K Kutxabankeko markaren simboloa

4. Erakunde Gobernua

4.3. Gobernuko goi-organoa izendatzeko, hautatzeko eta eskumenak ebaluatzeko prozesuak11

Administrazio Kontseiluko kideak Akziodunen Batzar Nagusiak izendatzen ditu. Batzorde Delegatuetako kideak, aldiz, Administrazio Kontseiluak. Hori guztia legez ezarritako prozedurei eta Kutxabanken Estatutuei jarraiki. Horretarako, aurretiaz aldeko txostena igorri beharko du Izendapen Batzordeak.

Bestalde, Cajasur-en Administrazio Kontseiluko kideak Akziodunen Batzar Nagusiak (Akziodun Bakarra) izendatzen ditu. Batzorde Delegatuetako kideak, aldiz, Administrazio Kontseiluak. Hori guztia legez ezarritako prozedurei eta Cajasur-en Administrazio Kontseiluaren Arautegiari eta Gizarte Estatutuei jarraiki. Horretarako, aurretiaz aldeko txostena igorri beharko du Izendapen eta Ordainsari Batzordeak.

Bi Sozietateek badute Administrazio Kontseiluko kideen, zuzendari nagusien eta antzekoen, barne kontroleko funtzioaren arduradunen eta Kutxabanken eguneroko jarduerarako beste zenbait lanpostu gakoen egokitasuna ebaluatzeko politika, Administrazio Kontseiluak onartutakoa.

Gauzak horrela, haien egokitasuna aztertzeko, beren zintzotasun komertzial eta profesionala, ezagutzak eta eskarmentua hartzen dira kontuan. Administrazio Kontseiluko kideen kasuan, gobernu onari buruzko alderdiak ere ebaluatzen dira, zenbait adierazleren bidez, esaterako, dedikazio gaitasuna, independentzia eta interes-gatazkarik dagoen.

Halaber, Kutxabankek Kutxabank SAko Administrazio Kontseiluko kide gisa izendatzeko hautagaiak aukeratzeko Politika bat du. Hauexek dira helburuak: (i) hautagai bat hautatzeko, eta geroago, hala badagokio, Bankuko Administrazio Kontseiluko kide izendatzeko beharrezkoak diren gaitasunak eta eginkizunak deskribatzea, eta (ii) kargu horretan zenbat denbora eman beharko duen deskribatzea.

Era berean, Kutxabankeko, eta hala badagokie, Kontseiluko Batzorde Delegatuetako baten kide gisa izendatzeko bete beharko dituzten eginkizunak eta gaitasunak jasotzen dira politika horretan. Gaitasun horiek Batzorde Delegatuaren arabera aldatuko dira.

Horrez gain, 2017. urtean, Administrazio Kontseiluak Presidentearen, kontseilari delegatuaren eta Kutxabankeko Administrazio Kontseiluko gainerako kideen Ondorengoen Plan bat onartu du. Bere helburua da Administrazio Kontseiluan (Presidentearen eta kontseilari delegatuaren karguak barne) eta Kutxabankeko Batzorde Delegatuetan bete gabe geratzen diren lanpostuak arintasunez eta ordenatuta ordezkatzeko aukera ematen duen politika bat ezartzea. Horrela, plaza hutsak geratzen badira, Erakundearen ohiko jardueran ez du eraginik izango.

Bestalde, bi sozietateek Administrazio Kontseiluari zehazki aplikatzen zaion berdintasun politika onartu zuten. Horren bitartez, epe ertainera edo luzera, bete gabeko lanpostuak daudenean, gizon eta emakume kopuruaren arteko oreka hobetu behar da, emakume gehiago kontratatuz. Izan ere, gaur egun gizon baino emakume gutxiago daude lanean erakundean. Helburu horretarako, zenbait gidalerro gehitu dira, Izendapen Batzordeak (Kutxabanken kasuan) eta Izendapen eta Ordainsari Batzordeak (Cajasur-en kasuan) aintzat hartu beharko dituena.

Kutxabankeko Administrazio Kontseiluko presidentea, 2014ko azaroaren 28ko Sozietatearen Administrazio Kontseiluaren bileran izendatua, kargu betearazlea da. Horrez gain, eginkizun hauek ditu:

  • Estatutuak betetzen direla eta Batzar Nagusiaren zein Administrazio Kontseiluaren akordioak zehatz-mehatz errespetatzen direla egiaztatzea.
  • Sozietatea eta hark eskaintzen dituen zerbitzu guztiak ikuskatzea.
  • Kontseilari delegatuarekin eta zuzendaritza nagusiekin batzartzea, negozioen bilakaerari buruz egunean egoteko.

Cajasur-eko Administrazio Kontseiluko presidentea, 2013ko maiatzaren 24ko Sozietatearen Administrazio Kontseiluaren bileran izendatua, kargu betearazlea da.

Horrez gain, eginkizun hauek ditu:

  • Estatutuak betetzen direla eta Batzar Nagusiaren (Akziodun Bakarra) zein Administrazio Kontseiluaren akordioak zehatz-mehatz errespetatzen direla egiaztatzea.
  • Sozietatea eta hark eskaintzen dituen zerbitzu guztiak ikuskatzea.
  • Negozioko Zuzendari Nagusiarekin eta Negozio Txikizkariko Zuzendari Nagusi Ondokoarekin batzartzea, negozioen bilakaerari buruz egunean egoteko

Kutxabankeko Administrazio Kontseiluak urtero ebaluatzen du Administrazio Kontseiluko presidentearen lana. Ebaluazioa egiteko, Izendapen Batzordeak helburu horrekin igorri duen txostena du oinarri.

Kutxabankek Administrazio Kontseiluko kideen harrera eta prestakuntza Programa bat du, Administrazio Kontseiluak onartutakoa, eta bere helburua hau da: izendatzen direnetik, Kutxabankeko Administrazio Kontseiluko kideek (i), Erakundean sartu eta berehala, erakundeari buruzko informazio garrantzitsu guztia izatea, eta (ii) bere eginkizunak modu egokian garatzen laguntzen duen etengabeko prestakuntza izatea bermatzen duen politika bat ezartzea.

Urtero, aipatutako harrera eta prestakuntza Programan ezarritakoaren arabera, Administrazio Kontseiluak, Izendapen Batzordeak proposatuta, prestakuntza-plan bat onartzen du, eta horren arabera, ia hilero zenbait prestakuntza-saio egiten dira organo gorenaren ezagutza hobetzeko, besteak beste arlo ekonomikoan, ingurumenekoan eta gizarte-arloan.

Halaber, Kontseiluaren Atariak Arauzko Panoramak jartzen ditu gobernu-organoko kideen eskura, CECAren Arauketa eta Ikerketa Sailak egindakoak. Horien bidez, finantzen arloan egon diren arau aldaketak jakinarazten dira.

Administrazio Kontseiluak berak, urtean behin gutxienez, bere eraginkortasuna aztertu eta ebaluatu behar du, eta dauden hutsak konpontzeko neurri egokiak hartuko ditu, halakorik balego.

2017ko urtarrilaren 26an egindako administrazio Kontseiluaren bileran, aho batez onartu zen Administrazio Kontseilua ebaluatzeko prozedura abiaraztea. Kontseilari koordinatzaileak antolatu zuen, eta Erakundearen Gobernu-organoen Idazkaritzaren laguntzarekin burutu zen.

Prozesu horretan, kontseilari bakoitzari galdetegi bat eman zitzaion, Administrazio Kontseilua ebaluatzeko oinarria izango zena. Eta, hala zegokion kasuetan, hobekuntzak ere proposatu ziren.

Galdetegiak aztertu eta gero, emaitza positiboak jasotzen zituen txostena prestatu zuen kontseilari koordinatzaileak. Bertan, zenbait jarduketa proposamen ere ageri ziren, Kontseiluak aho batez onartu zituenak. Zehazki, honako hauek:

  • Inbertsio edo eragiketa estrategikoak onartzen ematen den denbora luzatzea, urteko aurrekontua aztertzea eta, oro har, Negozioa Garatzeko Planaren jarraipena egitea.
  • Aurreratzea, ahal den neurrian, eragiketa eta erabaki estrategikoen informazioa eta azterketa, formalizatu aurreko berehalako une batean gerta ez daitezen.

Halaber, prozesu horren barruan, Administrazio Kontseiluak 2016ko ekitaldian alderdi hauek hobetu zirela aho batez aintzat hartu zuen:

  • Bilkuren iraupenari kalterik egin gabe, zenbait kontseilarirentzat oraindik oso handia dena, goizeko ordutegira mugatu da.
  • Hiru hilez behingo reportinga ezartzea Administrazio Kontseiluari (Auditoretza eta Betetze Batzordearen bidez), interes-gatazka batekin lotutakotzat har litezkeen eragiketei buruz.
  • Orientazio-programa bat estandarizatzea Administrazio Kontseiluan sartzen diren langile berrientzat.
  • Kontseilarien prestakuntza-plana egokitzea. Horrela, Kutxabankekin zuzenean lotutako gai zehatzagoak jaso daitezen.

Horrez gain, Kutxabanken Gobernu-organoen Idazkaritzak beste txosten bat prestatzen du urtero, Administrazio Kontseiluaren funtzionamenduari eta eraginkortasunari buruzkoa.

Txosten horren arabera, Administrazio Kontseiluak eta haren Batzorde Delegatuek modu egokian jardun zuten ekitaldi horretan, eta beren eskumenekoak diren funtzioak ere egoki burutu zituztela, aplikagarriak zaizkien arau positiboetan eta barneko arauetan ezarritakoarekin bat.

Cajasur-en kasuan, Administrazio Kontseiluak urtero ebaluatzen du Administrazio Kontseiluko presidentearen lana. Ebaluazioa egiteko, Izendapen eta Ordainsari Batzordeak helburu horrekin igorri duen txostena du oinarri.

Cajasur-ek Administrazio Kontseiluak onartutako urteko prestakuntza-plan bat du, eta horren arabera ia hilero zenbait prestakuntza-saio egiten dira organo gorenaren ezagutza hobetzeko, besteak beste arlo ekonomikoan, ingurumenekoan eta gizarte-arloan.

Horrez gain, CECAren Erregulazio eta Azterketa Arloak egindako Ikuspegi Erregulatorioak ematen zaizkie gobernu-organo kideei (Administrazio Kontseiluaren bilkuren aldizkako dokumentazio gisa). Hor, finantza-esparruan arauen arloan egondako berritasunak jasotzen dira.

Administrazio Kontseiluak beraz, urtero gutxienez, haien eraginkortasuna ebaluatu behar du, bere akatsak konpontzeko egokiak diren neurriak hartzeko helburuarekin, hala badagokio.

2017ko urtarrilaren 19an egindako Administrazio Kontseiluaren bilkuran aho batez erabaki zuten Administrazio Kontseiluaren ebaluazio-prozesuaren hasiera onartzea. Hori, erakundeko Gobernu Organoen Idazkaritzaren laguntzarekin egin zen.

Prozesu horretan, Kontseilari bakoitzari galdeketa bana eman zitzaien, Administrazio Kontseiluaren ebaluazioa egiteko oinarri gisa erabili zutena, eta hala bazegokion, hobetzeko egon litezkeen jarduerak proposatzeko.

Galdeketak aztertuta, Administrazio Kontseiluko idazkaritzak txosten bat egin zuen lortutako emaitzekin, eta Administrazio Kontseiluak bere eginkizunak eraginkortasunez egiten dituela ondorioztatu zuen. Beraz, ez zuen hori hobetzeko neurririk proposatu. Horrez gain, Cajasur-en Gobernu-organoen Idazkaritzak beste txosten bat prestatzen du urtero, Administrazio Kontseiluaren funtzionamenduari eta eraginkortasunari buruzkoa.

Txosten horren arabera, Administrazio Kontseiluak eta haren Batzorde Delegatuek modu egokian jardun zuten ekitaldi horretan, eta beren eskumenekoak diren funtzioak ere egoki burutu zituztela, aplikagarriak zaizkien arau positiboetan eta barneko arauetan ezarritakoarekin bat.




11 G4-39, G4-40, G4-42, G4-43, G4-44