Gizarte lana
Hizkuntza kudeaketa
Hizkuntzari dagokionez, Kutxabanken lehentasuna da bezeroei autonomia erkidego bakoitzean indarrean dagoen legearen araberako kalitatezko zerbitzua eskaintzea, eta, horretarako, bezeroek finantza erakundearekin haiek aukeratutako hizkuntzan komunikatu ahal izateko barne prozedurak egokitzen dihardu. Azken xedea da entitatea gai izatea hizkuntza ofizialetako bat erabiltzea bermatzea, bai bezeroekin, haiei ematen dieten arretan, bai administrazio, finantza eta merkataritza harremanetan.
Kutxabankek uste du hizkuntza bere zerbitzuaren hurbiltasuna eta kalitatea bermatzen dituen parametroetako bat dela. Horregatik, bi hizkuntza ofizial erabiltzen dituzten zonetan, hainbat arau jarri dira martxan biak erabili ahali izatea bermatzeko, eta, are gehiago, bezeroei arreta beraiek nahi duten hizkuntzan eskaini ahal izateko, beti ere tokiko hizkuntza errealitatea eta indarrean dagoen legeria beteaz.
Hori dela eta, sukurtsaletako seinaleetan, errotuluetan, publizitatean, inprimakietan eta iragarkien oholetan jartzen diren seinaleetako informazioan tokiko hizkuntzari ematen zaio lehentasuna, eta bi hizkuntza ofizialak erabiltzen dira haiek ulertzea bermatzeko. Horrez gain, bulegoetako gailu eta euskarri informatikoak pixkanaka egokitzen doaz entitatearen hizkuntza politika betetze aldera.
Etengabeko hobekuntza eta egokitze prozesuan zehar, eskualde elebidunetako bulegoen langileei hizkuntza gidalerroen inguruko jakinarazpen bereziak eman zaizkie.
Euskarari dagokionez, aurreko urteetan bezala, euskararen normalkuntzari buruzko lankidetza hitzarmenaren jarraipena egin da, zeina zenbait finantza entitateren eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatu zen 2014an, eta non Udalerrien Euskal Mankomunitateen Elkarteko (UEMA) hainbat udalerri sartu ziren 2016an. Hitzarmen horietan biztanleen hizkuntza eskubideak sustatzea errazteko oinarriak zehaztu ziren, lankidetza egonkor baten bitartez.
Kutxabankek Donostiako Udal Kontseilu Sektorialean hartu du parte, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ‘Gipuzkoa berdinago’ programan lagundu du, Soziolinguistika Klusterraren eskutik. Lan horri esker, euskara parte hartze publikoetan erabiltzea sustatzeko estrategiak landu dira.
2018ko berrikuntzetako bat Bankuak Euskaraldian parte hartu izana da, entitate sustatzaile gisa. Nagusiki, bezeroen eta langileen artean ekimena zabaltzeko kanpainak egitea izan da bere betekizuna, parte hartzea sustatze aldera. Ondorioz, Euskadi eta Nafarroako langile elebidunen herenak Kutxabankek emandako bideen bitartez hartu du parte.