Gizarte-jarduera

Hizkuntzaren kudeaketa

Hizkuntzari dagokionez, Kutxabanken lehentasuna bezeroei autonomia erkidego bakoitzean indarrean dagoen legediaren araberako kalitatea duen zerbitzu bat bermatzea da, beraz, bere barne prozedurak egokitzen ditu, bezeroak finantza-erakundearekin eurak aukeratutako hizkuntzan komunikatu ahal izateko. Azken helburua, erakundea hizkuntza koofizialen erabilera bermatzeko gai izatea da, bai bezeroekiko harremanetan, bai hauei ematen zaien arretan eta baita izaten dituen administrazio, finantza eta merkataritza-harremanetan ere.

Kutxabanken ustez, hizkuntza bere zerbitzuaren hurbiltasuna eta kalitatea bermatzen dituen parametroetako bat da. Horregatik, bi hizkuntza ofizial erabiltzen diren lekuetan, jarduketa-arau batzuk ezarri ditu bi hizkuntzen erabilera bermatzeko eta, batez ere, bezeroei zerbitzua eurak nahi duten hizkuntzan emateko, betiere, tokiko errealitate linguistikoaren eta indarrean dagoen legediaren arabera.

Hori dela eta, sukurtsaletako iragarki-tauletan ezartzen diren seinale, idazkun, iragarki, inprimaki eta informazioetan, lurralde bakoitzeko berezko hizkuntza lehenesten da eta bi hizkuntza ofizialak erabiltzen dira guztien ulermena bermatzeko. Halaber, bulegoetako aparatu eta euskarri informatikoak erakundeko hizkuntza-politikara egokitzen ari dira pixkanaka.

Etengabeko hobekuntza eta egokitzapen prozesu honen barruan, hizkuntza-politikei buruzko komunikatu bereziak eskaini zaizkie eskualde elebidunetan dauden bulegoetako pertsonei.

Euskarari dagokionez, aurreko urteetan bezala, euskararen normalizazioari buruzko lankidetza-hitzarmenen jarraipen bat egin da: alde batetik, finantza-erakundeek eta Eusko Jaurlaritzak 2014an izenpetua eta, bestetik, 2016an Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) udalekin sinatutakoa. Hitzarmen hauek biztanleen hizkuntza-eskubideen sustapena errazteko oinarriak ezartzen dituzte, lankidetza egonkor baten bitartez, esaterako, Eusko Jaurlaritzako Esparru Sozioekonomikoan euskara sustatzeko planaren aurretiko hausnarketan eta ondorengo diseinuan egindakoa.

Kutxabankek Donostiako Udalaren Arloko Kontseiluan parte hartzen du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko “Gipuzkoa berdinago” programan ere laguntzen du, soziolinguistikaren klusterrarekin batera, esku-hartze publikoetan euskararen erabilera bultzatzeko estrategiak sortuz.

Halaber, Euskaraldia 2020 ekimenaren aurkezpenean ere parte hartu du, sektoreko Lehen Erakunde izaerarekin. Lehen Erakunde gisa duen zeregina lan-arloan euskararen erabilera-espazioak identifikatzean eta indartzean oinarrituko da, baita bezeroen eta langileen artean aktibazio-kanpainak egitean ere, hizkuntzaren erabilera eta ekimenean parte hartzea sustatzeko helburuarekin.