Covid-19ren eragina Kutxabank Taldean

Kutxabank eta Cajasur

Covid-19ren ustekabeko etorrerak mundu osoko jendearen egunerokotasunean eragin du joan zen martxoaz geroztik. Hilabete horren hasieran, Europar Batasuneko Estatu kideak neurriak hartzen hasi ziren, gaixotasunaren hedapenari eta horrek gizartean eragindako ondorioei eusten saiatzeko helburuarekin.

Kutxabanken, 2020ko martxoaren 3an, Covid-19ren Koordinazio eta Jarraipenerako Batzorde Eragilea sortu zen, eta Goi-zuzendaritzarekin eta Bankuko Negozioaren Jarraitutasun Batzordearekin batera, egoeraren etengabeko jarraipena egin dute; horretarako, monitorizazio-lanak, arriskuaren azterketa eta prebentziozko jarduketen koordinazioa egin dute eta kontingentzien mekanismoak aktibatu dituzte.

Martxoaren 14an, Osasun Alarma-egoera dekretatu zen Espainian, eta martxoaren 17an, Covid-19ren gizarte- eta ekonomia-eraginak arintzeko premiazko eta ohiz kanpoko neurriak barne hartzen dituen Errege Lege-dekretu bat onartu zen.

Errege Dekretu horretan, bankua funtsezko zerbitzu publiko gisa izendatu zuten eta une horretatik aurrera, Kutxabankek hainbat neurri hartu ditu hiru behar nagusiri erantzun ahal izateko: langileen eta familiako kideen osasuna babestea, agintarien gomendioak betetzea eta bezeroentzako zerbitzuaren jarraitutasuna ziurtatzea.

Kutxabanken Negozioaren Jarraitutasun Plana oinarritzat hartuta (pandemia baten testuingurura egokitu dena), erakundeak honako neurriak jarri ditu martxan:

Lantokian infekzioa kontrolatzera bideratutako neurriak

Hasiera-hasieratik, gobernuaren gomendioak eta araudi berriak zorroztasunez bete dira.

Ildo horretan, Kutxabanken lehentasunetako bat bere instalazioen, bezeroen eta langile guztien segurtasuna bermatzea izan da, aurrez aurreko kontaktua izatea beharrezkoa izan den kasuetan. Pandemia hasi zenetik, Kutxabankek babes-materialarekin hornitu ditu bere langileak, hala nola, gel hidroalkoholikoa, maskarak eta eskularruak, eta aldizkako bidalketak egin ditu bulego eta sail ezberdinetara. Halaber, itxiturak ezarri dira bezeroak artatzeko postuetan, bulegoak gainazalak higienizatzeko espraiez hornitu dira eta klimatizazio-sistemak egiaztatu dira. Era berean, bulegoetan, bezeroek ere eskuragarri dute gel hidroalkoholikoa eta erabili eta botatzeko paperezko eskuzapiak. Kutsatuta egon daitekeen materiala botatzeko pedala eta estalkia duten zakarrontziak eskuratu dira, osasun-gomendioei jarraikiz.

Bulego eta zerbitzu zentraletan, garbiketa-jarduketak indartu dira, eta kutsadura-kasuren bat egon den egoeretarako jarduketa-protokolo bat idatzi da, kaltetutako zentroaren itxiera eta desinfekzioa barne. Horrez gain, positiboa izan den pertsonaren kontaktu estuen kalifikazioa kudeatu da eta egoki diren probetako Prebentzio Zerbitzu bateratuen bitartez, bitartekari lanak egin dira, une bakoitzean indarrean egon den protokoloari jarraikiz.

Bestalde, erakundeak "covid-aren" gertaeretatik eratorritako gai guztiak (kontsultak, jakinarazpenak...) kanalizatzeko berariazko postontzi elektroniko bat gaitu du; Intranetean, espazio espezifiko bat sortu du, non Covid-19ri buruzko informazio guztia argitaratu den, eta "Jarduketa-protokolo" dinamiko bat egin du, zeinak bere edukiak eguneratzen dituen, irismena une bakoitzeko egoerara eta aplikatu beharreko arautegira egokitu ahal izateko. Langileek ere hainbat protokolo kontsultatu ahal izan dituzte, bulegoko arretari, horien itxierari, desinfekzioari, sukurtsalak berriz irekitzeari eta barne-laguntzaren bestelako dokumentu batzuei buruz. Gainera, espazioak Covid-19rekin lotutako FAQ-ak barne hartzen ditu.

Bestalde, erakundeak berariazko seinaleak eta kartelak eman ditu, bulegoetan bezeroekiko elkarrekintzarako prebentzio-protokoloak komunikatzeko helburuz, baita Zerbitzu Zentraletarako ere.

Langile guztien eskura jarri da Covid-19ri buruzko ikastaro espezifiko bat ere, informazio garrantzitsu guztiarekin egunean egoteko eta prebentzio-protokoloak jarraitzearen garrantziaz jabetzeko.

Laneko bidaiak eta aurrez aurreko bilerak murriztu egin ziren pandemiaren lehenengo hilabeteetatik aurrera, eta konfinamendua arintzen hasi zenetik, prozedura murriztaile batekin mugatuta daude. Gainera, Giza Baliabideen arloaren bitartez, uztarketa-tresnak hobetu ziren eta konfinamenduaren asteetan zehar, arrisku-taldeei aukerak eskaini zitzaizkien. Beste alde batetik, konfinamenduaren asterik gogorrenetan indarrean zeuden hautaketa-prozesuak eten egin ziren, eta aurrerago berriz jarri dira martxan, baliabide digitalen bitartez. Hasieratik, elkarrizketa zuzena izan da sindikatuetako ordezkariekin.

Gainera, Prebentzioaren Zerbitzuko Osasun Zerbitzuan, SARS-Co-2 koronabirusaren infekzioari dagokionean bereziki sentiberak diren langileen presentzia ebaluatu da, Osasun Ministerioak identifikatutako talde zaurgarrietakoak izateagatik. Langileek prebentziozko isolamenduan egoteko jarraibidea jaso badute, telelanaren aukera eskaini zaie, pandemiaren bilakaeraren egoeretan oinarrituta eta beti egoki den Zuzendaritza Nagusiaren onarpenaren baitan.

Telelanaren aukera horren bitartez, langileak urrutitik sartu ahal izan dira mahaigain birtualetara eta horri esker, ia-ia bulegoko edo zerbitzu zentraleko ohiko lanpostuan egin ditzaketen eragiketa berdinak egin ahal izan dituzte.

Irtenbide teknologiko horiek txertatzeari esker, langileriaren zati handi batek pandemiaren fase zailenetan ere lan egin ahal izan du, erakundearen jarraitutasun operatiboari kalterik eragin gabe.

Pandemiak Kutxabankeko eta Cajasurreko langileengan izan duen eraginaren kopuru garrantzitsuetako batzuk honakoak izan dira:

Covid-aren positibo egiaztatua duten langileak, sexuaren arabera bereizita.
Erakundea Gizona Emakumea GUZTIRA
Kutxabank 65 112 177
Cajasur 42 44 86
Guztira 107 156 263
Langileen absentismoa, sexuaren arabera bereizita.
Erakundea 8 egunetik gorako isolamenduaren ondorioz 1-8 egun arteko intzidentzien ondorioz GUZTIRA
Gizona Emakumea Gizona Emakumea
Kutxabank 102 218 284 469 1.073
CajaSur 87 92 117 131 427
Guztira 189 310 401 600 1.500
LANEKO ABSENTISMOAREN GEHIKUNTZA COVID ERAINA 2020
Kutxabank %0,59
CajaSur %0,38
Pandemiaren harira gaitutako uztarketa-neurriak
Erakundea Eszedentzia/Ordaindu gabeko baimena/Lanaldia murriztea Ordaindutako baimen berreskuragarria Lanaldia % 100 murriztea GUZTIRA
Gizona Emakumea Gizona Emakumea Gizona Emakumea
Kutxabank 3 20 11 22 0 19 75
CajaSur 3 24 13 29 0 4 73
Guztita 6 44 24 51 0 23 148

Erakundearen Kontingentzia-planekin lotutako neurriak

Covid-19ren etorrerarekin, Erakundearen Kontingentzia-plana pandemia baten egoerara egokitu da.

Hasiera batean, langile kritikoak hainbat egoitzetan edo telelanean banatu ziren, eta beraien ordezko kanal horiek ahalik eta eraginkorrenak izateko, martxoaz geroztik Kutxabankek bere urrutiko sarbideen gaitasuna eta banda-zabaleraren eragiketa-gaitasuna areagotu ditu.

Alarma-egoera onartu ondoren, bulegoetako arretaren berrantolaketa bat egin zen, eta ondorioz, bulegoen % 70 irekita egon ziren, % 25 laguntza-gisa eta % 5 itxita egon ziren konfinamenduaren asteetan zehar. Kutxako ordutegia ere murriztu egin zen.

Bezeroen kudeaketari laguntzeko asmoz, telelanerako Besaide operatibarako Merkataritza-gida bat egin zen eta bezeroekin harremana izateko Komunikazioen hormaren tresna bizkor hedatu zen.

Errealitate berrira egokitzeko Erakundearen Kontingentzia-planaren beste egokitzapen-neurrietako bat kudeaketa digitalaren gaitasuna areagotzean oinarritu da; hori dela eta, laguntza-taldeak, kontaktua eta beste kanal batzuk indartu dira, esaterako, online Bankua eta Kutxabank aplikazioak.

Aurrez aurreko bilerak mugatu direnez, audiokonferentziak eta bideokonferentziak normaltasunez egiteko beharrezko azpiegiturak ere indartu egin dira. Gobernu Organoen eta batzordeen saioak telekonferentzian antolatu dira.

Beste alde batetik, neurri sendotuak ezarri dira kontrol-prozesuetan, araudia betetzean eta arriskuak ematean. Halaber, hornitzaile kritikoekin kontingentzia-planak koordinatzeko lan egin da.

Itzulera-plan bat ere landu da, "normaltasun berrira" mailaz maila egokitzeko eta intzidentziak saihesteko, eta Kontingentzia-plana berraktibatzeko protokolo bat ezarri da, Covid-19k eragindako berragertzeen kasuan aplikatzeko.

Covid-19ren bilakaeraren ondorioz, gehiago erabil daitezkeen kanalen eragiketa-gaitasuna areagotzera bideratuta dauden neurriak

Hasieratik, eragiketen arriskuak murriztea ahalbidetzen zuten eta merkataritza-arretarako gaitasun handiagoa ematen zuten neurriak hartu ziren.

Lehenik, urrutiko lanaren antolaketa bizkorrak erakundearen eraginkortasuna erraztu zuen eta bezeroen urrutiko eragiketak egin ahal izateko beste neurri batzuk gauzatu ziren, bulegoetara joateko beharrik izan gabe, finantza-irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin.

Horretarako, urrutiko sarbidearen azpiegitura 3.500 erabiltzailera handiagotu zen.

"Contact Center-ak", berriz, lan-karga handiagoa hartu du bere gain, eta gaitasun operatibo digitalen mapa oso bat, lan-gida bat eta prestakuntza-gida bat ezarri ditu urrutitik lan egin duten langile komertzialentzat.

Hilabete hauetan zehar, baliabide digitalen bitartez bezeroen kudeaketa-gaitasuna areagotzeko ahalegin handia egin da, eta egindako lanaren adibide bat zorro pertsonalizatuen kudeatzaileentzako "Horma" tresnarako sarbidearen luzapena izan da, horri esker, 800.000 bezero artatzeko gaitasuna baitago. Aplikazio honek webgunerako edo banku mugikorrerako ingurune seguru bat eskaintzen du, kudeatzailearekin elkarrizketak izateko edo dokumentuak partekatzeko.

Bezeroek kanal digitalak geroz eta gehiago erabiltzen dituztenez, langileek berariazko online prestakuntza jaso dute eta zibersegurtasunari buruzko jakintzak sendotu dituzte.

Ildo beretik, audiokonferentzien eta bideokonferentzien euskarri diren azpiegituren gaitasuna handiagotu da, aldi berean bilera-kopuru handiagoa egiteko beharraren aurrean (bulegoen, sailen, hornitzaileen eguneroko bilerak, etab.).

Hilabete hauetan zehar, lan-karga areagotzeko aukera duten kanalen monitorizazioari arreta handiagoa eskaini zaio (kutxazainen eragiketak, ordainketa elektronikoen eragiketak, banku mugikorraren bidez edo Internetez egindako eragiketak). Aipatu monitorizazioaren ondorioz, erakundeak ekipamendu teknologiko berria eskuratu du, azpiegituren ahalmena areagotu ahal izateko.

Nabarmendutako neurri zehatz batzuk honakoak izan dira:

  • Eragiketa eta produktu gehienetarako Sinadura digitala ezartzea.
  • Bezero berrien alta mugikorretik eta modu erabat autonomoan egiteko aukera izatea, bulegora joateko beharrik izan gabe, biometria egiaztatuz eta KYC (Know your customer) estandar arautzaile onenak aplikatuz.
  • Online bankuaren kontratuaren alta ematea, bezero izan arren ez daukatenentzat. Izapide hau urrutitik egiteko aukera sortu da, gailu mugikor baten bitartez; era horretan, oraindik tresna horien bezero ez zirenei kanalen eragiketa guztiak eskaini ahal izan zaizkie.
  • Bezeroei zordunketan egindako eskudiru-ateratzearen ondoriozko komisiorik ez kobratzea estatuko kutxazain automatiko guztietan, pandemiaren une zailenetan zehar, beharrezkoak ez diren lekualdaketak murriztuz.
  • Hainbat hilabetetan zehar, SPTren (Salmenta-puntuko Terminala) komisioaren hobarian irizpideak aldatzea.
  • Kontakturik gabeko eragiketetan PINa eskatzeko muga areagotu da, datafonoak ukitzea saihesteko.
  • Auto, etxebizitza, sanitas eta IMQ aseguruak kontratatzeko prozedurak urrutitik gauzatzeko egokitu dira, eta kutxazainetan atxikitako txartelak tratatzeko eta txartelak berritzeko jarraibideak egokitu dira.

Bulegoetako arreta-ordutegiak aldatzeak bezeroei zuzendutako informazio-kanpaina handi bat bultzatu du (komunikazio-modu ezberdinetan), bulegoen irekieretan eta ordutegietan izandako aldaketen berri emateko. Halaber, webgunean, berariazko atal bat sortu da, informazio guztia biltzeko eta, besteak beste, baliabide digitalekin eta zibersegurtasunarekin lotutako tutorialak argitaratzeko.

Banku pertsonaleko eta Banku pribatuko bezeroekin topaketak ere antolatu dira web-mintegietan. Beste alde batetik, komunikabideak eta beste stakeholder batzuk artatu dira, Covid-19k Kutxabanken izan duen inpaktuari buruz eta familiak eta enpresak babesteko egindako jarduketei buruz hitz egiteko (hainbat prentsa-ohar igorriz, adibidez).

Kutxabankek ondorio ekonomikoak arintzeko helburuz aplikatutako berariazko neurriak

Kutxabankek gizartearekin eta bere bezeroekin duen konpromisoari jarraikiz, irtenbide-bilduma handi bat jarri du martxan elkarlanean aritzen diren familien, pertsonen eta enpresen artean osasun-krisiak izan dituen ondorioak leuntzeko helburuarekin.

Covid-19ren ondoriozko pandemiak eragindako krisi ekonomikoa horren larria izango zela sumatu zen, ezen Europar Batasuneko estatuek enpresetan eta partikularrengan izandako kalteak arintzen saiatzeko neurriak hartu baitzituzten. Espainian, ohiz kanpoko eta premiazko neurri batzuk onartu ziren Covid-19ren ekonomia eta gizarte-eraginari aurre egiteko.

Onartutako neurri ezagunen artean, honakoak daude: enpresen eta autonomoen aldeko Estatuaren abalak, negozioen itxieratik eratorritako berehalako likidezia-beharrak artatzeko ezarriak, eta hipoteka-maileguen eta mailegu pertsonalen ordainketarako luzamenduak.

Kutxabank Taldeak hitzarmenak sinatu zituen Ekonomia eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren bitartez Estatuaren abalak kudeatzen zituen KOIrekin, baita beste finantza-lerro batzuk ere, helburu berdinekin (Eusko Jaurlaritza, Elkargi SGR, Nafarroako Gobernua Elkargi eta Sonagarren bitartez eta Andaluziako Junta SGR Bermearen bitartez).

Negozioak itxi zituzten enpresen egoera oso larria zenez, berehala eskatu zuten finantzaketa, bai librea, bai sinatutako hitzarmenei eta finantza-lerroei atxikia, epe laburreko likidezia-beharrak eta egitura-gastuak artatzeko eta kutxa babesteko.

Gainerako enpresekin alderatuta, korporazio handiek ildo ofizialekiko (KOI, etab.) atxikimendu gutxiagorekin eskatu zuten finantzaketa. Sektore pribatua ez zen finantzaketa-behar gehiago izan zituen bakarra, izan ere, sektore publikoaren finantzaketa-eskaeren inpaktua ere handia izan zen derrigorrezko diru-bilketaren beherakada garrantzitsuaren aurrean. Etxebizitzen sustapenaren sektorea kaltetua izan da pandemiaren hasieratik, baina amaitutako proiektuen eskriturak eta proiektu berrietarako salmentak normaltzen joan dira.

Ziurgabetasun ekonomikoaren iraunkortasuna zela eta, uztailean, KOIrekin enpresa eta autonomoentzako Estatuko abal berriak onartu ziren, beste finantzaketa-lerro baten bitartez, inbertsio berriak finantzatzeko helburu nagusiarekin (25/2020 ELD, uztailaren 3koa), eta bidaiarien edo salgaien garraioaren sektorerako berariazko errege-dekretua argitaratu zen, zeinak finantzaketaren aldi baterako luzamendua barne hartzen duen.

Covid-19ren ondorioz, hasiera batean, enpresek eta finantzaketen administrazio publikoek finantzaketa-eskaera asko egin zituzten, eta krisiaren amaiera uste baino gehiago luzatu denez, konpainiak eskaerak egiten jarraitu dute, euren kutxa babestu nahi dute eta. Konpainien zorra areagotu egin da eta horren ondorioak osasun-egoera normaltzeko denboraren, lan egiten duen sektorearen eta konpainiak pandemiaren aurretik zuen egoeraren araberakoak izango dira.

Neurri horien eragina oso esanguratsua izan da. Esaterako, etxebizitzarako laguntzei dagokienez, 1.000 milioi euro baino gehiago formalizatu ditu laguntzetan, hipoteka-zordunak babesteko helburuarekin, ohiko etxebizitzaren hipoteka-ordainketan luzamenduak aplikatzea erraztuz.

Gainera, 2.500 milioi eurotik gorako finantzaketa zuzendu du egoerak gehien eragindako enpresen likidezia errazteko. Autonomoentzako finantzaketa-lerro bereziak ere gaitu ditu, eta 26.000 milioi euroko aurrez onartutako maileguen lerro bat ere jarri du merkatuan.

Jarraian, pandemiaren ekonomia eta gizarte-eragina minimizatzeko aplikatu diren neurri garrantzitsuenetako batzuen zerrenda zehatzago bat ageri da:

  • Gizarte Segurantzako prestazio publikoen eta langabeziako prestazioen ordainketa bezero guztiei egun batzuk aurreratzea.
  • Hornitzaileei ordaintzeko epea 15 egunetik beherakoa izaten jarraitzea, Koronabirusaren krisiak ekonomiaren egituran izandako eragina murrizteko neurri gisa..
  • Eusko Jaurlaritzak Koronabirusak gehien eragindako enpresen likidezia bermatzeko martxan jarritako neurri publikoei atxikitzea.
  • Eusko Jaurlaritzak, Elkargirekin elkarlanean, enpresa txiki eta ertainentzat gaitutako lerro bereziekin kolaboratzea.
  • Enpresak, mikroenpresak, autonomoak eta saltokiak babesteko neurriak, Finantza-babesaren Programa ezberdinetan esku hartuz eta Andaluziako Juntaren Likidezia-lerro Berezietan parte hartuz, Bermeak ziurtatutako maileguen bidez.
  • Espainiako Gobernuak gaitutako KOI bermeen lerroan parte hartzea.
  • SEPE (estatuko enplegu-zerbitzu publikoa) eta Lan Ministerioarekiko Hitzarmenari atxikitzea.
  • Autonomoentzako maileguen lerro berezi bat gaitzea, BBK Fundazioarekin eta Vital Fundazioarekin elkarlanean arituz.
  • Covid-19ren ondorioz garatutako araudia aplikatzeko nobazio-arrazoi berriak diseinatzea eta maileguen eta merkataritza-kredituaren aplikazioak luzamendu-arrazoi ezberdinetara egokitzea.
  • Enplegu-erregulazioko espedientea ezarri zaien edo lanik gabe geratu diren familiei eta autonomoei etxebizitza sozialeko alokairuaren hiru hilabeteko ordainketa barkatzea.
  • Negozioetarako Bizum irtenbideak: Kutxabank Taldeak ordainketa-sistemen eskaintza bat osatu du, jarduera ekonomikoetarako BIZUM irtenbide espezifiko hauek barne hartzen dituena:
    • Webaren bitartez Internetez saltzen duten negozioentzako BIZUM; bezeroaren SPT birtualean aktibatzen da, txartelaren bidezko ordainketa tradizionalaz gain, BIZUMekin ordaintzeko aukera izateko.
    • BIZUM NEGOZIOAK gainerako negozioetarako. Aplikazio berri horrek aurrez aurreko kobrantzak eta urrutikoak era seguruan egiteko (telefono bidezko eskariak, take away/delivery, etab.) eta BIZUMekin ordainketak eskatzeko aukera ematen du, esteka / SMS / QR kodearen bidez.
  • Erakundeko bezero diren pertsona helduen segmentuari (65 urte edo gehiago) eskainitako zerbitzuak, mugikortasunak eta motrizitateak bereziki eragiten duten kolektiboa, Covid-19ren osasun-krisiak arazoak larriagotu egiten ditu eta Kutxabankentzat bere bezeroen zati handi bat da:
    • Alaresekin elkarlanean arituz (pertsona eta familia-mailako laguntzan adituak), doako zerbitzua egongo da maiatzaren 11tik uztailaren 11ra arte:
      • Telefarmazia: Farmazian sendagaiak erosteko eta etxean entregatzeko zerbitzua.
      • "Erosketa egiten dizugu": Bezeroaren etxetik hurbil dagoen supermerkatu edo denda batean elikagaiak erosteko etxez etxeko laguntza-zerbitzua.
    • Akordioa BM supermerkatuekin: Urriak 15etik abenduak 15era arte, maiatzean egin zen era berean, erakundeko kide diren 65 urte edo gehiago dituzten pertsonei doako zerbitzu praktiko bat eskaini zaie, zeinak kutsadura-arriskua murrizten edo lekualdaketarako arazoak konpontzen lagunduko dien mugikortasun-arazoak dituzten pertsonei edo etxetik irteteko oztopoak dituztenei: BM Supermerkatuetan telefono bidezko erosketa egin eta etxera eramatea.
  • Bere hipoteka-zordunak babestea, ohiko etxebizitzako hipotekaren ordainketan luzamendu bat izan dezaten: Zaurgarritasun ekonomikoaren egoeran dauden pertsona fisikoen maileguen/kredituen luzamendu-eskaerak ematea, adierazitako aldian ez ordaintzea ahalbidetuz eta mailegua aldi bereko epe batean luzatuz.

    Halaber, PYME, enpresa eta autonomoen eskuragarri jartzen dira KOI Covid abalen lerroan bermea duten maileguen eragiketa berriak. Helburua finantzaketa-fluxuei eta zirkulatzailearen eta likideziaren mailei eusten laguntzea izango da, autonomoek eta enpresek euren jarduera ekonomikoa izaten jarrai dezaten (soldaten ordainketa, fakturak, zirkulatzailea edo beste likidezia-behar batzuk, finantza- edo zerga-betebeharren epemugak barne).
  • Kutxabank CECAk sinatutako Sektore Hitzarmenari atxikitzea, zeinak koronabirusaren krisiak eragindako bezeroen finantzaketa-eragiketetarako balizko luzamendua jasotzen duen.

    Aipatu Sektore Hitzarmenak eragindako finantza-eragiketak honako hauek dira:
    • hipoteka-bermea duten maileguak edo bermeak eta
    • mailegu edo kreditu pertsonalak, Kreditu Txarteletatik eratorritako kredituak, Flexybuy produktuak edo Leasing kontratuak izan ezik.
  • Bezeroei CECArekin lotutako kreditu-erakundeetako kutxazainen sare guztian eskudirua ateratzearen komisiorik ez kobratzea.
  • Turismoaren eta Garraioaren sektorerako onartutako luzamenduak: Gobernuak argitaratutako bi ELGen babesean, honako kasuetako zorren luzamenduak onartzea:
    • Jarduera turistiko bati atxikitako higiezinak finantzatzeko emandako hipoteka-maileguak.
    • Salgaien garraio publikoaren sektorerako eta autobuseko bidaiarien garraio pribatuaren sektorerako maileguak, leasing eta renting.
  • Honako kanpaina hauetan parte hartzea: Kreo en ti (BBK Fundazioa) eta BiziDendak (Vital Fundazioa), BAKB (Bizkaia Aurrera Kultur Bonoa), Euskadi BonoDenda eta Euskadi TurismoBono, Comercio Zumaia, Bergara, Getxo Empresa, BonoBilbao. Fundazioekin eta hainbat erakunderekin elkarlanean aritzea, batez ere, tokiko saltokien eta produktu kulturalen kontsumoa sustatzeko, erosketaren unean trukatu ahal izango diren bonuak eskuragarri jarriz, neurri batean diruz lagunduak.
  • Kontakturik gabeko txarteletan Pin gabeko eragiketak egiteko muga handiagotzea (20 eurotik 50era) eta, maiatzean, kreditu-txarteleko zordunketa atzeratzea (maiatzaren 1etik 5era). .
  • Baldintzak mugatzea, Covid-19ren krisiak gehien eragin dien Kutxabankeko aurreikuspen-planen titularrek berreskuratzea eskatu dezaten. BGAEak eta Pentsio Planak erreskatatzeko aukera, bulegoen eta webgunearen bitartez.
  • Kutxazainetako komisioak aldi baterako barkatzea (ekainaren 21a arte) eta SPTen eta negozio-kontuen mantentze-lanen komisioak aldatzea. Baldintzak malgutzea, Ok Kontuen abantailez aprobetxatzeko.
  • Gainera, Covid-19ren garapenarekin lotutako beste jarduera batzuk egin dira, besteak beste, Espainiako Bankuak eta Europako Banku Zentralak eskatutako informazio, galdetegi, agertokien azterketa eta arriskuen errekerimendu guztiak artatzea.