Ingurumen jarduera

Atal honetan, Kutxabank eta Cajasurren ingurumen jarduerari buruzko informazioa jasotzen da, talde osoan ingurumen-eragin handiena duten sozietateak baitira. Izan ere, taldearen instalazioek eta bulegoek hartzen duten azalera osoaren %98,6a ordezkatzen dute. Hori hala izanik, eta ingurumenari buruzko gaiak hartzen ari diren garrantzia dela eta (batez ere klima-aldaketarekin lotutakoak), inpaktu handiagoa izan dezaketen taldeko gainontzeko enpresen informazio interesgarria barneratzeari ekingo zaio, bereziki, energia eta ur-kontsumoari buruzkoa. Igorritako informazioaren irismen zehatza taula bakoitzaren behealdean egiazta daiteke.

Kutxabank eta Cajasurrek konpromisoa hartzen dute ingurumenaren babesean, kutsaduraren prebentzioan eta ingurumenaren narriaduran jarrera aktibo bat garatzeko, indarrean dagoen legea betetzeaz harago. Ondorioz, bere jarduera burutzeko beharrezko energia kontsumoak eta materialak minimizatzen saiatzen da, eta horretarako, bere jarduerak eragindako hondakinak modu arduratsuan kudeatzen ditu.

2019ko otsailean onartutako Plan Estrategikoan, konpromiso horiek ingurumenaren kudeaketarekin lotutako helburu batzuetan hezurmamitzen dira, besteak beste, karbonoaren arrastoa murriztea eta energiaren kontsumo jasangarria nabarmenduz.

Bere ingurumen-arrisku nagusiak energiaren mendekotasunarekin eta karbonorik gabeko ekonomia batera iragateko beharrarekin lotuta daude. Hori dela eta, bere ereduak hiru jarduera-lerro ditu: isuriak modu jarraituan kalkulatzea; ahal den neurrian isuri horiek murriztea, ekoefizientzia hobetzeari eta energia modu zentzudunean erabiltzeari esker, eta atmosferako karbonoa atzematea bere jabetzako basoen bitartez, karbonoaren hobi gisa jarduten baitute. Ildo honetan, aipatu beharra dago, Kutxabankek Iberdrolarekin hitzarmen bat sinatu duela, 2020tik aurrera energia %100 berriztagarria kontsumitzeko. Hitzarmen hau, zalantzarik gabe, inflexio-puntu bat izango da Erakundearen energia-kudeaketan.

Bestalde, Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen XXV. Biltzarrean (COP25) hartutako konpromisoa nabarmendu behar da, aurrez aipatua, hau da, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuarekin bat egitea, Klimaren aldeko ekintza. Hitzarmen hau erronka bat da Kutxabank eta Cajasurrentzako, zeinak arlo honetan dituzten konpromisoak finkatuko dituen.

Kutxabank eta Cajasurreko arlo guztiak daude ingurumen-kudeaketan nahasiak, eta beraz, baita erronka horren lorpenean ere, baina batez ere, arlo teknikoa eta Zerbitzu Orokorren arloa gailentzen dira, ezartzen diren neurriak aztertzen eta balioztatzen baitituzte, ingurumenean duten inpaktua ere kontuan hartu ondoren. Ondorio horietarako, EGE Kudeaketako sailaren eta erakundeko arlo guztien artean harreman arin bat izango da; erakundearen funtzioek eragin handia izan dezakete ingurumen-kontuetan, bai zuzenean, bai zeharka.

Era honetan, erakundearen EGE Planean ingurumen-kudeaketari buruzko lerro estrategiko nagusiak biltzen dira, besteak beste, hauek nabarmentzen dira:

  • Energia-eraginkortasunerako neurrien ezarpena sustatzea.
  • Sortutako hondakinen murrizketa sustatzea.
  • Produktuak erostean eta zerbitzuak azpikontratatzean ingurumenaren aldagaia ezartzea.
  • Banku-bulego jasangarria izatea.

Fineco Taldeak, plan estrategikoaren parte gisa, ekimen eta konpromiso batzuk ezarri ditu 2020 urterako, besteak beste, honako hauek gailentzen dira euren ingurumen-eraginagatik:

Gizartearekiko arduratsuak diren finantza-produktuen ziurtagiria:

2020 urtean zehar, Gizartearekiko Arduratsua den Finantza-produktuaren ziurtagiria (UNE 165001:2012) pixkanaka zabaltzea proposatu da; AENORek erakundearen gamako inbertsio-produktu gehiagori igorri dion ziurtagiria da.

Langileen lekualdaketa kopurua murriztea:

2019 urtean zehar, erakundeak hainbat irtenbide teknologiko txertatu ditu, langileek barneko nahiz kanpoko bileretan urrutitik parte hartu ahal izateko. Bideokonferentzien teknologia horri esker, 2020 urtean langileen nahitaezkoak ez diren lekualdaketak nabarmen murriztea espero da eta, ondorioz, baita tokialdaketa horiek ingurumenean duten eragina ere, energiaren kontsumoari eta gas kutsagarrien isuriari dagokionez.

Papereko inprimaketak murriztea:

2020 urtean zehar, firma digitalaren irtenbide bat ezartzea aurreikusten da, zeinak paperean egindako inprimaketa gehienak alde batera uztea ahalbidetuko duen, esaterako, bezeroen alta-prozesuetan, bezeroen informazioa eguneratzean eta inbertsio-zerbitzuak eskaintzearekin lotutako eragiketetan egiten direnak. Halaber, merkataritza-sailean bezeroen artean gutuneria elektronikoa erabiltzea bultzatuko da, ahal den neurrian posta bidezko komunikazioak saihesteko helburuarekin.

Plastikoaren erabilera murriztea:

2020 urtean plastikoaren erabilera minimizatzeko konpromisoa dago, botilako uraren kontsumoa bezeroetara mugatuz eta barrurako, ur iragazizko iturrien eta kristalezko botilen erabilera sustatuz. Gainera, gaur egun dagoen ur-botilen hornitzailea beste batekin ordezkatzeko aukera ikertzen ari dira. Hornitzaile berriak plastiko birziklatuarekin egindako botilak soilik erabiltzen ditu eta bere dibidenduak gizarte-eragina duten proiektuak garatzera bideratzen ditu.

Aurrekoarekin loturik, erakunde gisa dituen ezaugarriak eta bere negozioaren izaera direla eta, Finecok ez du uste bere ingurumen-inpaktua esanguratsua denik. Hala ere, produktuak eta zerbitzuak hobetzeko ESG irizpideak ezartzea parte garrantzitsua dela uste du eta, gainera, etorkizunean ere ingurumenaren arloko bikaintasunerako urratsak ematen jarraitzeko konpromiso osoa erakusten du.

Bestalde, Kutxabank Gestión-ek zehaztutako jasangarritasun-politikak ingurumenari kalte egiten dioten materialen kontsumoari uzteko konpromisoa hartu du bere baitan. Ildo honetan, 2019 urtean, botilako ur naturala hartzeko plastikozko edalontziak edalontzi berrerabilgarriez ordezkatu dira.

Helburu hau lortu ondoren, 2020 urtean zehar, beste helburu batzuk bete nahi dira: erabiltzen diren produktu jasangarri (ekodiseinatuak) kopurua areagotzea, hala nola, papera, tonerra, FSC ziurtagiria duten altzariak etab.; erabilitako paperaren murrizketa sustatzea; hondakinak behar bezala bereiztea eta birziklatzea/balioztatzea eta hondakin esanguratsu mota oro murriztea.

Barnean sentsibilizazio-kanpainak egingo dira hondakinak modu egokian bereiztea sustatzeko, paperontzi erabilgarriez baliatuz eta horrela, horietatik eratorritako ingurumen-inpaktua minimizatuz.