Gizarte jarduketa
Hizkuntza kudeaketa
Kutxabanken Hizkuntza Politikaren leitmotiv-a zera da: bezeroei kalitatezko zerbitzua ematen zaiela bermatzea, betiere, Autonomia-erkidego bakoitzeko legediak hizkuntzen arloan ezarritakoa betez. Zentzu horretan, eta bezeroek beren finantza erakundearekin duten harremana zein hizkuntzatan nahi duten hautatzeko aukera izan dezaten, Kutxabankek ahalegin handia egin du 2015ean barne-prozedurak egokitzeko. Egokitzapen horiekin, erakunde barruan, bezeroekin duen harremanetan, haiei emandako arretan eta, oro har, administrazioko, finantzazko, merkataritzako eta erakundeen arteko harremanetan, hizkuntza koofizialak erabiltzen direla bermatu nahi du.
Bezeroekin duen harremanean, hizkuntza gertutasuna, zerbitzua eta kalitatea eskaintzeko parametroetako bat da Kutxabanken ustez. Hori dela eta, bi hizkuntza ofizial dituzten eskualdeetan dituen bulegoetan, zenbait arau ezarri dira bi hizkuntzak erabiltzen direla bermatzeko eta, batez ere, bezeroei haiek nahi duten hizkuntzan arreta emateko.
Gauzak horrela, sukurtsaletako seinale, errotulu, publizitate, inprimaki eta iragazki-tauletan jartzen den informazioaren bitartez elebitasuna sustatu behar da. Horrez gain, bulegoetako tresna eta euskarri informatikoak erakundearen hizkuntza politikan ezarritako irizpideekin parekatzeko prozedurak ere abiarazi dira.
Etengabe hobetzeko eta egokitzeko prozesu horren baitan, eskualde elebidunetan kokatuta dauden bulegoetako langileei prestakuntza berezia eman zaie hizkuntza politikaren gainean.
2015eko ekitaldiko beste lorpen bat, Euskal Kutxek eta Eusko Jaurlaritzak 2007an sinatutako lankidetza-hitzarmena berritzea izan da, euskararen normalizazioari buruzkoa. Hitzarmen horren bitartez, biztanleek dituzten hizkuntza eskubideak sustatzen laguntzeko oinarriak ezartzen dira, lankidetza mugatu eta egonkortzeko. Horri esker, oinarri horiek indarrean dagoen legediari jarraiki betetzen direla bermatzen da. Halaber, ahoz, idatziz nahiz bide telematikoak erabiliz bezeroei ematen zaien arreta euskaraz ere ematen dela bermatzeko konpromisoa ere jasotzen du.