Kudeaketaren Ikuspegia eta Jardunaren Adierazleak
Dimentsio ekonomikoa
Kudeaketa ikuspegia
Behin, 2013an, bat-egite orok galdatzen duen giza integrazioa, prozesuena eta sistemena gaindituta, 2014an, arreta banku-negozioaren kudeaketan zentratu da eta bezeroen beharrizanak artatzean.
Sektore ekonomiko guztietako krisialdia orokorra bada ere, negozioaren kudeaketa egokiak bere aktiboen onbideratze-maila igotzea ahalbidetu dio Kutxabanki eta zuzkidura handiak egin izan behar baditu ere, emaitza positiboak lortzen jarraitu du. Emaitza horiek ondare-egoera sendoan mantentzen dute etorkizunari begira.
2014ko magnitude esanguratsuenen laburpena honako hau da:
- 150.325 mila euroko mozkina lortu du, hau da, %38,8ko hazkundea iazkoaren aldean
- Core Tier I %12,7 eta %13,1 kaudimen-koefizientea
- Eraginkortasun-ratioa %61,7
- Berankortasun-ratioa %10,68 (%7,99 Kutxabank indibiduala), estaldura-ratioa %57,0
Kutxabank Taldeak mozkin positiboak lortu ditu 2014an, 150.325 mila euro –CajaSur-ek ere 11.945 mila euroko ekarpen positiboa egin du- Espainiako finantza-erakundeetarako testuinguru zailean, banku-marjinen gaineko presio gogorraren eraginez, interes-tasen maila oso baxuagatik nahiz berankortasunaren etengabeko hazkundeagatik, zailtasunetan zegoen bankari eman zaizkion laguntzak Kutxabanki ekarri dizkion eraginak ahaztu gabe (SAREB, Gordailu Berme Fondorako ezohiko ekarpenak, e.a.). Honek ez du eragotzi taldeak, hornidurei dagokienez, bere zuhurtzia ohiko politikari eustea. Eragile zigortzaile horiek guztiek marjinen kudeaketak konpentsatu ditu, zerbitzuengatiko etekinek eta kostuei eusteko politikak, azken urteetako joerari jarraiki.
Kudeatutako Bezeroen Baliabideen bolumena 63.132 milioi eurora igo da, hau da, aurreko ekitaldian baino %1,1 gehiago. Bilakaera positibo hori xehekako sareetan oinarritzen da, %5,0 hazi baitira, eta Enpresa sarearen hobekuntzan, %5,9 hazi baita. Interes-tasak gutxieneko historikoetan dauden testuinguru honetan, bezeroak balantzetik kanpoko produktuetara bideratzen dituen politika komertzialaren alde egitea erabaki da, errentagarritasun erakargarriagoen bila. Horren ondorioz, balantzetik kanpoko baliabideei dagokien atalak %23,6ko urte arteko igoera izan du, eta inbertsio-fondoen hobekuntza berezia nabarmendu da, horien saldoak %37tik gora hazi baitira. Ageriko gordailuen bilakaera ere aipagarria da, %6,0 hazi baitira 2013koen aldean, eta hori Kutxabankek bere bezeroekin duen hartu-emanaren sendotasunaren ezaugarri da. Eperako gordailuak, ordea, %10,4 jaitsi dira, saldoak balantzetik kanpoko produktuetara joan baitira, aipatu denez. Likidezia tentsiorik ez izanak bankuaren finantzaketa egitura orekan izan dadila ahalbidetu du, nahiz eta eperako gordailuak murriztu. Fondoen kudeaketa lan bikainak Estatuko laugarren aktibo-kudeatzaile handienaren lekuan kokatu du Kutxabank Taldea.
Adierazi denez, Xehekako Negozio Sareek %5,0 handitu dituzte haien baliabideak, eta Inbertsio Fondoetan %34,3ko hazkunde nabarmena izan dute eta %6,4koa Pentsio Planetan. Bere aldetik, Handizkako Sareek %0,6ko jaitsiera txikia izan dute, sektore publikoari egotzi dakiokeena. Erakunde Bankak eta Enpresa Bankak, ordea, hazkunde positiboak dituzte, %1,2 eta %5,9, hurrenez hurren, eta gerikoaren atalaren portaera ona nabarmendu da, erakundeak enpresekin duen loturaren ezaugarri, bereziki bere jatorrizko lurraldeetakoekin.
Kutxabanken kreditu inbertsio garbiak %4,9ko jaitsiera izan du, 43.467 milioi eurora iritsi arte (46.167 milioi euro termino gordinetan). Dena den, sistemaren desapalankatzea leundu egin da2014an, moteldu egin delako, eta ondorioz, inbertsioaren erorketa erritmoak, oraindik ere, negatiboki eragiten diote bolumenen urte arteko bilakaerari. Eragin negatibo hori kreditu sustatzailearen aurreko arriskuaren murrizketarenari batzen zaio eta zalantzazko aktiboen murrizketari ere bai.
Hala ere, urte osoan ikusi dira kreditu eskaeraren eta maileguen kontratazioen berpiztearen zantzu argiak eta, nahiz eta, oraindik ez dituzten amortizazioak eta kreditu murrizketa naturalak konpentsatzen, inflexio puntu argia erakutsi dute inbertsioaren bilakaeran. Horrela, eta jatorrizko lurraldeetan duen hipoteka-kuota altuan oinarrituta (%35etik gertu EAEn eta %29tik Kordoban) eta emandako arriskuen kontrol zorrotzean, hipoteka-maileguen kontratazio-bolumena xehekako sareetan %31 hazi da 2013koen aldean. Era berean, kontsumorako mailegu pertsonalen kontratazioaren igoera nabarmendu behar da, %26 gehiago, eta Kutxabankek kontsumoaren eta komertzioaren berpiztearekin duen konpromisoa erakusten du gainera, bezeroaren ezagutzan, analisian, kontrolean eta kredituaren esleipen arduratsuan oinarritutako bere eredu historikoa ezarriz.
Kutxabanken Ondare Garbia 5.024 milioi eurora iristen da, eta horri esker, finantza-sistemako erakunde kapitalizatuenen artean jarraitzen du. 2014an kapitalari buruzko araudi berria sartu da indarrean (CRD IV / CRR) eta Basilea IIIko akordioak araudi komunitariora lekuz aldatu ditu. Kapital kantitate eta kalitate terminotan zorrotzagoa den araudi berri horren mendean ere, Taldearen kaudimen ratioak sektorearen buruan daude. Core Capital “phased in” ratioa %12,7ra iritsi da (%12,5 “Fully Loaded” bertsioan) eta orotarako kaudimen koefizientea %13,1ean dago. Gogoraraztea komeni da, hori guztiori inolako laguntza publikotara jo barik lortu dela, kapitala hartu barik ezta merkatuan, eta are gutxiago bezeroen artean, kokatutako tresna hibridoetara ere. Kokapen sendo horrek Espainiako finantza-sistemako erakunde kaudimendunena eta Europako lehenengoetarikoa izatea ahalbidetu dio Kutxabanki, BCEk, Europako Banku Agintearekin lankidetzan, Europako 130 kreditu erakunde nagusiei egindako banku ebaluazio globalaren emaitzen arabera (“Comprehensive Assessment”).