K Kutxabankeko markaren simboloa

4. Erakunde Gobernua

4.2. Jasangarritasun gaien inguruan interes-taldeei eta goi-mailako organoari kontsultak egiteko prozesuak10

Kutxabanken eta Cajasur-en (gaur egun, akziodun bakarra) akziodunek Erakundearen Estatutuetan eta indarrean dagoen merkataritza araudian, bereziki, Kapital Sozietateei buruzko Legean, aurreikusitako neurriak erabil ditzakete Administrazio Kontseiluari gomendioak edo oharrak jakinarazteko.

Horretarako, erakundearen organo burujabea den Akziodunen Batzar Nagusira joateko eta bertan botoa emateko duten eskubideaz baliatuta, administrazio kontseiluari aipatutako Batzordeak legean aurreikusitako gehiengoez adosten dituen gomendioen berri eman ahal diote. Cajasur-ek administrazio-organoari jakinarazi ahal dizkio erabakitzen dituen gomendioak.

Lehenago ere aipatu bezala, Batzar Nagusia Administrazio Organoaren gizarte-kudeaketa, hala badagokio, onartzeko organo eskuduna izango da, eta baita horren kideak kargutik kentzeko eta izendatzeko eskuduna ere.

Langileekin hitz egiteko baliabideei dagokienez, erakundearen intranet, presidentearekin eta kontseilari delegatuarekin egindako bilerak eta barne postontziak aipatu behar dira.

Bezeroekin zein gizartearekin dugun harremana aztertzeko eta haiengandik informazioa, iruzkinak, iradokizunak eta abar jasotzeko, merkatu-azterketak, kontsultak eta inkestak egiten dira noizean behin. Marketin Sailaren bitartez edo harremanetan jartzeko beste kanal batzuk erabiliz egiten dira: Bezeroen Arretarako Zerbitzuaren postontzia, negozioaren webgunearen bitartez atzitu daitekeena; jasangarritasun postontzia, erakundearen webgunearen bitartez atzitu daitekeena; eta solicitudes@kutxabank.es postontzia.

Hornitzaileen eta kidetutako enpresen iritziak Kontratazio eta Erosketen Atalaren eta Partaidetuen Sailaren bidez helarazten zaizkigu. Horietako langileak etengabe daude harremanetan. Noizean behin, beharrezkoa dela uste denean, informazioa lortzeko ekintza zehatzagoak burutzen dira. 2015. urtean egin zen halako azkena, bankuaren interes-taldeen ustetan lehentasunezkoak ziren gaiak zeintzuk ziren jakiteko, eta horiei buruzko informazioa helarazteko.

GEE sailak, bankuaren jarduketaren gainean interes-taldeek egiten dituzten iruzkin garrantzitsuenak helarazten dizkie Goi-zuzendaritzako kideei eta Administrazio Kontseiluari, horien berri izan dezaten eta, hala erabakitzen badute, egokitzat jotzen dituzten neurriak hartu edo ekintzak burutu ditzaten.

Beste alde batetik, ekonomiari, ingurumenari eta gizarteari lotutako Kutxabanken eraginak, arriskuak eta aukerak identifikatu eta kudeatzeari dagokionez, Administrazio Kontseiluak honako eskumen hauek ditu:

  • Ordainsari politika eta kontseilarien ordainsariak ezartzea, Ordainsari Batzordearen proposamenari (Kutxabanken kasuan) eta Izendapen eta Ordainsari Batzordearen proposamenari (Cajasur-en kasuan) helduz, Akziodunen Batzar Nagusiari dagozkion eskumenak gorabehera.
  • Erakundearen goi-mailako zuzendariak izendatzea edo kargutik kentzea erabakitzea, horien ordainsari politika eta kontratuaren oinarrizko baldintzak onartzea eta, kargutik kentzekotan, egokituko litzaiokeen kalte-ordaina zehaztea.
  • Dibidenduen politika prestatzea, Cajasur-en kasuan, sozietatea nagusiarekin, eta dagozkion akordio proposamenak egitea Batzar Nagusiari. Bestalde, dibidenduen bidez egingo diren ordainketak erabakitzea.
  • Batzar Nagusiak onetsitako akordioak burutzea eta Batzar Nagusiak agindu dion edozein lan egitea.
  • Sozietatearen eta Taldearen estrategiak eta politika orokorrak prestatzea, Cajasur-en kasuan sozietate nagusiarekin lankidetzan, programak prestatzea eta helburu sozialeko jarduera guztiak betetzen direla bermatzeko helburuak ezartzea. Zehazki, honako hauek onetsiko ditu Administrazio Kontseiluak:
    • Urteko aurrekontua.
    • Inbertsio eta finantzaketa politika.
    • Gizarte erantzukizun korporatiboko politika.
  • Erakunde-gobernu sistema zehaztea, Sozietatea eta Taldea modu garbian eta zuhurtziaz kudeatzen direla bermatzen duena (erakundean zereginak modu egokian banatzen direla eta interes-gatazkak prebenitzen direla). Baita hura aplikatzen dela ziurtatzea eta horren erantzule izatea. Horretarako, Administrazio Kontseiluak sistema horren eraginkortasuna kontrolatu eta ebaluatuko du, gutxienez, hilean behin, eta egon daitezkeen hutsak konpontzeko neurri egokiak hartuko ditu.
  • Sozietatearen kudeaketa sustatu eta gainbegiratzea, baita finkatutako helburuak betetzen direla ere.
  • Kontabilitateko eta finantzako informazio-sisteman osotasuna bermatzea, kontrol finantzarioa eta operatiboa barne, eta legedi aplikagarria betetzen dela egiaztatzea.
  • Bankuari buruzko informazioa eta jakinarazpenak zabaltzeko prozesua gainbegiratzea.

Ez Kutxabankek, ez Cajasur-ek ez diete interes-taldeei galdetzen Administrazio Kontseiluaren kudeaketari buruz. Aurrekoari kalterik egin gabe, Akziodunen Batzar Nagusiak, Cajasur-en kasuan Akziodun Bakarra denak, urtean behin, Administrazio Kontseiluaren kudeaketa soziala onetsi behar du, eta edozein unetan hura baliogabetu ahal du.

Halaber, aipatutako interes-taldeek, egindako ekintzei lotuta, erantzukizun ekintzak burutu ditzakete Administrazio Kontseiluaren aurrean, legedi aplikagarrian ezarritakoari jarraiki.




10 G4-37, G4-45, FS5