Gira tu dispositivo a modo "landscape"
Fiskalitateari lotutako administrazio-gestioak izaten dira, ziurrenik, norberaren kontura lan egiten duten gehienek gutxien atsegin duten gaietako bat. Aurrekontuak eta fakturak egitea, BEZren hiru hilean behingo aitorpena eta PFEZ… autonomo askok beren gain hartu behar dituzten zereginak izaten dira, beren eguneroko lanarekin zerikusirik izan gabe eta horri buruzko prestakuntza espezifikorik aurretik jaso izan gabe.
Izan ere, enpresa-ekimenarekin hasten denean edozein autonomok izaten duen lehenengo zalantzetako bat aurre egin beharreko zergei lotuta egoten da. Zeintzuk dira? Nola ordaintzen dira? Zenbat? Beren kontura lan egiten duten guztiek bi zerga-mota ordaindu eta horiei dagozkien aitorpenak aldian-aldian aurkeztu behar dituzte, autonomoen kuota ordaintzeaz gain:
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ).
Aurreikusitakoaren arabera, urtean zehar jasoko dituzun diru-sarreren arabera Ogasunari eman beharreko aurrerakinak dira PFEZaren atxikipenak. Nahiz eta autonomo talde batzuek ez duten horrelako atxikipenik sartu behar fakturetan (adibidez, partikular bati zerbitzua ematen dion igeltsero baten kasua), lanbide eta jarduera artistikoetan alta emanda daudenek (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren 2. eta 3. atalak) %15eko atxikipena sartu behar dute horietako bakoitzean, 2023rako indarrean dagoen araudiaren arabera.
Horrek ez du esan nahi zeuk zuzenean Ogasunean sartu behar duzunik: berez, izapide hori zure zerbitzuaren azken hartzaileak, hau da, zure bezeroak egin behar du. Edonola ere, faktura bakoitzean, PFEZren %15eko atxikipena kendu behar diozu zenbateko gordinari, bezeroak diru-kopuru hori zure izenean ordain dezan.
Autonomo gisa alta egiten baduzu, lanean hasten zaren ekitaldian eta hurrengo 2 urteetan, ezarri beharreko atxikipenaren ehunekoa %7 izango dela kontuan izan behar duzu.
Atxikipen horrekin batera, aitorpena aurkeztu beharko duzu hiru hilean behin eta, bertan, zenbateko jakin bat aurreratu beharko duzu PFEZ gisa, 130 inprimaki-ereduaren bidez. Ekitaldi horretako errenta-aitorpena egiten duzun unean, PFEZri dagokionez egin dituzun ordainketa guztiak zenbatuko dira, Ogasunak ordaindu behar duzun ala itzuli behar dizuten erabaki dezan.
Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ).
Kontsumoaren gaineko zerga hori azken kontsumitzaileari dagokio, hau da, zure bezeroei, baina, egiaz, zuk kobratu behar duzu faktura bakoitzean, eta aldian-aldian Ogasunari ordaindu; hau da, Ogasunaren eta azken kontsumitzailearen arteko bitartekari gisa jardun behar duzu. Zure konturako profesionala zaren aldetik, BEZren aitorpena aurkeztu behar duzu hiru hilean behin, eta zure jarduera laburbiltzen duen beste bat urtero, hiruhileko lau aitorpenen araberakoa.
Hiruhileko aitorpenetan, alde batetik, bezeroei hiruhileko horretan egindako faktura bakoitzean jasanarazi diezun BEZa sartu eta ordaindu beharko duzu eta, bestetik, lan egiteko zure gain hartu beharreko gastu eta inbertsioengatik (adibidez, ordenagailu bat, inprimagailu bat eta abar erosteagatik) ordaindu behar izan duzuna. Horrela, hiruhileko bakoitzean Ogasunari ordaindu beharko diozun zenbatekoa zure bezeroei jasanarazitako BEZ eta zuk jasandako BEZ kengarriaren arteko aldea izango da. Azken kopuru hau jasanarazitakoa baino handiagoa bada, aldea itzultzeko eska diezaiokezu Ogasunari. BEZren tasa orokorra %21ekoa da, baina jardueraren arabera, murritza izan daiteke (%10) edo oso murritza (%4) ere izan daiteke. Taula honetan BEZaren zerga-tasak aurkituko dituzu.
BEZaren hiruhileko aitorpena 303 inprimaki-ereduaren bidez egiten da eta dagokion hiruhilekoaren ondorengo hilean aurkeztu behar da: apirilean, urtarriletik martxora arteko eperako; uztailean, apiriletik ekainera artekorako, eta horrela hurrenez hurren. BEZren urteko inprimaki-eredua 390 da eta ekitaldi osoko jardueraren laburpena osatzen du.
Autonomoen kuota.
Aldez aurretik, norberaren konturako langileek Langile Autonomoen Araubide Berezian alta egin behar dute eta dagokion hileko kuota ordaindu. 2023ko urtarrilaren 1ean kotizazio-sistema berria sartu da indarrean. Sistema horren arabera, langile autonomoek urtean zehar izango dituzten benetako diru-sarreren zenbatespena egin beharko dute eta, horren arabera, 15 tarte berrietako bat aukeratu beharko dute. Horrela, pertsona autonomo bakoitzaren kuota kalkulatzeko, %31,2ko kotizazio-tasa aplikatuko zaio tartearen barruan kotizazio txikienaren eta handienaren artean aukeratutako kotizazio-oinarriari. Autonomo berria izanez gero, 80 €-ko hileko tarifa laua ezarri da jardueraren lehen 12 hilabeteetan, beste 12 hilabetez luza daitekeena, diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik badaude.
Ikusten duzunez, fiskalitatea zure jarduera profesionalari autonomo gisa gehitu behar diozun zeregin gehigarria da, ekintzaileen unibertsoan egoteak hainbat onura ere dakartzan arren. Kutxabankek hainbat zerbitzu ditu saltokien eta zu bezalako autonomoen beharrizanei erantzuteko eta zuen eguneroko kudeaketan laguntzeko: zuen enpresen beharrizanei erantzuteko asmoz diseinatuta dauden kontu profesionalak, finantzatzeko aukerekin eta aseguruekin batera, zuen lasaitasuna bermatzeko.