Ingurumeneko lana

Atal honetan, Kutxabank eta Cajasurren ingurumen jarduerari buruzko informazioa jasotzen da, talde osoan ingurumen-eragin handiena duten sozietateak baitira. Izan ere, taldearen instalazioek eta bulegoek hartzen duten azalera osoaren % 98a ordezkatzen dute. Hori hala izanik, eta ingurumenari buruzko gaiak hartzen ari diren garrantzia dela eta (batez ere klima-aldaketarekin lotutakoak), inpaktu handiagoa izan dezaketen taldeko gainontzeko enpresen informazio interesgarria barneratuko zaio, bereziki, energia eta ur-kontsumoari buruzkoa. Igorritako informazioaren irismen zehatza taula bakoitzaren behealdean egiazta daiteke.

Kutxabank eta Cajasurrek konpromisoa hartzen dute ingurumenaren babesean, kutsaduraren prebentzioan eta ingurumenaren narriaduran jarrera aktibo bat garatzeko, indarrean dagoen legea betetzeaz harago. Ondorioz, alde batetik, energia-kontsumoak eta jarduera burutzeko beharrezko materialak minimizatzean saiatzen dira eta, bestetik, euren jardueratik sortutako hondakinak modu arduratsuan kudeatzen, ekonomia zirkularrari lagunduz.

Horretarako, Kutxabankek ekoizpen jasangarria bermatzen, klima-aldaketari aurre egiten edo ingurumenarekiko arduratsua den garapen ekonomiko bat bultzatzen lagunduko duten alderdiak txertatzen ditu bere kudeaketan, beti gobernantza onaren posizioetatik.

2019ko otsailean onartutako Plan Estrategikoan, konpromiso horiek ingurumenaren kudeaketarekin lotutako helburu batzuetan hezurmamitzen dira, besteak beste, karbonoaren arrastoa murriztea eta energiaren kontsumo jasangarria nabarmenduz.

Ingurumen arrisku nagusiak energia menpekotasunarekin eta karbonorik gabeko ekonomia bateranzko trantsizioa egin beharrarekin daude lotuta. Horregatik, hiru dira uztatuko diren ildoak: isurpenak etengabe kontrolatzea, isurpen horiek ahal den neurrian murriztea ekoefizientzia hobetuz eta energia modu arrazional batean erabiliz, eta atmosferako karbonoa atxikitzea karbono hustubide gisa jarduten duten bere basoen bitartez. Ildo horretan, aipatu beharra dago, 2020ko urtarrilaren 1az geroztik, Kutxabank Taldearen banku-egoitza guztiak eta lantoki guztiak argindar berdeaz bakarrik hornituak daudela, Iberdrolaren Núñez de Balboa instalazio fotovoltaikotik datorrena.

Energia berdearen hornidura-kontratuari esker, urtero, 6 mila tona karbono dioxido baino gehiago sortzea ekiditen da, eta era horretan, ekonomia deskarbonizatzeko estrategiari laguntzen zaio. Taldearen sozietateen eta Banku-fundazio akziodunen jarduera kontuan hartuta, aipatu zifra 15 mila tonaraino iristen da.

Gainera, Kutxabankek Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako lurraldeetan administratzen eta kudeatzen duen zuhaitz-hedadura handia konpentsatzen duen isurpenen kalkulua egin du, eta 13.656 tona CO2 konpentsatzen direla ondorioztatu du.

2019az geroztik, Taldea CO2 isurpenetan neutroa den erakunde bat da, izan ere, aipatu urtean, dagoeneko bere berotegi-efektuari dagokion jarduera korporatiboa % 100ean konpentsa zezakeen.

Aurten, Klima-aldaketari buruzko Nazio Batuen XXV. Batzarrean (COP25) hartutako konpromisoari erantzun zaio, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuarekin bat egiteko, "Acción por el clima", zeina 2019ko abenduan Espainiako finantza-erakunde nagusiek sinatu zuten.

Hartutako konpromisoa balantzearen karbono-aztarna murriztea da, Parisko Hitzarmenarekin bat egiteko. Deskarbonizazio-helburu horiek ezartzeko lehenengo urrats bezala, 2020an zehar, maileguen zorroaren ingurumen-eraginaren neurketa bat egin da, isurpen-maila kuantifikatu, trantsizio-ibilbideak balioztatu eta isuriak murrizteko helburuak zehaztu ahal izateko. Halaber, neurketarako metodologia ezberdinak aztertu dira, erakundearekiko egokitzapena baloratzeko.

Kutxabank eta Cajasurreko arlo guztiak daude ingurumen-kudeaketan nahasiak, eta beraz, baita erronka horren lorpenean ere, baina batez ere, arlo teknikoa eta Zerbitzu Orokorren arloa gailentzen dira, ezartzen diren neurriak aztertzen eta balioztatzen baitituzte, ingurumenean duten inpaktua ere kontuan hartu ondoren. Ondore horietarako, Kutxabankeko EGE Arloaren eta erakundeko arlo guztien artean harreman arin bat izango da; erakundearen funtzioek eragin handia izan dezakete ingurumen-kontuetan, bai zuzenean, bai zeharka.

Era honetan, erakundearen EGE Planean ingurumen-kudeaketari buruzko lerro estrategiko nagusiak biltzen dira, besteak beste, hauek nabarmentzen dira:

  • Energia-eraginkortasunerako neurrien ezarpena sustatzea.
  • Sortutako hondakinen murrizketa sustatzea.
  • Produktuak erostean eta zerbitzuak azpikontratatzean ingurumenaren aldagaia ezartzea.
  • Banku-bulego jasangarria izatea.

Gainera, ikuspegi ekonomikoari dagokionez, taldeak finantza-produktu jasangarrien katalogo zabal bat eskaintzen die bere bezeroei (ESG irizpideen arabera) duela 10 urte baino gehiagotik, honako arloetan: bezeroen inbertsioen kudeaketan (funts solidarioak); handizkako jaulkipenetan (Kutxabankek Espainiako erakunde baten lehenengo gizarte-bonua kaleratu zuen, BOEn finantzaketarekin lotua, 2015 urtean); bezeroak finantzatzean (adibidez, ibilgailu elektrikoak eskuratzeko maileguak edo abantailadun bezeroak finantzatzea, energiaren eraginkortasuna hobetzen badute edo karbono-arrastoa murrizten badute).

Kutxabank Taldearen xedea, ikuspegia eta balioak oso konprometituta daude jasangarritasunarekin, ESG faktoreekin, politika espezifikoekin eta faktore horiek aplikatzeko beharraren hedapenarekin; politika nagusiena Enpresaren Gizarte Erantzukizunaren Politika da eta faktoreak aplikatzeko beharra Enpresaren Gizarte Erantzukizunaren Memoria honen bitartez hedatuko da.

Fineco Taldeak ere, plan estrategikoaren parte gisa, ekimen eta konpromiso batzuk ezarri ditu 2020 urterako, besteak beste, honako hauek gailentzen dira euren ingurumen-eraginagatik:

Gizartearekiko arduratsuak diren finantza-produktuen ziurtagiria:

2019 eta 2020an zehar, GIIC Fineco-k kudeatutako 18 inbertsio-funtsetatik bi ziurtatu dituzte AENOR-ek eta LuxFlag-ek (Gizartearekiko arduratsua den finantza-produktua UNE 165001:2012 eta ESG Label, hurrenez hurren). 2021. urteari begira, alde batetik, gainerako produktuen kudeaketan pixkanaka ESG irizpideen erabilera hedatzea aurreikusten da, eta bestetik, Fon Fineco Patrimonio Global ziurtatzeari ekitea, Fon Fineco Inversión Responsable-rekin egindako fusioaren ondoren, inbertsio globaleko eta gizartearekiko arduratsua den funts baten irtenbide gisa.

Langileen lekualdaketa kopurua murriztea:

2020an zehar, irtenbide teknologiko berriak optimizatzen eta txertatzen joan dira, langileei barne- zein kanpo-bileretan urrutitik parte hartzea errazteko. Egungo testuinguruan, eta langile gehienek urrutitik lan egiten jarraitzen dutela kontuan hartuta, teknologia hauen erabilera guztiz finkatuta dago eta horri esker, ohiko eragiketekin jarraitu ahal izan da, bulegoen arteko edo bulegoen eta etxearen arteko lekualdaketen beharrik izan gabe. 2021ean zehar, ezinbestekoak ez diren lekualdaketak murrizten jarraituko da eta, ondorioz, baita horiek eragiten dituzten energia-kontsumoak eta gas kutsagarrien isuriak ere.

Papereko inprimaketak murriztea:

2020 urtean zehar, aukera ezberdinak ebaluatu dira eta hainbat hornitzailerekin lan egin da sinadura digitalaren irtenbide bat ezartzeko, zeinak paperean egindako inprimaketa gehienak alde batera uztea ahalbidetuko duen, esaterako, bezeroen alta-prozesuetan, bezeroen informazioa eguneratzean eta inbertsio-zerbitzuak eskaintzearekin lotutako eragiketetan egiten direnak. Aipatu irtenbidea 2021ean zehar ezarriko dela aurreikusten da.

Pandemiaren une zailenetan zehar, merkataritza-arloak bezeroen artean web-atariaren erabilera (2020ko apirilean eguneratu zena) eta gutuneria elektronikoaren erabilera bultzatzeko lan egin du, ahal den neurrian, posta arruntaren bidezko komunikazioak ezabatzeko helburuz.

Plastikoaren erabilera murriztea:

2020. urtean, iragazitako ur-iturrien eta beirazko botilen erabilera sustatzen jarraitu da, bai barne-erabilerarako, bai hornitzaile eta bezeroekin egiten diren bileretarako, botilako uraren kontsumoa murriztuz, plastikoen erabilera minimizatzen saiatzeko. Gainera, 2020an zehar, ur-botilen hornitzailea beste batekin ordezkatu da. Hornitzaile berriak plastiko birziklatuarekin egindako botilak soilik erabiltzen ditu eta bere dibidenduak gizarte-eragina duten proiektuak garatzera bideratzen ditu.

Aurrekoarekin loturik, erakunde gisa dituen ezaugarriak eta bere negozioaren izaera direla eta, Finecok ez du uste bere ingurumen-inpaktua esanguratsua denik. Hala ere, produktuak eta zerbitzuak hobetzeko ESG irizpideak ezartzea parte garrantzitsua dela uste du eta, gainera, etorkizunean ere ingurumenaren arloko bikaintasunerako urratsak ematen jarraitzeko konpromiso osoa erakusten du.

Bestalde, Kutxabank Gestión-ek zehaztutako jasangarritasun-politikak ingurumenari kalte egiten dioten materialen kontsumoari uzteko konpromisoa hartu du bere baitan. Markatutako lerro estrategikoaren oinarriak erabilitako paperaren murrizketa sustatzea, hondakinen behar bezalako bereizketa, birziklapena eta balorizazioa eta beste era bateko hondakin esanguratsuak murriztea dira.

Barne-sentsibilizaziorako kanpainak egitea ere bultzatuko da, eskura jarriko diren paperontzien bidez hondakinak behar bezala bereizteko.

2019an helburua lortu zenez, plastikozko edalontziak kendu egin dira botilako ur naturala hartzeko, eta edalontzi berrerabilgarriez ordezkatu dira. Gainera, paperaren kontsumoaren murriztapenean kolaboratzen da, izan ere, Hornitzaileei faktura elektronikoa eskatzen zaie eta bezeroei bidalitako gutunak murrizten dira.

2020ko helburuetatik lortu direnen adibide gisa, kafearen kapsulak ingurumenerako jasangarriagoak diren beste batzuez ordezkatu dira, kafe-makinak ere bateragarriak diren beste batzuez ordezkatuz.

Aurten, pandemiaren ondorioz, paperaren eta tonerraren kontsumoa nabarmen murriztu da. Halaber, pandemiaren ondorioz, bidaien gastuak ere asko jaitsi dira eta beraz, garraiobide kolektiboak edo pribatuak erabiltzearen ondoriozko ingurumenerako isurketa kaltegarriak ere oso modu esanguratsuan murriztu dira.

Bestalde, paperezko prentsaren harpidetzak ere edizio digitalen ordez aldatu dira, eta egun, fakturazio guztia elektronikoa da.

Kutxabank Gestión-ek ESG irizpideei buruzko prestakuntza emateko ekimena hartu du; hori dela eta, langile guztiei Candriam-ek garatutako ikastaro bat egitea proposatu die, "GAIren hastapenak". Munduari inbertsio jasangarriari eta arduratsuari buruzko sarrera bat eskaintzen dion prestakuntza bat da. Prestakuntza honek lau modulu ditu eta langileen % 80ak gauzatu du eta behar bezala egin izanaren ziurtagiria lortu du.