Kudeaketaren Ikuspegia eta Jardunaren Adierazleak
Dimentsio ekonomikoa
Kudeaketa ikuspegia
2013 urteak Euskadiko hiru kutxak Kutxabanken integratzearen baterakuntza ekarri du. Urtearen lehenengo hiruhilekoan, sistemak integratu zirenean, integrazio operatiboa amaitu zen, banku-negozioaren eguneroko kudeaketaren eta bezeriaren beharrizanen artapenaren kalterik gabe.
Sektore ekonomiko guztietako krisialdia orokorra bada ere, negozioaren kudeaketa egokiak bere aktiboen onbideratze-maila igotzea ahalbidetu dio Kutxabanki eta zuzkidura handiak egin izan behar baditu ere, emaitza positiboak lortzen jarraitu du. Emaitza horiek ondare-egoera sendoan mantentzen dute etorkizunari begira.
2013ko magnitude esanguratsuenen laburpena honako hau da:
- 108.319 mila euroko mozkina lortu du, hau da, %28,1eko hazkundea iazkoaren aldean
- Core Tier I %12,0 eta %12,4 kaudimen-koefizientea
- Eraginkortasun-ratioa %60,6 (2013ko ezohiko amortizazioa sartu barik)
- Berankortasun-ratioa %11,16 (%8,22 Kutxabank indibiduala), estaldura-ratioa %57,7
Kutxabank Taldeak mozkin positiboak lortu ditu 2013an, 108.319 mila euro -CajaSur-ek ere 6.530 mila euroko ekarpen positiboa egin du- Espainiako finantza-erakundeetarako testuinguru zailean, banku-marjinen gaineko presio gogorraren eraginez, interes-tasen maila oso baxuagatik nahiz berankortasunaren etengabeko hazkundeagatik, zailtasunetan zegoen bankari eman zaizkion laguntzak Kutxabanki ekarri dizkion eraginak ahaztu gabe (SAREB, Gordailu Berme Fondorako ezohiko ekarpenak, e.a.). Honek ez du eragotzi taldeak, hornidurei dagokienez, bere zuhurtzia ohiko politikari eustea. Eragile zigortzaile horiek guztiek marjinen kudeaketak konpentsatu ditu, zerbitzuengatiko etekinek eta kostuei eusteko politikak, azken urteetako joerari jarraiki.
Kudeatutako Bezeroen Baliabideen Bolumena 62.280 milioi eurokoa izan da, hau da, iazko antzeko zifra. Taldearen likidezia-egoera sendoak pasiboaren kudeaketa egokia ahalbidetu du, "pasiboaren gudan" sartu gabe, epeak luzatuz eta produktuak dibertsifikatuz, gordailu egituratuak eta Inbertsio Fondoetarako traspasoak bultzatuz. Ageriko gordailuen hazkunde sendoak, ostera, transakziogarritasun arrazoiengatik, bezeroek Kutxabank Taldearekin duten lotura indartu du. Beste alde batetik, epigrafe horrek Hipoteka Zedula multilagatzaileak ere jaso ditu, eta horien saldoek muga eguneratze garrantzitsua izan dute ekitaldian, berritu gabe. Hipoteka Zedula horien eragina isolatuz, Kudeatutako Bezeroen Baliabideen hazkundea %1,7ra iritsi da.
Xehekako Negozio Sareek %3,6 handitu dituzte haien baliabideak, eta Inbertsio Fondoetan %35,4ko hazkunde nabarmena izan dute eta %8,8koa Pentsio Planetan. Bere aldetik, Handizkako Sareek %14,3ko jaitsiera izan dute, kontratazio-prezioen kudeaketa zuhurrari esker. Finantzaketa, Handizkako Merkatuetan, %25 inguruan kokatu da, 2012ko %30en aldean.
Desapalankatze handia izan duen urtean, Kutxabank Taldearen Kreditu Inbertsio Garbiak %6,5eko jaitsiera izan du, 45.694 milioi eurora iritsi arte (48.721 termino gordinetan). Kredituen murrizketa askoz esanguratsuagoa da Handizkako Sareetan, Taldea burutzen ari den arrisku-mailen birkokatze berariazko estrategiaren ondorioz. Beste alde batetik, Xehekako Sareetako kreditua neurri txikiagoan murrizten den arren (%5,7), ordea, eskaeraren ahultasunak ez du kredituaren urteko amortizazioak eta murrizketak konpentsatzea ahalbidetu. Izan ere, erorketa izan bada ere, Kutxabankek mantendu du kontratazio-kuota bere erreferentzia merkatuetan, beraz, Euskadin gauzatutako hipoteka-maileguen %36 Kutxabanki dagokio, eta horrek duen lidergoa finkatu du. Kutxabank Taldeak betiko bezeroenganako duen zerbitzu estrategiari eutsi dio, produktu-sorta lehiakorraren bidez. Gainera, Kutxabank Krediten erabateko integrazioaz, 2013an, xehekako bezeroentzako kontsumorako kredituen eskaintza indartu da.
Kutxabanken Ondare Garbia 4.913 milioi eurora iritsi da, beraz, finantza-sistemako erakunde kapitalizatuenen artean jarraitzen du. Kaudimen ratioek sistemako onenen artean jarraitu dute, Core Tier Iekin eta %12,0ko Kapital Nagusiarekin eta %12,4ko Kaudimen koefizientearekin, Europako agintearen nahiz Espainiako gobernuaren eskakizun minimoen oso gainetik. Kaudimena hobetzea arriskuagatik haztatutako aktiboen kudeaketa hobea eginda lortu da, batez ere, eta ez laguntza publikoen bidez, ez kapitala gehituta ere, ezta tresna hibridoak jaulkita ere.