-sarrera garbi handiak (dibidenduen nahiz gainbalioen bidez) eta zorro horretan dauden gainbalio-mailak mantentzea lortu du.
Bestalde, Taldeak duen Zor Publikoko zorroarekin lotutako merkatu-arriskua nabarmen txikiagotu da.
Interes-tasaren arriskuari dagokionez, Taldeak mugaegunen egitura eta bere aktibo eta pasiboen errepreziazioa kudeatzen jarraitzen du, Europako Banku Zentralak egindako diru-politikak (interes-tasa baxuetan edo baita negatiboetan ere oinarritutakoa) interesen marjinan izaten ari den eragina txikiagotzeko. Tasen maila horiek aurretik inoiz ikusi ez diren mailetan daude eta zorpetuta dauden eragile ekonomikoen finantza-bideragarritasunari laguntzeko, eta, beraz, jarduera ekonomikoari ere laguntzeko dira. Hala ere, nabarmen zailtzen dute finantza-erakundeek finantza-marjinak lortzea.